Irakurleen txoko feminista eskainiko du Euskara Sailak
Irakurleen txoko feministak liburuek genero ikuspegiaz hitz egiteko ematen dituzten aukerak izango ditu erdigunean. Horrez gain, irakurleen txokoa eta antzerki tailerrak ere antolatu dituzte. Izena emateko azken eguna irailaren 30a [astelehena] izango da.
Bermeoko Udalak, irakurleen txokoak eta antzerki tailerrak antolatu ditu Euskara Sailaren bitartez. Gainera, berritasun legez, aurten irakurleen txoko feminista ere eskainiko dela iragarri dute. Tailerren helburua irakurzaletasuna eta antzerkizaletasuna bultzatzea da.
Irakurleen txoko feministak obra literarioek genero ikuspegiaz hitz egiteko eskaintzen dituen aukerak izan ditu oinarrian. Hala, liburuetan eraiki ohi den errealitateetan generoak duen tokia, eta genero-diskurtso hori nola eraikitzen den izango dituzte hausnarketa gai tailerrean izena ematen dutenek.
Txoko feministako saioak ordu bateko iraupena izango dute, eta hilabete bakoitzeko laugarren eguaztenean elkartuko dira. Aurreratu dutenez, besteak beste, amatasuna, genero indarkeraia, maskulinitate eta feminitate ereduak, eredu ez binarioak, espazio publiko vs pribatuak, gorputzak egiletasuna eta prostituzioa dira solasadien erdigunean izango dituzten kontzeptuak.
2011az geroztik martxan dagoen irakurleen txokoa, berriz, literaturan interesa duten pertsonen topaleku izango da, beste urte batez. Taldea hileko hirugarren eguenetan elkartuko da, udal liburutegiam 18:30etik 20:00etara.
Irakurlezaletasuna sustatzea.
Nagore Fernandez Zabala izango da bi txokoen dinamizatzailea, eta ikasturtean zehar 8 liburu irakurriko dituzte. Bi txokoen helburua helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzea, talde egonkorra lortzea dira, besteak beste.
Tailerrak doakoak diren arren, izena eman beharko da, udal liburutegian; interesa dutenek irailaren 30a [astelehena] izango dute horretarako azken eguna. Izena ematean gustukoen duten irakurleen txokoa zehaztu beharko den arren, lekua baldin badago —bakoitzak gehienez 15 leku izango ditu— bietan parte hartzeko aukera egongo dela iragarri dute.
Antzerki tailerrak.
Irakurleen txokoez gain, Euskara Sailak heldu zein gazteentzako antzerki tailerrak ere eskainiko ditu. Eneritz Artetxe Aranaz izango dute bi taldeek irakasle, eta irailaren 30a [astelehena] izango da Berhaz bulegoan izena emateko azken eguna.
Nagusiak astean behin elkartuko dira, Gizarte eta Kultura Etxean, kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari zabalkundea emateko helburuagaz. Komunikazio gaitasuna landu nahi eta antzerkigintzan interesa duten 17 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute; parte hartzaileek gorputz adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak landuko dituzte, besteak beste. Parte hartzaileek 115 euro ordaindu beharko dituzte.
Gazteentzako antzerki tailerra, berriz, 12 eta 16 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta beraien “garapen pertsonala askatasunean jorratzeko espazio bat aurkitzeko guneak” eskaintzea du helburu. Gazteak antzerkiaren mundura gerturatzeko asmoz, izena ematen dutenak antzerkiaren hainbat tresna landuko dituzte, hala nola, gorputz eta hots adierazpena, inprobisazioa, pertsonaien eraikuntza eta eszena ezberdinen egituraketa. Nagusiak bezala, hauek ere astean behin elkartuko dira Gizarte eta Kultura Etxean. 50 euroko prezioa izango du.