Inoizko parte hartzerik handiena edukiko du Salome Campos itsas zeharkaldiak
783 igerilarik parte hartuko dute 500, 1.500 eta 5.000 metroko zeharkaldietan. Lehiaketa "sendotuta eta finkatuta" dagoela adierazi dute sustatzaileek.
Eskualdeko igerilarientzako hitzordurik bereziena heltzear da: datorren zapatuan [irailak 7] Salome Campos itsas zeharkaldiaren testigu bihurtuko dira Bermeoko urak. Kirola, herrigintza eta aisialdia uztartzen dituen ekimenaren X. ekitaldia izango da aurtengoa, eta marka guztiak apurtuko ditu. Izan ere, orain arteko parte hartzerik oparoena edukiko du eskualdeko zeharkaldirik handienak: 783 igerilari uretaratuko dira Bermeoko kaian.
Urtero legez, hiru ibilbide edukiko ditu Salome Camposek: 500, 1.500 eta 5.000 metrokoak. Azken distantzia bi horien izen ematea “guztiz” bete dela aurreratu du antolakuntzan dabilen Aintzi Laburu Landeta Campos enpresako marketin zuzendariak. Argitu duenez, 350 igerilari ariko dira bietan ala bietan; 500 metroko zeharkaldian, ostera, 17 leku geratu dira soberan, baina kopuru horregaz ere, besteekin bezalaxe, “oso pozarren” agertu da. Hain zuzen ere, 500 metroko proba umeei zuzenduta dagoela azaldu du, eta 1.500 metrokoa, berriz, “herrikoia” dela. 5.000 metroko zeharkaldiari dagokionez, probarik “entzutetsuena” dela adierazi du.
Aurtengo parte hartzea, jendetsua ez ezik, “berezia” izango da: “Emakumezkoen izen emateak gora egin du, horrek duen esangura bereziagaz; izan ere, itsas zeharkaldiaren muinean eta jatorrian emakumezko igerilari, kirolariei eta itsasoko beharginei merezi duten plaza aintzatestea dago eta, horrenbestez, beraien parte hartzea sustatzea beharrezkoa da”. Berezitasuna, bestalde, ez da arte hartzera mugatuko: Salome Campos zeharkaldiaren X. aldiak Bermeoko jaietako lehendabiziko egunagaz bat egingo du. “Egun intentsoa” iragarri dute antolatzaileek.
500 metroko parte hartzaileak, gaztetxoenak, izango dira uretara murgiltzen lehenengoak, 11:00etan; euren ibilbidea portu eremura mugatuko da. 25 minutu beranduago ekingo diote lehiari 5.000 metroko zeharkaldiko partaideek. 11:45ean, aldiz, 1.500 metroko egingo dituztenak hasiko dira igerian. Parte hartzearen datu orokorrei erreparatuz gero, genero arrakala apalduko da: %39 emakumezkoak izango dira; %61, ordea, gizonezkoak. Fokua igerilarien adinean ipinita, %33,6k 45-54 urte bitartean edukiko dituzte; %17,2k, 25-44 arteko adina; %13,7k, 13-17 artekoa; %11,9k, 55-64 artekoa; %11,1ek 25-34 artekoa; %5,4k 18-24 artekoa; azkenik, %4,6 12 urtez azpikoa izango da.
61 izango dira hiru ibilbideetan parte hartuko duten bermeotar igerilariak
Parte hartzeari buruzkoak.
Urtero bezala, bermeotar igerilarien ordezkaritza zabala egongo da uretan: 61 lagun. 5.000 metroko zeharkaldian ez da bermeotar emakumezkorik egongo, eta gizonezkoak 15 izango dira; 1.500eko proban, 43 bermeotar ariko dira, horietako 21 emakumezkoak; 500 metrokokoan, berriz, hiru bermeotarretik bakarra izango da emakumezkoa. Jatorriari buruz galdetuta, Laburuk argitu du “hainbat eta hainbat txokotatik” bertaratuko direla parte hartzaileak: “Busturialdekoez edota inguruko eskualdeetakoez gain, besteren artean, Bizkaitik (%51,5), Zaragozatik (%11,9), Gipuzkoatik (%11,9), Arabatik (%8), Nafarroa Garaitik (%5,5) nahiz Errioxatik (%5,1) etorriko dira”.
Iazko gizonezko igerilaririk bizkorrena, Adnan Mustafic, irteeran egongo da; emakumezkoen garaile Lara Bikandi, ostera, ez
Horien artean, gainera, zenbait hautagai nabarmendu ditu antolakuntzak. 5.000 metroko lehian, proba sobera ezagutzen duen Adnan Mustafic ariko da. Mustafic zeharkaldiaren estreinako aldian egon zen, eta birritan poltsikoratu du garaipena, azkena iaz. Aurrez aurre edukiko ditu, besteak beste, Enaitz Goñi hernaniarra edota Mikel Iriondo ondarrutarra. Emakumezkoen artean, iazko garaile Lara Bikandi ez da irteeran egongo, baina bai, ostera, Garazi Muñoz barakaldoztarra zein Maria Lourdes Marquet donostiarra, “biak ala biak marka oso onak dituzten igerilariak”. Irabazleek, urtero bezala, sari berezi askoa edukiko dute helmugan: beren pisuaren baliokidea jasoko dute Campos etxeko hegaluze edo atun kontserbetan. 5.000 metroko porbaren garaileek, gainera, txapela ere eskuratuko dute; bigarren eta hirugarren sailkatuek atun sorta desberdinak jasoko dituzte.
Lagundu gura duen itsasontzirik balego, antolakuntzagaz posta elektroniko bidez hartu-emanean ipintzeko eskatu dute
Boluntarioei eskertza.
Campos kontserba etxeak antolatutako eta Bermeoko Udalak babestutako egitasmoa izan arren, antolatzaileek azpimarratu dute Salome Campos zeharkaldia “auzolanetik eta herrigintzatik” atontzen dela: “Gurutze Gorriak laguntza handia ematen du, baita eguna ganoraz joan dadin lanean gogor aritzen diren boluntarioek ere”. Nadia Nemeh Shomaly alkateak “eskerrik beroenak” eman dizkie horiei guztiei, eta bermeotar nahiz bisitariei “zapatuan Bermeoko portura hurreratzeko deialdia” luzatu die. Xabier Ortuzar Butron alkateorde eta kirol zinegotziak, era berean, gogoan eduki gura izan ditu udalerrian igeriketa ikastaroetara izena emandako guztiak, horietako zenbait zeharkaldian egongo direla azalduz. Amaitzeko, udal ordezkariek eta Laburuk azaldu dute, antolaketa beharretan lagundu nahi duen itsasontzirik balego, info@salomecampos.com posta elektronikora idatzi beharko luketela, eta edozein laguntza ondoetorria izango dela.