Gernika-Lumoko kirol instalazioen "egoera txarrari" buruzko kezka agertu du EH Bilduk
Gernika-Lumoko udal gobernuari ordezkarien gehiengoak adierazitako borondatea bete dezala proposatu zion EH Bilduk Udal Kirol Patronatuko Batzarrari, abuztuaren 22ko bilkuran; hau da, patronatuaren esku jartzea inbertsioen atalean aurreikusitako 400.000 euroak, «Urbietako zelaiaren egoerari eta kirol instalazioen premiazko beste behar batzuei erantzuteko».
Izan ere, Urbietako zelaiaren egoera «oso kaskarra» dela gogoratu dute: «Andra Mari eta San Roke jaien amaieran Gernika Futbol Taldearen aurkezpen partida bertan behera gelditu zen, eta orduan kirol arduradunak esan zuen euren mailako talde batek ere ez zuela Urbietako zelaian jokatzea onartu, belar artifizialeko soropilaren egoera zela eta». Horren aurrean, EH Bildu klubarekin harremanetan jarri, eta Gernika-Lumoko kirol instalazioen eta plangintzaren ardura duen udalaren Kirol Patronatuaren Batzarraren premiazko bilera egiteko eskatu zuen, «arazo zehatz horri lehenbailehen irtenbidea emateko eta horrelako egoerak saihesteko apirilean adostu zuena martxan jar dadila eskatzeko».
Aurrekontuak
Hain zuzen ere, EH Bildutik gogoratu dutenez, apirilean Udalaren Kirol Patronatuaren Batzordeak 2024rako Kirol Patronatuaren aurrekontuak gehiengo osoz onartu zituen. Alde batetik, EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJ-PNVren beste bostekin; bestetik, ordea, Guztiontzako Herriaren kontrako sei botorekin: «Aurrekontu horietan, gure herrian kirolerako premiazkoenak diren beharrak identifikatzeko Plan Estrategikoa garatzeko 20.000 euroko partida dago, baina, gainera, inbertsioen kapituluan 400.000 euroko igoera ere bai, Plan Estrategikoan identifikatutakoari erantzuteko eta kirol-instalazio hondatuen kontserbazioari, mantentzeari eta berritzeari ekiteko».
EH Bildutik adierazi dute Urbietako zelaiarena ez da «kasu soila», batik bat, herriko kirol-instalazioen «egoera txarra» orokorra baita: «Egoera hori udal gobernuaren epe motzeko ikuspegiaren eta zorroztasun faltaren beste ondorio bat baino ez da. Kudeaketa plangintzaren faltari gehitu behar zaizkio protagonismo grina eta gobernatzeko eredu pertsonalista, entzuten ez duena eta bere erakundeetan konfiantzarik ez duena. Kasu honetan kirol patronatuaz ari gara, baina arazoak udal arlo guztiak hartzen ditu». EH Bilduko ordezkariek azaldu dute Urbietaren egoera konpontzea «lehentasuna» dela eta, adostasunak bilatuz, lanean segitzeko dutela: «Lanean jarraituko dugu Urbietako arazoa lehenbailehen konponbidean jartzeko eta gure herriak behar dituen azpiegiturak bermatzeko, adostasunaren bidetik, beti».