Bizipista: txirrinduan modu seguruan aritzeko aukera
Gautegiz Arteagan kirolerako dagoen zaletasuna ikusita, beste kirol espazio bat zabaltzea aurreikusi eta hala egin dute udal arduradunek. Hala, modu seguru batean txirrindularitzaz gotzatzeko aukera eskaintzen duen zirkuitua eraiki dute.
Txirrindulariei bizikleta gainean modu seguruan aritzeko aukera emateko kirolgune natural berria dauka Gautegiz Arteagak: Bizipista.
Herrian kirolerako dagoen zaletasuna ikusita, beste kirol espazio bat zabaltzea aurreikusi eta hala egin dute udal arduradunek. “Busturialdean oso ohikoa da txirrinduan ibiltzea, eta gainera, gero eta jende gehiagok praktikatzen duen kirola da. Hala, askotan, beldurra ematen du umeak zein gazteak errepidean bizikletan ibiltzen ikusteak, auto, motor eta ibilgailuen joan-etorria arriskutsua izan daitekeelako eurentzat. Ondorioz, zirkuitu honek aukera ematen du modu seguru batean txirrindularitzaz gotzatzeko, autoen arriskutik aldenduta“, azaldu zuen joan den asteko inaugurazio ekitaldian Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak.
Hori azpimarratzeaz gain, zirkuitua egiten lagundu duten herritar guztiei bere esker ona erakutsi zien alkateak, eurak izan direlako benetan hori aurrera eroan dutenak: “Txarli, Xabier eta Eñauti eskerrik asko egin duzuen lanagatik, zuen denbora librean bertan egindako lanagatik”.
Zirkuituaren inaugurazio ekitaldian, gainera, Gartiape kirol kubak eta udalak antolatutako lasterketak egon ziren. Horrez gain, hamaiketako eder batez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutako guztiek.
Erabilera arauak.
Behin Bizipista inauguratuta, hori erabiltzea eta mantentzea “denen ardura” dela azpimarratu dute udal arduradunek, eta zenbait arau zehaztu dituzte.
Hala, bizikletekin bakarrik erabili ahalko da zirkuitua, eta norberaren ardura izango da instalazioaren erabilera egokia egitea: “Egokitu eta errespetatu abiadura zirkuituaren trazadurara eta zure mailara”. Txirrindulariek, gainera, sarrerako geziaren noranzkoan zirkulatu beharko dute, kaskoa nahitaez erabilita.
Belaun babesak, ukondoak eta bestelako babesak nahitaez erabili beharko dituzte 12 urtetik beherakoek, eta gainerakoei horiek erabiltzea gomendatu diete. 12 urtetik beherakoek, gainera, pertsona heldu baten laguntzagaz erabili beharko dute zirkuitua.
Ikusleak Bizipistatik kanpo egon beharko dute, eta debekatuta dago animaliak bertara sartzea. Udal arduradunek eskatu dute zirkuitua garbi edukitzeko, eta hori bermatzeko barruan jatea, edatea eta erretzea debekatu dute.