Izarra auzoko jaiak, urterik urte gorantza
Bermeoko Izarra auzoko jaiak amaitu berri diren honetan, antolatzaileek “balorazio positiboa” egin dute, eta “espero zutena gainditu” dela aipatu dute.
Joan den eguaztenean [abuztuak 28] eman zieten Bermeoko Izarra auzoko jaiei hasiera, eta balkoiaren aurrean jendetza bildu zela adierazi dute antolatzaileek. KIETBko konpartsakide den Ane Ferrerasek bota zuen txupina, eta haren taldekide Alain Ugalde izan zen pregoilaria. Harrera “oso ona” izan dute aurton jaiek. Auzoko jaien aurkezpenean, antolatzaileek azpimarratu zuten bezala, “haurrentzako eta beraien familientzako bideratutako jaiak dira”. Horrela izan da, izan ere, haurrez gainezka egon zen Izarra auzoa hiru egunetan zehar: “Ez genuen hainbeste jende espero, inondik inora ere”.
Euria ere ez zen oztopo izan jai herrikoiez gozatzeko. Hala ere, eguena [abuztuak 29] aipatu dute egun kaxkarrena bezala: “Euria egin zuen, eta aurreikusitako kalejira Eskola Publikoko patiora mugitu behar izan genuen, eta noski, ez zen jende askorik hurbildu”. Horrela ere, “asko disfrutatu” zuten beraien artean kalejiran, eta arratsalderako ateri zegoenez, gainontzeko ekintzez gozatzeko aukera izan zuen auzoak. Egitarau zabala antolatu zuten, eta horri esker, hurbildutako haur guztiek izan zituzten ekintzak egiteko eta disfrutatzeko. “Buru arinen tailerra, aurpegi margoketa, eta Motx pailazoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan da auzoan, besteak beste”, aipatu dute.
Motx pailazoaren parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek: “Bere hirugarren urtea izan da Izarrako jaietan. Haurrak berataz zeharo maiteminduta daude, eta nola ez, frontoiko plaza haurrez eta familiez bete zuen Motxek”. Horrez gain, aurpegi margoketa tailerrean ere bera izan omen zen protagonista: “Bera aritu zen aurpegi margoketan, eta haur guztiak aurpegia margoturik bukatu zuten arratsaldea”. Giro itzela izan zen auzoan hiru egunetan zehar, adierazi dutenez: “Familiak asko gozatzen dute, eta ekintzetan ere oso parte hartzaileak izan ohi dira”.
“Urterik urte gorantza doaz Izarrako jaiak”, amaitu dute antolatzaileek, eta hurrengo urteetara begira, horrela jarraitzeko asmoa dutela ere aipatu dute, “elkarlanean eta gozamenean” oinarritutako jaiak direla kontuan izanik.