Aranguena eta Martinez, bizkorrenak
Julen Aranguena eta Leire Martinez nagusitu dira Mendata Ezagutuz mendi maratoian. 350 mendizale inguru elkartu dira Mendatan, egitaraua osatu duten lau ibilbideez gozatzeko.
Ez dago Julen Aranguena eta Leire Martinez baino azkarragorik. Kortezubitarra eta santurtziarra merezimendu osoz gailendu ziren domekan [irailak 1] Mendata Ezagutuz mendi maratoian. Martinezek lasterketa ederto ezagutzen duen bertan irabazitakoa den Raffaella Ciavola gainditu zuen; ia bost ordu (04.59) behar izan zituen irabazleak, eta 05.11, berriz, bigarren sailkatuak. Aranguenak, ostera, 04.01.25ean gelditu zuen erlojua. Gizonezkoen podiumean lagun izan zituen Xabier Zabala (04.24.33) eta Oier Ispizua (04.31.28).
Antolatzaileak “oso asebeteta” agertu dira aurtengo ekitaldiagaz. 42 kilometro pasatxoko lasterketaz gain, izan ere, beste hiru ibilbide eduki ditu egitarauak, hurrenez hurren, 21, 37 eta 9 kilometrokoak. Mendizaleek ez dute, beste urte batez, kale egin: “350 lagun inguru bildu ziren domekan, kopuru oso polita da; beste urte batzuetan 500 laguneko langaren inguruan aritu izan gara, baina uste dugu aurtengoa dela ekimenaren jende kopuru naturala. Alde horretatik, Mendata Ezagutuz egonkortuta eta finkatuta dago”.
Kirol eta natura eskaintza “oparoa” izateaz gain, aurtengo aldiak asko eduki du herrigintzatik eta aisialditik: “Bertoko parajeez gozatu asmoz etorritako mendizale ugari egon dira aurten, eta pozarren igarri ditugu. Ibilbide ikusgarriak diseinatu ditugu, eta parte hartzaileek begi oso onez hartu dituztelakoan gaude. Busturialdeko edota Lea-Artibaiko martxalariez gain, hainbat eta hainbat tokitatik bertaratu dira aurten mendizaleak, besteak beste, Bizkaiko txoko ugaritatik, Valladolidetik edota Azore Uharteetatik”.
Emakumezkoen parte hartzea bultzatzen jarraitzea da hurrengo ekitaldietarako helburu nagusia, antolatzaileek argitu dutenaren arabera: “Mendi maratoian, esate baterako, 21 gizonezko eta emakumezko bi egon dira lehiatzen. Alde horretatik, emakumezko kirolariak erakartzeko lanean jarraituko dugu, horrelako distantzia luzean ogibide gaitzagoa dela jakitun garen arren”. Era berean, mendatarren parte hartzea ere nabarmendu dute: “Egitarauaren alderdi guztiak herritarren artean eta erabateko auzolanean antolatzen ditugu; horrenbestez, eskerrik beroenak eman gura dizkiegu lagundu duten guztiei”.