"Orain arte egindakoa berbaz islatzeko eta eskerrak emateko unea izango da"
Mende erdia ez da urtero betetzen, eta aurten Allende Salazar Herri Ikastetxearen 50. urtemuga hainbat ospakizunekin jantzi badute ere, maiatzean egindako «jaialdi mundiala» izan zen urteurren ospakizun nagusia. Ospakizuna herriarentzako izatea zuten helburu, «ez bakarrik Allendeko komunitatearentzako». Allende Gernika-Lumon «badela eragile bat» adierazi nahi izan dute 50.urteurrenean. Zentzu horretan, jai batzordeak Allendek egin duen esfortzu hori ikustea eta pregoilari izateko proposatzea begi onez ikusi dute, eta poztu egin dira, «ohorea da». Eskola komunitatearentzat «aukera bat» da, berriro ere herriari eskola publikoa erdigunean ipintzeko: «Eta 50 urtetan hemen gaudela eta hemen jarraituko dugula esateko».
Otsailean bertso artean piztu zituzten urteurren berezi horretako lehenengo kandelak. Apirilean, berriz, 100 lagun baino gehiago batu ziren mendi martxan, pausoz pauso, hamarkadaz hamarkada ikastetxeak egindako ibilbidea oroituz. Goi Zale Mendi Taldeagaz eta Berbalagunegaz elkarlanean osatu zuten irteera. Gero, hiru hitzordugaz jantzi zuten maiatza. Ia 700 ikasle eta irakasle ohi bildu ziren afaritan, maiatzaren 10ean, eskolan bertan. Bi egun beranduago, umeentzako gonbidatu kuttunekin ospatu zuten urtemuga berezia; Porrotxek eta Marimototsek eskainitako ikuskizunagaz gozatu zuten 1.100 bat herritarrek, Jai Alai frontoian. Maiatzaren 18an, ostera, egun guztiko egitarauari helduta, ospakizunik jendetsuena bete zuten.
Hala, oraingoan, ezustean etorri zaie urtemugaren oparia, aitortza. Pregoilari izatea «ez zuten espero». Nahia Idoiaga Guraso Elkarteko presidenteak, Aritz Zearra zuzendariak eta Borja Agirre ikasketa buruak esan bezala, urteurren ekitaldien «amaiera bikaina» izango da, euren helburua «borobilduko» duena: «Uda hasieran komentatu ziguten jai batzordetik gure hautagaitza proposatu ahalko zela, eta poztasunez hartu genuen. Baina, kanpotik etorri den zerbait denez, ez genuen imajinatzen. Ikasturtean zehar 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin ditugu. Gure helburua izan da Allende Gernika erdigunean kokatzea, herrira zabaltzea. Ez genuen espero, eta maiatzean egin zen jaialdi erraldoiagaz borobildu nahi genuen urteurrena, eta hau urteurren ekitaldien amaiera bikaina izango da. Allendeko komunitatea Gernika erdian kokatu eta ikusgaitasuna ematea izan dira helburuak. Gernikako zutabe moduan ikusten gara, hainbat eta hainbat familia, ikasle, langile… pasatu direlako hemendik 50 urtetan, eta horrek pozten gaitu. Gure helburua borobiltzea suposatzen du; Allende eskola dagoen lekutik Gernika erdigunera ateratzea. Bost hamarkada daramatzagu Gernika-Lumoko eskola publiko handia eta indartsua izaten, Gernikako aniztasunaren ispilu da, eta Gernikako familia, ume gehienak biltzen ditu. Gernikan zutabe bat izan den eta baden erakunde publiko batek pregoia botatzea oso pozgarria da».
Maiatzeko jaialdia bozgorailu handia izan zen eskola komunitatearentzat, eta abuztuaren 14an ere jendetza edukiko dute aurrean, euren berbak adi-adi entzuten. Pregoian aldarrikapen mezuak zabaldu eta esker ona adieraziko diete gernika-lumotarrei. Orain arte ikasturtean zehar azpimarratu dituzten «bizpahiru ideiei indarra» eman nahi diete, eta «argi» utziko dute «publikoaren garaia» dela. Gernika-Lumoko eskola publikoak 800 ikasle dituela azpimarratu dute: «Eta horri begirada berezi bat zor zaiola, zor diogula uste dugu, eta hori aldarrikatzeko momentu polita izango da. Gernikako aniztasunari eta eremu guztiari erantzun inklusiboa emateko momentua da, eta hori ere aldarrikatuko dugu. Ematen diguten tarte horretan orain arte egindakoa berbaz islatzea da asmoa, baita herriari esker ona adieraztea ere. Jaialdira eta bestelako ospakizunetara hurbildutakoei eskerrak eman, eta horiek egiten lagundu diguten guztiei eskertzeko aukera izango da. Allendeko errealitatea islatzeko ere izango da, eta Allendeko ehunka eta milaka familiak eta ikasleek euren boza hartzea. 50 urte egin ditugu, orain arte ispilu izan gara, eta izaten jarraitzen nahi dugu. Eta eragile izaten jarraitu nahi dugu, zutabe izaten jarraitu nahi dugu. Eta hori ere aldarrikatuko dugu».
Egindako bidea gogoratu, eta etorkizunera begira ere jarriko dira: «Iraganagatik gaude 50. urteurreneko txupina botatzen, baina etorkizunagatik ere bai. Hor jartzen dugun ilusioa. Umeak hezten, umeak balioetan oinarritzen… herriari egin ahal diogun onura horri begira egongo gara beti ere».
Izaera herrikoia, publikoa eta irekia duen hezkuntza proiektua errotuta dago Gernika-Lumon, eta 50 urtez eutsi diote hain garrantzitsuak eta bereziak diren balore horiei. «Eskola herriko aniztasunaren ispilu gardena izan da, belaunaldiz belaunaldi. Ikasleak justiziaren, berdintasunaren eta euskaltzaletasunaren baloreak oinarri hartuta hazi dira; zutabe horiekiko konpromisoak eta ardurak bere horretan diraute oraindik ere. Gure kulturan, inklusioan eta kohesioan sustraitutako gizarte bat eraikitzea da eskola komunitateak duen helburu nagusia». Danona lelopean kandelei putz eginez bete ditu Allendek 50 urte, eta aurrerantzen ere denena izateko irribarretsu jarraituko du ikasten eta irakasten. l