"Mendi taldeak aitortza hau jasotzeak asko pozten gaitu"
Mendia, euskara, lagunartea... Hori da Goi Zale Mendi Taldea. Urtean zehar hamaika jarduera egiten dituzte, herritarrei, herrira zabalduta, eta pregoilari izateagatik «pozarren» daude taldekideak.
Goi Zale Mendi Taldeak bost hamarkadatik gora daramatza errotuta udalerrian, urtero-urtero hainbat jarduera egiten. Pregoilari izatea egungo jarduerari eta ibilbideari aitortza egitea dela deritze taldekideek. «Goi Zalerentzat gauza handia da. Uste dugu mendi taldearenganako aitortza bat dela, eta asko pozten gaitu aitortza hori jasotzeak. 50. urteurrenean Astran egindako jaialdiak herrian oihartzuna izan zuen, Gernikako jendea bertara hurbiltzeko zabalkunde handia egin genuen, eta udalak ere horren berri izan zuen, bertara gonbidatu genuen eta. Suposatzen dugu bertan ikusitakoa gustatuko zitzaiela, belaunaldi desberdinetako jende asko bildu zen eta. 50. urteurrena data inportantea da. Azkenengo urteetan gainbehera batzuk izan ditugu elkartean, belaunaldi aldaketarik ez dagoelako, eta arazotxo batzuk ere egon direlako, baina aurrera egiteko asmoa dago. Horren aldeko apustua egin dugu».
Pregoilari izatea ez zuten espero, eta «poztasun handiz» hartu dute. Egun direnak eta sorreratik gaur egunera izan direnak gogoan dituzte, eta abuztuaren 14an ere horrela izatea gura dute. «Batez ere sorreratik egon diren hainbat eta hainbat pertsonekin akordatu gara, eta gure asmoa da, gaur egun gaudenokin batera, lehenago egondakoak ere pregoilari izatea, presente edukitzea. Batzuek beste modu batera bada ere, taldean segitzen dute; gaur egun mendira igo ezin badira ere, honen guzti honen parte dira, eta eurengatik gaude gu hemen». Belaunaldiz belaunaldi, jende asko eta asko pasatu da Goi Zaletik: «Batzuk presenteago dauzkagu zuzendaritzan egon direlako edo zuzendaritzan egon gabe ere, oso aktibo egon direlako Goi Zalen, baina, badira beste asko eta asko, beste modu batera ere presente egon direnak». Izan ere, ez da zertan jarduera guztietan parte hartu behar, ezta bazkide izan ere, deialdi zabalak egiten dituztelako. Beraz, pregoian «denen izenean hitz egingo» dute.
1973an sortu zuten Goi Zale Mendi Taldea, baina aurretik ere hainbat talde izan ziren, egungo taldearen «haziak edo ernamuinak», eta horietan ibilitako batzuk aritu ziren Goi-Zaleren sorreran. «Hasiera-hasieratik» emakumeek presentzia oso garrantzitsua izan dute taldean. Mendia, euskara, lagunartea… hori da Goi Zale, eta pregoiaren mezua edo menua ere osagai horiekin prestatuko dute: «Horiek kontuan edukiko ditugu, eta batez ere, lagunartea; lagun piloa egin ditugu hemen. Mendiaren aitzakiarekin lagunarteko bat da Goi Zale, euskara oso presente daukana. Gaudenok ez gara kuadrilla berekoak, eta belaunaldi desberdinen arteko harremana berez etorri den zerbait da». Hala ere, errelebo falta da euren kezka nagusietakoa; txanda edo belaunaldi aldaketa hori etorriko ote den edo zelan etorriko den ez daukate argi. «Gazteenok 50 urte bueltan gaude. Uste dugu mendian ohiturak aldatu direla, eta oso orokorra dela elkarte askotan. Gazteagoak beste modu batera moldatzen eta mugitzen dira. Hemen taldean joateak dauka garrantzia, eta taldera moldatu behar da. Ordutegi bat daukagu, jatorduak elkarrekin egiten ditugu… hori da talde funtzionamendua». Taldean ibiltzearen abantailak azpimarratu dituzte. «Aberasgarria» da: «Abantaila handiak ditu, adibidez, autobusez joaten garenez, lekua batean hasi eta amaierako lekuan autobusak itxaroten gaitu. Norbere ibilgailuan joanez gero, hori ezinezkoa da, ibilbide zirkularra egin behar da. Taldean mugitzea eta lagunak egitea aberasgarria da». Asteburuko irteerak «oso politak» izaten dira, eta azken urteetan umeekin joateko txangoak eta asteburuko irteerak antolatzen dabiltza, «pixka bat moldatzeko, eta guraso direnak ere erakartzeko». Herrira zabaldutako jarduerak dira: «Eta pentsatu nahi dugu herriak badaukala Goi Zaleren berri, taldea ezaguna dela. Alde batetik edo bestetik, jende askok eduki du eta dauka harremana taldeagaz».
Urteko egutegia osatzen dute, eta askotariko jarduerak eta irteerak egiten dituzte. Han eta hemen ibiltzen dira, pausoz pauso eta eskuz esku. Hilean behin irteera bat antolatzen dute, eta urtean behin, Alemaniako eta Italiako mendi talde banagaz elkartzen dira. «2005ean egin zen Bakearen Bidea, Pforzheimetik Gernikara. Horretan, ibilbide osoa egin zuenetako bat izan zen Fernando Artetxe Goi Zaleko kidea». Ordutik, urtero biltzen dira Pforzheimeko eta Vicenzako taldeetakoekin, astebeteko egonaldian. «Txandaka egiten da, Alemanian, Italian eta Euskal Herrian edo Espainian. Iaz Izaban egon ginen, eta aurten Apeninoetan. Jarduera polita da». Taldekideek esan bezala, «nahikoa arrakastagaz» egiten den jarduera da, eta datorren urtean 20.urtemuga ospatuko dute. «Horrek erakusten du Goi Zale ez dela tokikoa bakarrik, Europa mailan ere bere arrastoa uzten duen taldea da». Bi talde horien aldean, «txikia» da, horiek aurrekontu handiagoak eta bazkide gehiago dituzte, Gernika-Lumogaz konparatuta, herriak ere «oso handiak» baitira: «Eta gu gure txikitasunean hor gaude, eta uste dugu jarduera horretan nahikoa zentralitate hartzen dugula».
Urtean zehar egiten dituzten irteeretarako deialdi zabalak luzatzen dituzte, «herriarentzako jarduerak» egiten dituzte eta edozein da «ondo etorria». Ez da klub itxia, eta hurbiltzen direnak «pozez hartzen» dituzte: «Guretzat altxorra da etortzen den pertsona bakoitza». Gernika-Lumoko mendi taldea bada ere, inguruko herrietakoak dira asko, eta badira eskualdetik kanpokoak diren bazkideak ere. Gaur egun, 250 bazkide inguru dira taldean, eta 180 bat federatu. Hain zuzen ere, mendi taldearen bitartez federatzeko aukera ematen dute: «Federatzeko mendi talde baten bitartez egin behar da, eta zerbitzu hori asko erabiltzen du jendeak». Gainera, materialen eta bibliografien–liburuak, mapak…– mailegua ere eskaitzen dute. Bestalde, urtero topaketak antolatzen dituzte, azaro bueltan. Mendiagaz zerikusia daukaten gaiei buruzko hitzaldiak, dokumentalak etab. eskaintzen dituzte.
Edozein elkarlan edota proposamen begi onez hartzen dute. Esate baterako, ikastetxeekin lankidetzan aritzen dira: Iluntzarrera joaten dira Gabonetan, jaiotza ipintzera, eta otsail-martxoan txitxiburduntzia antolatzen dute. «Ikastetxe guztiei deialdia egiten diegu, eta eguraldia lagun dugunean, oso arrakastatsuak izaten dira. Abixadan antolatzen ere parte hartzen genuen». Besteak beste, Urmugaren Urtanta ekitaldiagaz bat egin zuten uztailaren 25ean. Bermeoko Sollube 707 eta Busturiko Mape taldeekin elkarlanean aritu ziren hiru ibilbideen artean Busturialdekoa prestatzen.
Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietan herrigunean mendi jardueraren bat egitea ez da erraza. San Lorentzo jaietan Lurgorriko Jai Batzordeak antolatzen du, eta horrelako egitasmoen garrantzia azpimarratu dute udalerriko mendi taldekoek: «Mimo handiz egiten den mendi irteera da, parte hartze handia edukitzen du, umeak ere egoten dira… Eskualdeko herri txiki askotan antolatzen dituzte jaien egitarauaren barruan, eta gauza polita da, jaiak hori ere badira. Ostean sortzen den giroa ere polita izaten da. Mantentzeko moduko ohitura da».