Aniztasuna oinarrian
Txosnak jende esperoan daude. Txosnagunea aniztasunetik eraiki dute, eta anitza izango den topagunea bilakatu gura dute. Aurten ez da Txosna Egunik izango, baina herritarrei parte hartzeko deia egin diete, horien presentzia indartzeko.
Zaila da San Roke eta Andra Mari jaiak Pasealekuan kokatuta egoten diren txosnarik gabe imajinatzea, ohikoa baita lagunekin horietan tragoak hartu, kontzertuak ikusi eta bertako jai giroaz gozatzea. Gernika-Lumoko Txosna Batzordeak urte luzeko borroka bati eutsita lortu zuen txosnak udalerriko erdigunera ekartzea, eta aurten ere gernika-lumotarren topagune izango dira abuztuaren 14tik 18ra bitartean.
Gernikako Txosna Batzordeak «gazteria elkartzeko» proposamen berri bati ekin zion iazko jaietan, lehenengo aldiz egun guztiko egitaraua aurkeztuz. Lehen proba hori “positiboki” baloratu zuten arren, aurten, “zoritxarrez”, ezin izango diote jarraipena eman: “Jaiek egun bat gutxiago izango dute, bai Lurgorriko jaiak direlako, bai Bilboko Aste Nagusiagatik, eta ez dago egun hori egokitzeko tartetik”. Hala ere, datorren urtean Txosna Eguna berreskuratzea gustatuko litzaiekela aurreratu dute. Datorren urtekoa gainera «berezia» izango litzatekeela azpimarratu dute, txosna batzordeak 30 urte beteko baititu.
Hala ere, batzordeak bere ekarpena egingo dio jaietako egitarauari, San Roke egunerako elektrotxaranga antolatu baitute: “Tabernetatik ibilbidea egingo da, horiei txosnaguneko partaidetza emateko”. Ibilbide hori txosnagunean bertan bukatuko dela azaldu dute, bertako egitarauari hasiera emateko.
Hilabete askotako lana.
Inauteriak atzean uzteagaz batera, San Roke eta Andra Mari jaiei begira lanean hasten da txosna batzordea. Eragile ezberdinak elkartu eta helburu amankomun bategaz ekiten diote lanari: “Ahalik eta jai onenak antolatzea”. Azaldu dutenez, aurreikuspen gehien eskatzen dutenak kontzertuak izaten dira: “Denbora askoko tarteagaz zarratu behar izaten dira, bestela ez dago kontzertu onik jaietarako”. Horiek lortzeko, baina, aurrekontuak begiratu behar izaten dituzte, zailtasunak eragin ditzaketelako: “Badakigu udalak aurrekontu eskasa duela txosnetan egiten den egitaraurako; guk horregaz ahal duguna egiten dugu, eta abuztura arte lanean egoten gara”, azaldu dute. Egindako lana bost egun horietan “islatuta” geratzea nahi dute txosna batzordeko kideek: “Aurretik lan asko dago, eta jendeak hori baloratu eta parte hartzea nahi dugu”.
Txosna batzordea “gero eta anitzagoa” bihurtzen ari dela azpimarratu dute, udalerriko “iritzi ezberdineko” eragileak bat egiten doazela, alegia. Aurten «pare bat» eragile berri gehitu dira, eta kopuru horrek goranzko joera mantentzea gustatuko litzaieke: “Eragileei dei egiten diegu parte hartzera eta horrelako egunak antolatzeko prestutasuna izatera”.
Era berean, eragile guztiak bat datoz Pasealekuan lortu nahi duten giroagaz: txosnagunean giro “segurua, erosoa eta zabala” izatea gura dute. Horretarako, Itaia, Enbata eta Gernikako Sare Feministagaz eraso matxisten aurkako protokoloa landu dute.
Gazteei deia.
Txosna batzordea osatzen duten eragile ezberdinek gazteak txosnagunera hurbiltzeko asmoagaz lan egiten dute, eta beste urte batez, horiei «parte hartzeko deia» egin diete: “Txosnetan txandak egitera zein antolatzen den edozein ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu gazteak; bai txosnetan boluntario legez txandak egitera, propaganda egitera… ez du ardura”.
Gazteek txosna batzordearekiko duten “inplikazioa sustatu” nahi dute, eta horiek txosnetan duten partaidetza gauera mugatu beharrean, jolasetan eta eguneko egitarauetan ere ikustea. Horregatik, interesa dutenei beraiekin harremanetan jartzeko deia egin diete, bai Instagram bidez (@gernikekotxosnak), bai idatziz.
San Roketxu egunari begira, Gernikako Txosna Batzordetik iaz hasitako bideari jarraipena eman eta mozorrotzeko gai bat proposatzea erabaki dute. Iaz, Pasealekua marrazki bizidunez betetzea izan zuten helburu batzordekideek; aurten, berriz, Urdaibaiko fauna eta flora da herritarrei aurkeztu dieten mozorrotzeko gaia.
Txosna batzordetik adierazi dutenez, “pil-pilean” dagoen gaia dela iruditzen zaielako aukeratu dute, «besteak beste Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan gertatzen ari den guztiagatik». Kartelean ikusten da biosfera erreserban “espezie ezberdin asko” daudela, baita Busturialdean “hori baimentzen duen fauna” dagoela ere. Hala ere, antolatzaileek esan dute gaia “bakoitzaren interpretaziora” zabaldu nahi izan dutela.