Berritasunak eta betiko ekintzak elkartuz
Aurten egun bat gehiago izango dute Lurgorriko jaiek: abuztuaren 9an hasi eta 11n amaituko dira. Domekako bertso saioaren ostean herriko taldeen kontzertuak egongo dira.
Jai gogoz eta gosez daude Lurgorriko auzotarrak, eta jaiak ondo asetuta amaituko dituzte aurtengoan ere. Berritasun eta aldaketa ugarirekin datoz jai batzordeko kideak, eta horietatik batek eragin nabarmena izango du jaietan: aurten egun bat gehiago izango dute. Normalean abuztuaren 10ean eta 11n izan ohi diren arren, aurten abuztuaren 9an hasiko dituzte jaiak.
Hala, txupinazoagaz eta pintxo poteagaz emango diete hasiera. Barikua lagun artean pasa ostean, jaietako egun handia helduko da: zapatua. Mendi martxagaz hasiko dute eguna; normalean 11n egiten duten arren, antolatzaileek uste dute domeka izaten denez, jende gutxiago joateko arriskua dagoela. Hori horrela, 09:30ean hasiko dute mendi martxa zapatuan.
Tortilla eta gilda txapelketen zain egoten dira auzotar asko, eta 12:00etan edukiko dute horretarako hitzordua. Iaz 110 tortillatik gora aurkeztu ziren —ordura arteko parte hartze handiena—, eta aurten ere, hala izatea espero dute. Gainera, sari berri bat emango dute: “Kuadrilla garbienari emango diogu saria. Lurrean zikinkeria, olioa… geratzen dira, eta pentsatu dugu garbi mantentzeko eta jendea garbia izatera animatzeko modu polita dela”.
Hori horrela, Elai Alai taldearen emanaldiaren ostean aurkeztu beharko dituzte euren jakiak, eta 15:15 inguruan jakinaraziko dituzte irabazleak. Ostean, “urteroko ekintzek” hartuko dute protagonismoa, “ondo” funtzionatzen baitute.
Jaia, luzeagoa.
San Lorentzotxu Egunean ere, hainbat izango dira aldaketak, baina bi izango dira nabarmenenak: herri bazkariaren osteko bertso saioa eta mariatxiak, eta gaueko bertsolarien osteko kontzertuak. Izan ere, zalantzarik barik, musika gauagaz eta tortilla txapelketagaz batera, 14:30ean egingo duten herri bazkariak elkartzen du jende gehien; aurten ere, 150 lagunetik gora izatea espero dute. Hori horrela, paella jan ostean ez dute aspertzeko astirik edukiko: Lopategiren bertso eskolak eta Azteca mariatxi taldeek girotuko dute unea.
Arratsaldean, beste hainbat ekintzaren ostean, Gotx Elektrotxaranga ibiliko da kaleetan: “Iaz ezin izan genuen elektrotxarangarik ekarri, eta aurten Gotx etorriko da”. Musika eta dantzagaz jarraituz, 19:00etan salsa mugikorra eskainiko dute Valle la yuma akademiako kideek, eta ostean, irrintzi poteoa eta lehiaketa egongo dira.
21:30ean, berriz, ia tradizio bihurtu den bertso saioa egongo da, eta ostean, herriko gazteek hartuko dute protagonismoa. Eurei ere tokia egin, eta jaia luzatze aldera, Apokhalipsis eta Erreten taldeek kontzertuak eskainiko dituzte; lehenengoek, bertsioak joko dituzte, eta bigarrenak, ostera, rock estiloko abestiak joko dituzte. Hala, herriko taldeen musikagaz amaituko dituzte jaiak auzotarrek.
Erasoen aurkako protokoloa.
Iazko antzera, aurtengoan ere erasoen aurkako protokoloa egongo da martxan Lurgorriko jaietan. Hori horrela, Gernika-Lumoko Udalaren eskutik, bi gizarte hezitzaile egongo dira lanean Gernikako jaietan, eta Lurgorriko jaietan hala izango da.
Era berean, udalerriko emakume taldeek euren protokoloa martxan izango dute San Lorentzo jaietan. Brigada moduan egongo dira bertan, zerbait gertatuko balitz asistentzia eskaintzeko: “Eraso matxista, transfobo edo beste edozein motatakoei erantzuteko egongo dira sare feministako kideak”.
Aniztasuna kontzertuetan.
Musika Gaua da Lurgorriko jaietan jende gehien elkartzen den unea, eta aurtengoan ere hala izango dela ziurtatu dezakete jai batzordeko kideek. Ibilbide luzea duten bi talde igoko dira oholtzara, euren lanak plazaratzera. The Uski’s-en rock surf doinuek eta Esne Beltzaren trikiti soinu berezi horiek beteko dituzte kaleak.
Eskualdeko taldea arduratuko da Musika Gauari hasiera emateaz. Euren azken albuma, The Uski’s, 2015ean argitaratu bazuten ere, kontzertuak ematen dabiltza han-hemenka. Azken albumeko abestiez gain, euren musika ibilbideko rock surf estiloko abesti klasikoekin zipriztinduko dituzte ikus-entzuleak.
Jarraian, gelditzeko astirik barik, Euskal Herriko beste izen handiko talde batek hartuko du oholtza. Japoniatik heldu berri, Esne Beltzak Esne Bidea euren azken diskoko doinuak eroango ditu Lurgorrira, Xabier Solano Maizaren gidaritzapean. Euren azken biraren barruan emango dute kontzertua, izan ere, Esne Beltzak bere ibilbidea amaituko du 2025ean.
Kontzertuak amaitu arren, musikak ez du etenik izango. Esne Beltzaren erreleboa Zirkinik Bez erromeriak hartuko du, eta ostean, DJ Elepuntoren txanda izango da.
EGITARAUA
Abuztuak 9, barikua
20:00. Txupinazoa eta pintxo poteoa, auzotik.
Abuztuak 10, zapatua, San Lorentzo Eguna
09:30. Lagun arteko mendi martxa.
Ostean. Luntxa.
12:00. Meza Nagusia.
Ostean. Kopaua.
12:00. Tortilla eta gilda txapelketa. Izen ematea 12:00ak arte.
13:00. Erregelak eta dantzak, Elai Alai taldearen eskutik.
13:45. Tortilla eta gilden aurkezpena.
15:15. Tortilla eta Gilda txapelketen sari banaketa.
17:00. Gazta jolasa, pisua igarri txosnan. Aldi berean, garbantzu jolasa, kopurua igarri, txosnan.
17:00. Zurezku egurrezko
jolasak.
19:00. Samasku fanfarrea, auzoa girotzen.
19:30. Buruhandiak eta
txokolatada.
22:00. Musika gaua: The Uski’s eta Esne Beltza.
Ostean. Zirkinik bez erromeria.
Amaitzeko. DJ Elepunto.
Abuztuak 11, domeka, San Lorentzotxu Eguna
12:30. Meza Nagusia, Lurgorriko baselizan.
14:30. Herri bazkaria, Lopategiren bertso eskolak alaituta.
16:00. XIV. Mus arin txapelketa. Izen ematea 15:30ak arte, txosnan, 20 euro.
16:30. Pernilla jolasa, altuera igarri, txosnan.
17:00. Mariatxiak: Azteca taldea.
17:00. Apar jaia eta puzgarriak, parkean, Urdaibai eskolaren eskutik.
17:30. Gotx elektrotxaranga, auzoan zehar.
18:00. Piratak Herri Kirol Klubaren eskutik, herri kirol erakustaldia. Parte hartzeko aukera egongo da.
19:00. Valle la yuma akademiaren eskutik, salsa mugikorra.
20:00. Berbalagunen eskutik, irrintzi poteoa eta lehiaketa.
21:30. Bertso saioa: Onintza Enbeita, Aitor Etxebarriazarraga, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.
Ondoren. Kontzertuak: Apokhalipsis eta Erreten.