Jaietako eraso sexisten aurkako protokoloan parte hartzeko deia zabaldu da
Atzo [uztailak 30], Astran, jaietarako eraso sexisten kontrako protokoloaren berritasunak azaltzeko asanblada jorratu zen, eta bide batez, herriko jaietan egongo diren emakumeen artean laguntza eta partaidetza deia ere zabaldu zen.
Oraindik borroka honekin jarraitzea beharrezkoa den honetan, asanbladara gerturatu ziren kideek jaietarako protokolo bereziaren berri eman zuten, erasotzaileen kontra antolatzea, erasoak borrokatzea eta leku seguruak sortzea helburu nagusitzat izanik. Izan ere, ez dute herrian erasotzailerik nahi, eta horretarako ezinbestekoa da antolaketa bat. Kanpoko jendeari ere egin nahi izan diete deia horretarako: “Garrantzitsua da antolatzea, eta gaur etorri zareten jende berriari, zein herritar orori hori transmititzea”.
Aurreko urteko protokoloaren antzekotasunak alde batera utziz, desberdintasunak argi azpimarratu zituzten Astran: “Joan den urtean puntu bat zegoen, aurton ez da egongo, eta horren ordez brigadak egongo dira. Igaz 6 lagun geunden gauero, aurton, ordea, 4. Horretariko bi emakumea artatzeko eta beste biak erasotzailea kanporatzeko”. “Txaleko arrosa” eramango dute aurten brigadakoek, eta horrez gain, WhatsApp talde bat ere sortuko dute. Esan bezala, jaietan egongo diren eta lagundu nahi duten emakumeak sartu ahal izango dira taldean. “Egunka nahi dugu antolatu WhatsApp taldea. Gaudenok serio egon behar gara, beraz hor ere txandaka antolatu nahi dugu. Egun bakoitzeko azpitaldeak egongo dira, eta horietako bakoitzean arduradunek erasorik egonez gero informatuko dute nola jokatu”, azaldu dute.
Animatzeko deia.
Brigadak gaueko 21:00etatik goizeko 06:00rak arte egongo dira martxan jaietan zehar (Lurgorriko jaietan ere bai). Telefonoa berriz, 24 orduz ahalbidetuko dute. “Animatzen zaituztegu brigadetan parte hartzera. Ulertzen dugu gaba guztiko txanda egitea kasu batzuetan asko izan litzatekela, orduan, 21:00etatik 00:00etara bitarteko txandetan parte hartzera animatzen zaituztegu”, zabaldu dute hizlariek. Alegia, WhatsApp taldean ere “serioki lan egiteko prest dagoen edonor” sartu daiteke, eta asanblada ireki horren muinarekin lotu dute hori: “Herriko jende asko indarkeria matxistaren aurka antolatzeak poztasuna ematen digu. Horretarako gaude hemen, berriak sartzera animatzeko, eta era berean, bakoitzak ingurukoen artean mezua zabaltzearen konpromisua eskatzeko”.
Horrez gain, erasoren bat egonez gero, hurrengo egunean pasilekuko eskaileretan bilduko direla adierazi dute, “kontzentrazio bat egiteko” eta “erasoa salatzeko”. Hizketarekin bukatu eta kartelak egiteari ekin zioten. Ahalbidetuko duten telefono zenbakia argi eta garbi ikusten diren kartelak, zein protokoloa azaltzen duten kartelak, alegia.