Enrike Zubiaren sustraiak eta jatorria islatzen dituen erakusketa
Abuztuaren 4ra [domeka] arte egongo da Bermeotar artistaren erakusketa Mundakako Kultur Etxean ikusgai.
Enrike Zubia Bermeon jaiotako artista izanik, hainbat dira jada Busturialdean (besteak beste) egin dituen erakusketak. Kasu honetan, Mundakako Kultur Etxean du ikusgai azkena. Lehen solairuan kokatzen da Zubiaren erakusketa hau, eta astelehenetik zapatura bitartean 18:30etatik 21:00tara dohanik bisitatzeko aukera dago. Domekan ordea, goizez, 12:30etatik 14:30etara bitartean.
Bere “sustraiak eta jatorria” dira Zubiaren inspirazio iturri. Horregatik bere lan askotan lurra eta ura nabarmentzen dira. Bermeo agertzen diren hainbat lan ere baditu, beste hainbaten artean. Pintzelada arineko margolanak egin ohi ditu, nahiz eta erakusketa honetan teknika zein tamaina desberdineko lanak dauden ikusgai. Lurra eta uraren garrantziaz gain, etorkizunera begirako helburu argi bat du artistak: “Emakumeak islatu nahi ditut. Emakumeak lanean. Emakumeak jolasean. Emakumeak, orokorrean”.
Monotoniarik ez. Nahiz eta bere lanetan zipriztinka ikusten den emakumeak islatzearen nahi hori, oraindik ez du bere xedea guztiz bete. “Abenduko erakusketara ea heltzen naizen hori lorturik”, adierazi du. Izan ere, Udaletxearen arabera izango da data, baina “gabonetan Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan” izango da Zubia. Alegia, emakumeen islaz gain, tamaina aldetik ere berritasunak ekarri nahi ditu, “tamaina handiko lanekin”. Nestor Basterretxea aretoan bi gela ahalbidetuko dizkienez, tamaina txikikoak eta handikoak uztartu nahi ditu.
Jendearen harrera oso ona izaten ari dela aipatu du Zubiak: “Udako sasoi honetan Mundaka bezalako herri bisitatu batean izateak ondo egin dit”. Hala nola, margolan asko saldu ditu hilabete honetan, eta erakusketa bisitatzen duen orok “hitz positiboak soilik” esaten dizkio bermeotarrari. Horrela, mezu bat ere bidali nahi izan du: “Animatu etortzera, erakusketa kuriosoa da. Denetarik aurkitu dezakezu, paisajeak, pertsonak, ekintzak, eta abar luze bat”.
Berritzeko gogoa. “Gogo handia dut behingoz tamaina handiko lanak egiteko”, azpimarratu du artistak. “Denbora kontua da, lan txikiak egiteari horrenbesteko debora eskainiz, ez dut gero tamaina handiko lanentzako tarterik”. Baina argi utzi du, aldaketa hori lehenago egin ez izatearen arrazoia ez dela gogo falta: “Etengabe nago buruan horri bueltak ematen, eta bai, etorkizunerako hori izango da nire lanen berritasuna. Tamaina”.