Santiagoen giro bikainean murgilduta daude
Kortezubin, Morgan, Busturiko Axpe auzoan eta Nabarnizko Lekerikan jai eguna dute gaur: Santiago Eguna ospatzen ari dira. Gozamenerako tarterik ez da falta.
Euria ez da aitzakia izan Santiago egunaz gozatzeko. Jai egun goibelari irribarre beroa jarri diote Kortezubin, Morgan, Busturiko Axpe auzoan eta Nabarnizko Lekerikan. Atzo hasi ziren ospakizunak zeinbat gunetan, baina gaur dute egun handia. Hala ere, jaiak ez du etenik izango, bihar, Santa Ana eguna ere, hainbat eta hainbat lekutan ospatuko dutelako.Ā
Morgako eta Kortezubiko jai nagusiak dira santiagoak, eta irudimenez eta sukalki usainez jantzi dute Morga, beste urte batez. Musika izan da aurtengo gaia, eta herria apaintzen parekorik ez dutela erakutsi dute berriro ere: pop, rock edota punk musikarien mozorroak ikusi ahal izan dira han-hemen. Mozorroak ez ezik, Txorongoak kuadrillak bere karrozagaz eta zuzeneko musikagaz girotu du herria.Ā
Musikariek ere kozinatzen dakitela erakutsi dute: Sukalki Txapelketako kazolak prestatzen aritu dira goiz osoan zehar. Hori eginda, 18 sukalki aurkeztu dituzte. Arratsaldean, talo jana izango dute aukeran. Musikarien gaiari segika, bihar, dezibelen txanda ailegatuko da Morgara: Matxinada, Hofe X 4:40 eta Nahia Novo+DJ Denz taularatuko dira. Domekarako, berriz, umeei zuzendutako egitaraua prestatu du udalak.
Kortezubin, asteburuan Kortezubiko Mendi Martxagaz oinak berotu eta atzo Urdaibaiko Organoen kontzertuan belarriak prest jarri ostean, gaur, Kortezubiko umeen euskal dantza taldearen emanaldiagaz gozatzeko aukera izan dute; jende pila bat elkartu da plazan, umeen dantza saioaz gozatzeko helburuz. Horrez gain, jan-edanagaz eta giro ederrean, kirolariak pilotalekura joan dira, baita ikusleak ere: alebin zein nagusi mailako esku pilota partiduak jokatu dituzte.
Nabarnizko Lekerikako Santiago ermita ingurua ere jendez bete da gaur. Goizetik bildu dira bertan mendi korrikalariak, izan ere, zazpigarren Iluntzar Mendi Lasterketa lehiatu dute. 32 parte hartzaile atera dira irteera lerrotik, eta zazpi kilometrotan 400 metroko desnibelari aurre eginda, Julen Aranguena helmugaratu da lehenengo; 30 minutu eta 26 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Bere atzetik helmugaratu da Paul Hormatxea, irabazlearengatik bost segundotara, eta hirugarrena izan da iazko irabazlea: Paul Goitisolo; 31 minutu eta 23 segundo behar izan ditu. Nesketan, aldiz, Alluitz de Bilbao izan da azkarrena 41 minutu eta 50 segundoko denboragaz. Eta, bigarren postuan berdindu dute Maider Bengoetxeak eta Ziortza BarruetabeƱak, eskutik helduta ailegatu baitira helmugako marrara; euren denbora 48 minutu eta 43 segundokoa izan da.
Iluntzarrera igo ez direnetako batzuk paella lehiaketan parte hartu dute; izan ere, 9 paella aurkeztu dituzte lehiaketara, eta onenea izan da Iburri Taldearena.Ā
Santiago Eguna ohituraz betetakoa izaten da Busturian. Txistularien kalejiragaz abiarazi dute eguna, eta meza ostean, Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera izan dute beste urte batez, Arrotegi aurrean. Arratsaldean ere, ohiturari eutsiko diote, eta esku pilota partiduen ostean, karrozen desfilea egingo dute. Iazko legez, aurten ere antzerkia izango dute aukeran: Pink Impacten El Gran Rufus antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute.
Jaiak ez du etenik.Ā
Bihar, Santa Ana egunean,Ā umeentzako parkeaz gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek. Horrez gain,Ā Urdaibaiko Organoak zikloaren emanaldia hartuko du Andra Maria elizak. Txokolate janaren ondoren, Xaiborren Disko Festagaz dantza egiteko aldartean elkartuko dira busturiarrak. Zapatuan iritsiko da kazolak atera, eta sukalkirik onena egiteko unea. Txistu doinudun dianaren ostean, sukalki txapelketak hartuko du protagonismoa. 18:00etan Bizkaiko Lasto Botatze TxapelketaĀ lehiatuko dute, eta gaua Trikizio erromeriaren eta DJ Ismederren emanaldiek biribilduko dute.
Kortezubin ere, biharko zein astebururako eskaintza zabala dute herritarrek: hamaiketakoa, tortilla txapelketa zein DJ Joseinaz gozatuko dute bihar, eta Sustabiz Fundazioaren herri kirol parte hartzaileek zein herri bazkariak beteko du herria zapatuan.Ā