Kultura eta sustraiak goraipatuko dituen egitarau zabala
Itsasotik Mundakara Hegaluzea uztailaren 26tik [barikua] 28ra [domeka] bitartean ospatuko da, herriaren sustraiei eta arrantzari keinu eginez.
Joan den urteko arrakasta ikusirik, beste behin, hiru eguneko egitaraua prestatu dute Perondo Kultur Elkarteko kideek. Kulturari, sustraiei eta herriari keinu egitea helburutzat izanik, “kalitate handiko” egitaraua prestatu dute, Perondo Kultur Elkarteko kide den Mikelen esanetan. Uztailak 26 [barikua], uztailak 27 [zapatua], eta uztailak 28 [domeka] “giro itzeleko egunak” izango dira herrian.
Bariku goizean Egunsenti dantza taldearen dantza saioak emango dio irekiera egitarauari, herriko giroa pizteko, eta jendea urreratzeko. Mari Mar Aguirre ilustratzaileak hartuko du txanda ondoren, herriari zuzenean margotutako irudiak eskainiz: “Uneoro egitarauari buruz bururatzen zaion guztia margotuko du, bere talentua erakutsiz”. Ur azpiko arkeologoa den Ana Benitoren hitzaldiaz gain, sagardo katak eta Pausokak egindako Galernaren inguruko dokumentalaren erakusketa egingo dira, besteak beste.
Jasangarritasunaren indarra.
Martin Cabelloren eskutik, atunak markatzeko teknikak ikasteko aukera izango da arratsaldean, gainera. Mikelek, honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Jasangarritasunari keinu egin eta herritarrei itsasoarekiko errespetua izaten erakutsi nahi diegu, eta atunak markatzearen inguruko Cabelloren hitzaldi horrekin lortu dezakegula uste dugu”. Arrantzatutako arrainen jarraipena egitea eta espezieen osasunaren nondik norakoaren inguruan ezagutzak lortzea helburu izanik, arrantza eta itsasoa zaintzea eskutik doazen terminoak direla erakutsi nahi du egitarauak, batez ere. Honekin bat eginez, beste behin ere, “AZTIren laguntza” aipatu nahi izan dute Perondo Kultur Elkarteko kideek, “Martin Cabello AZTIko kide den heinean”.
Egitarauko bigarren egunari hasiera emanez, urtero bezala, Mundaka Surf Taldeak kosta garbiketari ekingo dio, beste behin jasangarritasunaren alde lan eginez. “Martxaz beteriko eguna” izango da zapatua. Izan ere, goizean zein arratsaldean kalejirak antolatu dituzte. “Goizekoa, 13:00etan Katiusk-k Zabal Banden eskutik, eta arratsaldekoa, 20:00etan Bermeoko Kanta Kanta Lorueren eskutik”. Horrez gain, txikienak ere dibertitzeko aukera izango dute, Leire Zaldunbidek antolatutako tailerrei esker.
Arrantzaleak, arrantzara.
Zapatuan bertan, herriko arrantzaleak arrantzara aterako dira. Beti ere, “Martinek erakutsitako teknika kontuan izanik” markatuko dituzte arrainak, eta beraiek arrantzatutakoarekin erakusketa egingo da. Hala nola, arrantzatutakoen arteko hiru ederrenak zozketatuko dira, kontsumitzaileen artean: “Gure azokan kontsumituz gero, etxera hegaluze bat eroateko aukera egongo da”.
Sari banaketa ere egongo da arrantzatutako horien artean. Jasangarritasun saria eta hegaluze handienaren saria izango dira jokoan egongo diren sari motak. “Guretzat, jasangarritasun sariak berebiziko garrantzia du, izan ere, Cabellok erakutsitako teknika horren bidez, itsasoarekiko errespetua hobekien plazaratuko duenak eramango du sari hau”, azpimarratu du antolakuntzako kideetako batek. Hori horrela izanik, txapelketa bat ez dela argi utzi nahi du Perondo Kultur Elkarteak, lagunen arteko topaketa bat, baizik.
Egitasmoari amaiera emateko, artez beteko da Mundaka uztailaren 28an [domeka]. Izan ere, goizean Kresala musika taldeak girotuko du herria, eta bukatzeko, Lapseren, dantza eta gorputz adierazpen taldearen emanaldia egongo da plazan. Mikelek laguntza oro ongietorria dela esleitu dio egitasmoaren aurkezpenari: “Herriko jendearen laguntza izanez, pozik gu. Aulkiak mugitzen, zein katiuskak mugitzen. Edozein laguntza eskertuko dugu Perondo Kultur Elkarteko kideok”.
Etzi, barikua.
17:30. Egunsenti Dantza Taldea.
18:00. Mari Mar Aguirre ilustratzailea zuzenean margotzen.
18:00. Atunak markatzeko teknikak eta itsas esplorazioa, AZTIko Martin Cabelloren eskutik.
19:00. Aranzadiko Ana Benitoren San Bartolome galeoia berpizten hitzaldia.
20:00. Sagardoa eta kontserbak, uztartze-dastatzea.
22:00. Galerna dokumentala.
Zapatua.
08:00. Kosta garbiketa, Mundaka Surf Taldearen eskutik.
11:45. Ostra dastaketa eta tailerra.
13:00. Kalejira: Katiusk-k Zabal Band.
13:00. Denboraren joanaren balioa. Arrantza eta enoartea, Uztartze-dastatzea.
15:30. Hegaluzearen arrantza eta sari banaketa. 3 hegaluze handienen zozketa.
17:30. Txikienentzako dibertsioa.
20:00. Kalejira: Kanta Kanta Lorue.
20:30. Galizia eta Euskal Herria, tradiziozko olatua, ¡uztartze-dastatzea.
Uztailak 28, domeka.
12:00. Kresala Musika Taldea.
12:30. Euskal Herria, Asia eta Mediterraneoa: Kultur fusioa, uztartze-dastatzea.
15:00. Itxiera: LAPSE Dantza eta gorputz adierazpen taldearen emanaldia.