Inma Ruiz, kirol ibilbide bikainagatik eta baloreengatik omendua
Gernika-lumotar atleta da Inma Ruiz. Uztailaren 5a eta 7a bitartean Espainiar Txapelketan bost domina irabazi berri ditu, eta Gernika-Lumoko Udalak omenaldia egin dio gaur, [uztailak 24] domina horri zein bere ibilbideari ikusgarritasuna emateko asmoz.
12:30etan Gernikako Udaletxean egin diote omenaldia kirolariari. Jose Mari Gorroño Gernikako alkatea eta Nerea Revuelta bigarren alkateordeak gidatu dute Inma Ruizen ibilbideari egindako aitortza. Gorroñoren hitzetan, omenduak izan duen ibilbidea “ez dago edonoren eskura”. Izan ere, azken txapelketa honetan, adibidez, bakarka 400, 800 eta 1.500 metroko probak irabazi ditu. Erreleboka, berriz, 4x400eko lasterketa ditu, eta 4x100ekoan, aldiz, bigarren postua lortu du.
Hori kontuan izanik, alkateak herritarrak animatu nahi izan ditu kirola egitera: “Kirola egitea oso osasungarria da, eta horretarako Inma bezalako ikonoak izatea oso baikorra da Gernika-Lumorentzat”. Ruizen lorpenak “herriarentzat adierazle” dira, eta hori eskertzeko batu dira udalbatzako kideak eta omenduaren senide eta lagunak.
Esker eta zorion hitzez gain, Gorroñok hiru opari eman dizkio kirolariari: “Gernika-lumotarrentzat eta euskaldun guztientzat hain garrantzitsua den eta Europako demokrazia zaharrenetako bat ordezkatzen duen” haritzaren orri bat eta Bakearen aldeko ikono den Picassoren Guernica-ren errepresentazioa bateratzen dituen koadroa”. Oroigarritzat pin bat ere eman dio txalotza eran, eta hirugarrenez, loreak. Lore sikuak. “Besteak, aste baten zimeltzen dira, eta hauek betirako biziraungo dute”, arrazoitu du alkateak.
Inma Ruizek, aldiz, esker-oneko hitzak behin eta berriz errepikatu ditu. Omenaldiagatik, opariengatik eta familia eta lagunak hor izanagatik. Azken opariari keinu eginez, mezu itxaropentsu eta pozgarria bota du: “Lore hauen antzera, ni ere ez naiz kirolean inoiz zimelduko. Ahal dudan heinean, kirolean egongo naiz. Ez dut iraungitze datarik”. Bere maitatuen txalo-zaparradaren artean, ordea, berari buruz hitz egin beharrean, gizarte orokorrago bati buruz hitz egin du: emakumezko nagusi kirolariei buruz: “Hasieran hedabideetan agertzeak ematen zidan lotsa gainditu dut, eta konturatu naiz, niregatik baino, pertsona eta batez ere emakume nagusientzat bidea irekitzeko modu bat dela. Beraz, ez dut nigatik egiten, kirola egiten duten emakume nagusi ororengatik egiten dut. Kirola egiten dugulako; maila oso onean, gainera”.
“Kirola osasuna da. Bizitza”, esanez agertu da omendua. Kirola egitea “edonoren esku” dagoela eta kirolariei buruz hitz egiteko adina albo batera utzi behar dugula ere aipatu du. “20, 30, 50 zein 70 urte izan, maila oso onean lehiatzeko gai gara”.