Haurtzaroa, kale erakusketa bihurtuta
Artearen Ibilbidea programaren parte den ‘Haurtzaroa´ erakusketa domekara arte ikusi ahal izango da, Lameran. Bilboko Arte Ederren Museoko artelanen erreprodukzioak biltzen ditu esposizioak.
Bermeoko Lamera aire zabaleko museo bihurtuko da domekara bitartean, Artearen Ibilbidea programari esker. Erakusketa ibiltaria Bizkaiko udalek eta BBK-k bultzatutako Herriz Herri programaren baitan kokatzen da, “eragin sozial positiboa” duten ekintzak sustatzeko helburuagaz. Esposizioak Bilboko Arte Ederren Museoko artelanen erreprodukzioak biltzen ditu, Haurtzaroa lelopean.
Jose Luis Merino Bilboko Arte Ederren Museoaren Antzinako Arte kontserbadoreak azaldu duenez, erakusketak ikusleengan oroitzapenak pizteaz gain, haurtzaroari buruzko ikuspuntu ezberdinak azalduko dizkie: «Denboran zehar artistek haurtzaroaren inguruan izan duten ikuspegiaz gain, sasoi ezberdinetan gizarteak izan duen ikuskera ere ikusi ahal izango da». Izan ere, ikusgai dauden artelan zaharrenak XV. mendekoak dira; beste batzuk, berriz, «fotografikoak, modernoagoak» dira.
“Haurtzaroari buruzko ikuspegi zabala ematen du erakusketak, aisialdia bezalako uneak islatuta; besteak beste, Mundakako hondartzan dauden ume batzuen argazkia edota hain ezaguna den Dario de Regoyosen El baño de Renteria lanak gaur existitu ere egiten ez diren sasoi bateko uda amaigabeen isla dira”, azaldu du Merinok.
Lamerara gerturatzen direnek, gainera, obrei buruzko azalpen-audioak entzuteko aukera izango dute, artelan bakoitzaren ondoan kokatutako QR kodeen bitartez horiek telefono mugikorretara deskargatuta. Azalpenak lau hizkuntzatan egongo dira: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Horrez gain, “bitartekaritza zerbitzua” ere egongo dela iragarri du Merinok. Horrela, artelanen inguruko informazioa aditu baten ahotik jaso ahalko dute ikusleek: aste bitartean 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo da Lameran, eta, asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara bitartean.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak adierazi duenez, “oso polita” da herriak Haurtzaroa bezalako erakusketak hartu ahal izatea: «Guretzat artea museoetatik atera eta herrira zabaltzea polita da, artea herritarrei hurbiltzea dakarrelako». Iaz ekin zion Bermeok artelanak kalera ateratzeari, eta errepikatzeko prest agertu da Nemeh: “Oso pozik gaude erakusketa hemen izateaz, eta datorren urtean ere hala izatea espero dugu”.