Izaro eskultura Izaron da
Madalen eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 22], Busturialdean. Urteroko usadiorari jarraituz, Bermeoko alkateak teila bota du Izaro parean, irla Bermeoko lurralde dela berretsiz. Jai giroa nabarmena da Elantxoben zein Bermeon, baita Mundakan eta Mendatako Albiz auzoan ere.
Goizeko lehen ordutik usaindu zitekeen gaur [uztailak 22] jai giroa, Bermeoko kaleetan. Goiko Plazan elkartu da udalbatza, Nadia Nemeh Shomaly alkatea buru. Ohiturari jarraituz, Alkate Soinuaren doinupean bildu dira ordezkariak eta herritarrak. Jarraian, txistu eta danbolin hotsez kalez kale aritu dira, portura iritsi arte. Bertan itsasoratu dira, Izarora joateko, eguneko une gorena bizitzera. Bai Bermeoko kaleetan, bai portu inguruan, aldarrikapenerako tartea ere egon da: Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek museo makroproiektuaren gaitzetsi dute.
Portuzarrean itsasoratu den ordezkaritza instituzionala, Bermeoko udal gobernu taldeko kideez gain, honakoek osatu zuten, batik bat: Mundakako Udalak; Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek; Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak; EH Bilduren senatari Idurre Bidegurenek; eta Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Madalen egunez, Bermeoko alkateak herriko mugak berresten ditu irlan, teila bat uretara botaz, honaino heltzen dira Bermeoko itoginak esaldia esanez eta irlaren goreneko puntuan Bermeoko bandera altxatuz. Aurtengo teilak, gainera, esangura berezia eduki du: Bermeoko herritar kuttunenetako bat den Nestor Basterretxea artistaren jaiotzaren mendeurrena omentzen ari dira, eta hark egindako Izaro eskultura, Eusko Legebiltzarraren sinboloa, eduki du inprimatuta teilak.Ā
Nadia Nemeh Shomaly: “Nestorrek irlari neska-lagun deitzen zion, baina guk mutil-lagun, neska-lagun edo lagun deitzen diogu”
Basterretxearentzat Izaro “neska-laguna” zela nabarmendu zuen Nemehk: “Nestorrek irlari neska-lagun deitzen zion, baina guk mutil-lagun, neska-lagun edo lagun deitzen diogu. Geurean, askatasuna dago maite dugun horri etiketarik ez jartzeko; bakoitzak maita dezala gure duena gura duen modura, eta izan dadila bere barrenetik ateratzen dena”.
Ā
Betirako oroitzapenak josiz.
Aurten, Madalen eguna herritarrei hurbilarazteko ahalegina egin du udalak: 18 bermeotarrek udabaltzagaz bizi ahal izan zuten atzoko esperientzia, eta Ā itsasontzi ofizialean egin zuten Izarora eta Elantxobera bidaia. “Etorkizunerako oroitzapen eder” legez definitu zuten aukera herritarrok.
Izarotik, Elantxobera jo zuen itsas prozesioak. Portuan, Patxi Egurrola alkateak makila eman zion Nemehri, eta kalez kale egin zuten Eleizabarrirainoko tartea. Han ohorezko aurreskua egin zieten Elantxobe, Bermeo eta Mundakako alkateei. Ostean, herritarrak dantza eta irrintzi betean bildu ziren, jai giro erraldoian.
Arratsaldez, Elantxobetik Mundakara egin du itsasontzi ilarak. Portutik plazara, Betijai fanfarreak girotu zuen kalejira, eta Sorne Rubio Arano alkateak harrera egin zien ordezkariei.Ā
Gorputzak nekatuta eta bihotza beteta, Madalen eguna hasi zuten toki berberean amaitu zuen: Bermeon.