Haziberri, laugarren aldiz arrakasta
Haziberriren laugarren edizioa ospatu dute Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean, beste behin ere, jasangarritasunari eta musikari keinu eginez.
Gorka Urbizu, Olatz Salvador, Broken Brothers Brass Band eta Zuga izan dira Haziberriren azken edizioko gonbidatuak. Hasieran eskainitako sarrerak atera eta 24 ordu baino gutxiagoan agortu ziren arren, antolatzaileek azken orduan 60 sarrera gehigarri atera zituzten, horrela, beste hainbat pertsonari musikaz gozatzeko aukera emanez.
Jasangarritasunari eta berritasunari berebiziko garrantzia emanez, musikaren alde zintzoena bilatzen du Haziberrik urtero. Hain zuzen ere, artilezko jesarlekuak ahalbidetzen dituzte, hondakinen gutxitzea ere lantzen dute eta kontsumituko diren produktuen lanketa sakona ere egiten dute. Hainbeste pertsonarentzat lekua duen ekitaldi batean, hori guztia lortzea zaila den arren, Haziberrikoek lortu dute berriz ere, eta Garazi Llona antolakuntzako kidea harro agertu da horrekiko jendearen jarrerarekin: “Amaitzean parkea garbi utzi zuen jendeak parkearekiko errespetua erakutsi zuen. Urtetik urte hori hobetzen joan da, eta aurton oso eredugarria izan da jendearen jarrera“.
Aurton, gainera, etxekoekiko apustua egin nahi izan dute. Horren erakusgarri da Zuga, Gernika-Lumoko musikaria. Hainbat taldetatik pasatu ostean, bere bakarlari bideari ekin dio. Bera izan da jaialdiaren azken edizio horri hasiera eman dion artista, gainera. Zugaz gain, gonbidatuta zeuden artistak tokiarekin txundituta gelditu ziren. “Aurreko urteetako argazkiak ikusi zituzten arren, ez zuten horrelako tokirik imajinatzen”, adierazi du Llonak.
Antolakuntzako kideek aurreikusitako helburuak “guztiz bete” dira. “Arrakasta hutsa” izan da beste behin Haziberri. Llonak taldearen elkarlanari esleitu dio hori: “Gure laugarren urtea da talde bezala, gero eta egonkortuago gaude gure lanean, eta aurreko urteetako esperientziari esker, urte honetako lana guretzat ere errazagoa izan da, eta beraz, kanpora begira ere itzel joan da”. Herenegun [uztailak 17] jendea Europako Herrien parketik irten bezain laster, “zorioneko mezuak” soilik heldu zitzaizkien antolakuntzakoei. “Oso pozik atera ziren denak”.
Janaria, arrakastaren muina. Aurtengo arrakastaren funtsetako bat “inoiz baino janari gehiago” saldu izana dela aipatu dute. “Saldu genuen kopuruarekin, burritoak bukatu zitzaizkigun, adibidez”, aitortu du Llonak. Jende oso gutxi gelditu omen zen janaririk gabe, aurreko urteekin alderatuz. “Jasangarritasuna gure helburu nagusietako bat da, eta horren barruan, bertoko produktuak saltzea dago”.
Oso pozik daude Haziberrikoak, eta horren ildora, esker mezu bat bidali nahi izan dute: “Lagundu zuten guztiei eskerrak eman behar dizkiegu. 50 pertsona baino gehiago egon ginen lanean, dena behar bezala irteteko. Tekniko, argiztatzaile eta laguntzaile guztioi, eskerrik asko. Zuek gabe ez zen posible izango”.