Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektua "oso positiboki" baloratu du udalak
Inbertsio Estrategikoen Erakunde Arteko Planaren baitako gizarteratzeko proiektu honetan herriko 15 pertsonek parte hartu dute. Hamabi hilabeteko programa izan da: bi hilabeteko formakuntza eta hamar hilabeteko txandako prestakuntza kontratua.
Bermeoko Udalaren 2022-2024 aldirako inbertsio estrategikoen planeko Hiri Berroneratze Proiektuei lotutako gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza, enplegua, orientazioa eta laguntza proiektua amaitzear dago, eta egindako lanaren berri eman dute gaur [uztailak 19] Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk, Xabier Ortuzar Butron eta Maite Caruezo Ugalde zinegotziak, Xabier Iradi Mitxelena Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko Teknikariak,Gernika-Lumoko Lanbideko Garbiñe Ibarzabal Goikoetxeak, Maria Fernandez Pujana proiektuaren koordinatzaileak eta “proiektu pilotu” honetan parte hartu duten langileek.
Ortuzar “pozik” agertu da Inbertsio Estrategikoen Erakunde Arteko Planaren baitako proiektuak emandakoarekin, eta hori posible egin dutenei, hau da, Zabaltzen-Sartu kooperatibari, Eusko Jaurlaritzari eta Bermeoko Behargintzari eskerrak emanez hasi du gaurko agerraldia: “Horiei guztiei zor diegu proiektu honen arrakasta”. Era berean, azpimarratu du udalak egiten duen balorazioa “oso positiboa” dela, herriko gune degradatuetan “lan asko” egiten lagundu dielako.
Langileek Askatasun Bidea 23ko lokalean egindako lana nabarmendu nahi izan du Ortuzarrek: “Lokal hori utzita egon da urte askotan, udalak ezin zuen erabili bere egoera txarrarengatik. Orain, eurei esker, nahiz eta azken ukituak falta diren, ia prest dago erabili ahal izateko, eta uste dugu datozen urteetarako lokal garrantzitsua izango dela herriarentzako”.
Fernandezek, proiektuaren koordinatzaileak, programaren helburua “onurak sortzea” dela gogoratu du: “Talde jakin batentzat zein herriarentzat”. Azaldu duenez, gauzatu dutena prestakuntza eta enplegua uztartzen dituen programa da, eta Zabaltzen-Sartu kooperatibako hezitzaile bat eta monitore bi aritu dira orientazio eta laneratze lanetan. Lantaldea, berriz, “herriko 15 pertsonekin” osatu dute, egun 14 dauden arren: “Talde handia izan da eta profil anitzekoak, batzuk ezagutzekin eta esperientziadunak, eta beste batzuk ez”.
Urtebeteko proiektua izan da: bi hilabeteko formakuntza, eta, ondoren, hamar hilabeteko txandakako prestakuntza kontratua — %35 formakuntza eta %65 enplegua—. Denbora horretan, besteak beste, Lanbide Hastapeneko hormak atondu eta margotu dituzte, Askatasun Bidea 23ko lokaleko birgaitze lanak egin dituzte eta Portuko eskailerak eta Fielatako aldapa abujardatu dituzte. Musika Eskolam, Zarragoitxi auzoan, Itxasbegin eta Txibitxiagan ere askotariko lanak egin dituzte.
“Onura handiena herriko jendea hamar hilabetez kontratatua izatea da, peoi balioaniztun izateko formakuntza jarraitua jasota, teoria eta praktikaren bidez. Kontuan izan behar da, parte hartzaileek denbora luzea zeramatzatela langabezian”, azaldu du Fernandezek. Era berean, udalarentzat eta auzokideentzat ere onuragarria izan dela nabarmendu du: “Auzo degradatuetan dauden beharrizanak herrikideek konpontzen dituzte; arkitektonikoki zailak diren auzoak dira, irisgarritasun txarrekoak eta hezetasun askokoak”.
Proiektuan parte hartu duten udal sail ezberdinen —Beruala, Zerbitzu Saila, Hirigintza, Obra eta Ingurumen Saila eta Behargintza— parte hartze hori “garrantzitsua” izan da Fernandezentzat, hurrengo proiektuetara begira sortu diren “alientzengatik”. Era berean, besteen artean Ortuzar eta Caruezoren inplikazioa eskertu du: “Proiektu oso handia da, hainbat alderen inplikazioa eta adostasuna eskatzen du, eta hori izaten da zailena”. Proiektuaren koordinatzaileak balioan jarri nahi izan du baita udal brigadakoek egin duten lana: “Kontuan izanik daukaten lan karga nahikoa handia dela, edozertan laguntzeko prest egon dira. Brigadako koordinatzaileari esker, eremu degradatuetan egin beharreko lanak zehaztu ziren, beste teknikari batzuekin batera, eta horrek asko erraztu zuen esku hartzerako eremua”.
“Oso eskertuta”.
Hamar hilabetez lanean aritu diren langileek adierazi dutenez, mota honetako lanetan arinago aritu ez direnentzat “esperientzia ona” izan da “ofizio ezberdinak” ikasteko aukera izan baitute. Aurrezagutzak zituztenentzat, berriz, “baliagarria” izan dela nabarmendu dute: “Lan eta materialekin berriro harremanetan jartzeko, enpresa pribatuetan dagoen presiorik gabe”.
Etorkizunera begira proiektuak “hobetzeko gauzak” dituen arren, “ona” dela azpimarratu dute, 1o hilabetetz lan eta ekonomia alorretan “egonkortasuna” izan ahal dutelako. Hala, “oso eskertuta” agertu dira aukeragati eta “errepikatzeko prest” daudela nabarmendu dute.
Proiektuaren aurrekontua 447.928,54 eurokoa izan da, eta neurri handi batean —394.403,54 euro — Eusko Jaurlaritzak finantzatu du. Lanbidek ere lagundu du, lan elkarrizketak bideratzerako orduan, Zabaltzen-Sartu kooperatibakoekin batera.
Nemehk Hiri Berroneratze Proiektuei lotutako gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza, enplegua, orientazioa eta laguntza proiektuan parte hartu duten guztien lana goraipatu du, eta eskerrak eman dizkie proiektu pilotu honetan sinesteagatik: “Izugarrizko lana egin duzue, eta espero dugu mota horretako proiektu gehiago gurera ekarri ahal izatea. Gu ere errepikatzeko moduan ikusten gara”.