Egiteko, ikusteko, dastatzeko eta gozatzeko jaiak
Santiago eta Santa Ana jaiak goi-goitik ospatuko dituzte Busturialdeko zenbait udalerritan. Ospakizunaren muina musikaren, gastronomiaren, kirolaren eta ohituraren koordenadetan mugituko da. Kontzertuak egongo dira plazaz plaza, eta tokian tokiko antolatzaileek egun zein gaueko egitarau oparoak prest dituzte.
Termometroen tenperaturek gora egiten duten heinean, Busturialdeko hainbat herritan ospakizunerako grinaren berotasunak ere gora egin ohi du, uztaila bere amaierara heltzear dagoela. Santiago eta Santa Ana jaiak herriko jai nagusiak dira Kortezubin, Busturian eta Morgan; hori bai, Nabarnizko Lekerika auzoan ere letra gorriz gordetzen dituzte jaiok herritarrek beraien egutegietan.
Busturiko Axpe auzoan herriko txistularien doinuekin abiatuko dituzte Santiago eta Santa Ana jaiak. Meza ostean, Irrintzi Alai Dantza Taldeko kideek girotuko dute jaietako lehen jardunaldia. Pilotalekuan goi-mailako esku pitota partiduez gozatu ondoren, karrozen desfilearen txanda iritsiko da; desfile horretarako izena emateko azken eguna gaur [uztailak 19] izango da, eta herritarrek liburutegia egin beharko dute. Gaualdiak zapore latinoa edukiko du, D’Capricho taldeak bere kubatar musika taularatuko baitu, Izpiluetan.
Busturiko sukalki txapelketarako eta baztarirako mahaia eskatu gura dutenek bihar arteko epea dute
Santa Ana egunean, umeentzako parkeaz gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek. Horrez gain, Urdaibaiko Organoak zikloaren emanaldia hartuko du Andra Maria elizak. Txokolate janaren ondoren, Xaiborren Disko Festagaz dantza egiteko aldartean elkartuko dira busturiarrak. Hilaren 27an iritsiko da kazolak atera, eta sukalkirik onena egiteko unea. Txistu doinudun dianak eguna iratzarri ostean, 12:00etan zabalduko dute sukalki txapelketarako izen ematea. Udaletik aurreratu dutenez, sukalki txapelketarako eta bazkarirako mahaia eskatu gura dutenek bihar [uztailak 20] edukiko dute horretarako azkenengo aukera eta, behin bukatuta, mahaia dagokion tokira bueltatu beharko dute. 18:00etan Bizkaiko Lasto Botatze Txapelketa lehiatuko dute, eta gaua Trikizio erromeriaren eta DJ Ismederren emanaldiek biribilduko dute.
Musika izango da Morgako jaietan mozorrotzeko aurtengo gaia
Morgarrek mozorrotuta eta tripazorriak uxatuta ekingo diete jaiei. Santiago egunak esangura berezia du beraientzat: sukalki eta mozorro eguna da. Aurtengo gaia musika izango da. Epizentro bi edukiko ditu jaiak: batetik, Andra-Mari; bestetik, Meakaur. Bigarren horretan hasiko dute jaia, trikiti soinuz. Ondoren lekualdatuko dira Andra-Marira, eta bertan erabakiko dute sukalki onena zeinena den. Mozorrorik onenek ere saria izango dute: bakarkakoa eta taldekakoa. Uztailaren 26an, dezibelen txanda ailegatuko da: Matxinada, Hofe X 4:40 eta Nahia Novo+DJ Denz taularatuko dira.
27. mendi martxagaz ipiniko dituzte abian jaiak, bihar, Kortezubin
Kortezubitarrek jaiari gorputza doituz ekingo diete, bihar [uztailak 20]: 27. mendi martxagaz. Eguaztenean, Urdaibaiko Organoak zikloa herrira iritsiko da. Santiago eta Santa Ana egunetan, denetariko jarduerez gozatuko dute: hilaren 25ean, herriko umeen dantza saioak eta esku pilota partiduek; 26an, tortilla txapelketa eta Joseina Etxebarria DJak. Hurrengo egunean, Sustabiz Fundazioak herri kirolen jardunaldi parte hartzailea gidatuko du.
Kirola, gastronomia eta musika izango dira nagusi Nabarnizko Lekerikan
Iluntzarrera begira.
Nabarnizko Lekerika auzoan arineketan hasiko dituzte santiagoak: VII. Iluntzar mendi lasterketan. Paella eder batekin indarrak berreskuratzeko aitzakia ere izango dira jaiak, paella txapelketa lehiatu, eta eguerdian jai giroan jango baitute.