Baztarreko jaiak handituta datoz
Bermeoko Txosna Batzordeak bultzatuta, I. Alde Zaharreko jaietan murgilduko dira bermeotarrak bihar hasi eta domekara bitartean. Domekan, Madalen Egunaren bezperan, ohiko Baztarreko Jaiak ospatuko dituzte.
Bermeotarrak Baztarreko jaietan, Madalen Egunaren bezperan [uztailak 21], hasten dira egun handirako motorrak berotzen, eta aurten ere ez dira auzoko jaiak faltako. Baztarre Auzo Elkarteak egun guztiko egitaraua prestatu du, udalagaz batera, eta, festa domekara mugatu beharrean, Bermeoko Txosna Batzordeak lehenengo aldiz antolatu dituen Alde Zaharreko jaiekin bat egingo du.
Bihar [uztailak 18] hasiko dira ospakizunak Alde Zaharrean, eta txosna batzordekoak “pozik” daude emandako pausoagaz: “Jai herrikoi, euskaldun eta parte hartzaileak antolatzea lan asko da, baina beste pauso bat eman ahal genuela pentsatu genuen: Alde Zaharrean eduki politikoko jaiak antolatu ahal genituela”. Jaiak gaueko parrandara mugatu beharrean “eguneko egitaraua” egitea pentsatu zuten, domekako Baztarreko jaiak “erreferetziatzat” hartuta.
“Herri moduan erronka handia dugu turistifikazioagaz eta etxe bizitzagaz, horregatik eduki aldetik horri garrantzia eman nahi izan diogu”, azaldu dute txosna batzordekoek. Hala, “turistifikazioaeren aurkako” elkarte batzuek gidatutako ekitaldi bategaz emango diete hasiera ospakizunei. Bertsolariak ere ez dira faltako: turistifikazioaren gaiari lotutako bertso-poteoan arituko dira Alde Zaharreko kaleetatik. Kontzertuak ere tematikoak izango dira: “Bloñ, abestietan gai hori lantzen duen taldea egongo da”. Zapatuan Sara Zozaya eta Ke Lepo igoko dira oholtzara.
Zapatuan [uztailak 20] herritarrak Goiko plazara gerturatzeko deialdia zabaldu dute, Munduko jatekuek auzo bazkaria antolatu baitute: “Sukaldatzen, lagunekin, tortilla txapelketetan bezala, edo, adorerik ez badago, etxean sukaldatu eta jatekoagaz bajatu daitezela kalera”. “Esperimentu legez” aurkeztu dute ekimena, eta, azaldu dutenez, Goiko Plazan aulkiak eta mahaiak egongo dira behar dituenarentzat: “Jendea egun horretan kalea okupatu eta auzokideen artean eguna pasatzera animatzen dugu”.
Baztarreko eguna
Domekarako ere egun osoko egitaraua prestatu du Baztarre Auzo Elkarteak Bermeoko Udalagaren laguntzagaz. Zehaztu dutenez, “belaunaldien arteko erreleboa” lantzeko asmoz, eguna umeei zuzendutako txokolatada eta jolasekin hasiko dute, eta 11:00etan Adabaki zirko ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango dute.
Arratsaldea girotzeko, Kankinkabara Txistu Taldearen eta Kanta Kanta Lorue kantazaleen kalejira egongo da auzoan zehar. Musikak ez du etetenik izango, “kontzertu potenteak” egongo baitira: Rosin de Palo eta Belako. Auzo elkartetik kontzetuak posible egiteko “Bermeoko Txosna Batzordearen laguntza” eta udalak zein elkarteak egindako esfortsua balioan jarri nahi izan dituzte. “Madalen bezpera urtero legez aurrera eraman nahi izan dugu, pentsatzen dugulako kale ekintzak ezin direla galdu; horregatik herritarrak animatzen ditugu kaleetan jai horiek sustatzen”, adierazi dute. Endika Etxebarria kultur zinegotziak eskerrak eman dizkie Bermeoko Txosna Batzordeari eta Baztarre Auzo Elkarteari udalerriko auzoetako “programazioa indartzeagatik”.
EGITARAUA
- BIHAR, UZTAILAK 18.
- 18:30. Etxebizitzak herritarrentzat, pisu turistikorik ez! ekitaldia
- 19:30. Bertso karro-poteoa, turistifikazioaren inguruan. Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Janire Arrizabalaga eta Asier Galarza.
- 21:30. Kontzertua Kafe Antzokian: Bloñ.
- ETZI, UZTAILAK 19.
- 19:00. Benito Barrueta margolariari buruzko poteo gidatua, Torronteron hasita.
- 21:00. Kontzertuak, Baztarren: Sara Zozaya eta Ke Lepo.
- UZTAILAK 20, ZAPATUA.
- 13:00. Munduko jatekuek auzo bazkaria, Goiko plaza eta inguruetan.
- UZTAILAK 21, BAZTARREKO JAIAK.
- 10:00-13:30. Txokolatada eta umeentzako jolasak.
- 11:00. Bapatean zirko taldearen Adabaki ikuskizuna.
- 19:30. Kankinbara Txistu Taldearen eta Kanta Kanta Lorue kantuzaleekin, kalejira.
- 22:00. Kontzertuak: Rosin de Palo eta Belako.