Basterretxearen Izarogaz berretsiko dituzte mugak
Artista bermeotarraren 'Izaro' eskultura izango du inprimatuta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak Madalen Egunean uretara botako duen teilak. Aurten 18 izango dira udalbatzagaz itsasontzian joango diren herritarrak, iazkoaren bikoitza.
Madalen Eguna [uztailak 22] ate joka dago, eta tradizioari jarraiki, aurtengoan ere Bermeoko Udalak Izaroren ipar-ekialdean herriarenak diran mugak berretsiko ditu, teila bat uretara botatzeagaz batera “honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esanez.
“Bermeotarrentzat sinbologiaz beteriko eguna da Madalen Eguna, bereziki gure teila”, adierazi du Nadia Nemeh Bermeoko alkateak. Horregatik, Nestor Basterretxea artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari diren urte honetan, “keinu bat” egin nahi izan dio udalak herriko “seme kuttunari”. Hala, Basterretxeak egindako eta Eusko Legebiltzarraren sinbolo den Izaro eskultura izango du teilak inprimatuta: “Zergatik? Basterretxeak Izaro maite zuelako, bere neskalaguna zela esaten zuen”. Era berean, berezia da ere, Izarok bermeotarrentzat duen garrantziagatik: “Madalen Egunean, Bermeo Izaroraino heltzen dela berresten dugu urtero”.
Protokoloa aldaketa.
Aurten ere, Madalen Egunari Kankinkabara txistu taldearen kalejirarekin hasiko dute Bermeon, baina ordutegian aldaketa egongo da; beranduago hasiko da protokolo aldaketa egon delako. Udalbatza 11:45ean batuko da, Alkate soinua entzuteko. Jarraian, porturantz abiatuko dira kalejiran, Madalen zortzikoaren erritmora.
Itsas jaiari 12:00etan ekingo diote. Endika Etxebarria kultura zinegotziak adierazi duenez, izena eman duten herritarren artean zozkatu dira udalbatzaren protokoloa ezagutu eta eurekin itsasontzian joateko plazak. Azpimarratu duenez, aurten “leku gehiago” emango diete bermeotarrei itsasontzian: “Pila bat herritar apuntatzen dira zozketan, eta asko kanpo geratzen dira, horregatik, erabaki dugu, zinegotziren bat ez baldin badator, gonbidapen horrek herriari ematea eta ez atzamarragaz aukeratutako beste pertsona bati”. Izan ere, aurten “errekora” hautsiko dutela iragarri dute: “Iaz bederatzi izan ziren gurekin etorri ziren herritarrak, aurten, berriz, 18 izango dira udalagaz batera ibilbide guztia egingo dutenak”.
Bermeon ontziratu ostean, udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du uhartean, alkateak ohi legez teila uretara jaurti aurretik. Jarraian, Elantxoberako bidea hartuko du itsasontziak. Bertan, Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak udalerriko makila emango dio Nemehri, ordu batzuetarako. Herriko plazan ohorezko aurreskua egingo da. Tarte horretan, Bermeon, Taberna Ibiltaria arituko da, kalejiran.
Arratsaldean, Elantxobetik Mundakarako bidea egingo dute, eta udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarriaren erritmora. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira, eta ondoren, beherakada egingo da San Migeleko eskaileretaraino. 20:00etan aurresku bategaz amatuko dute Madalen Eguna, Goiko Plazan. Etxebarriak herritarrak “herrian egongo diren ekintza ezberdinetara” gerturatzeko deia egin die herritarrei.
Segurtasun neurriak.
Madalen Egunean Portuzarrean Punto Morea egongo dela nabarmendu du Etxebarriak. Informazioa, aholkularitza eta eraso sexisten kasuan, laguntza eskaintzeko puntua 20:00etatik 00:00etara egongo da zabalik.
Horrez gain, astelehenean Bermeora bertaratuko diren guztien segurtasuna bermatuta egoteko, udalak eta Herri Babesak “indarrean dauden araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak betetzeko” eskatu die itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei. Xabi Ortuzar zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, ezin izango dute parte hartu “lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontziek, ezta ere beste era bateko urte gaineko tresnek”. Itsasontzi guztiek aseguruak, dokumentazioa eta salbamendu eta segurtasun baliabideak “indarrean” eduki beharko dituzte, eta “itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia bete”. Era berean, itsasontzietako aforoa eta distantziak errespetatu beharko direla gogoratu du.
“Garrantzitsua da neurriak betetzea jaietan segurtasuna bermatzeko eta guretzat hain garrantzitsua den jai hau jai giroan amaitu ahal izateko”, adierazi du udal ordezkariak.
Herriaren garbitasunari dagokionez, iaz hartutako neurriei jarraipena emango die udalak. Ortuzarrek azaldu duenez, jai eremuetan edukiontziak “bikoiztu” egingo dituzte, zaborrak lurrean edo itsasoan ez amaitzeko: “Uste dut iaz igarri zela jendeak badaukala gauzak edonora ez botatzeko joera, bagoazela itsasoaren ondoan egiten den jaia denaren eta gure zaborrek itsasoan bukatu behar ez dutenaren kontzientzia hartzen”. Portura zaborrik ez joateko, gainera, Portuzarreko barandetan jartzeko sarea eskatu dio Portu Zuzendaritzari.”Eskaera eginda daukagu, eta espero dugu eskaera kontuan hartzea. Jaia bai, baian jai giroan ere, arduratsuak izan beharra daukagu ingurukoekin”, esan du Ortuzarrek.