Xabi Barandikak Gorkagaz jokatuko du Mutrikuko Masters Seriesean
Gaur [uztailak 16] aurkeztu dute eta finalaurrekoak barikuan [uztailak 19] jokatuko dituzte. Ez da Jai Alai Ligarako txapelketa puntuagarria izango.
Udan puntistek partidak nonahi dituzte, herriko jaiak ere nonahi daude, eta Mutrikun, adibidez, zesta-puntak beti du bere tokia Malen jaietan. Gaur [uztailak 16] aurkeztu dute Mutrikuko Masters Series Txapelketa. Ez da Jai Alai Ligarako puntuagarria izango, baina, hala ere, urtero bezala, Malenetako txapela dago jokoan.
Onenen artean tokia egiten ari diren Eñaut Urreisti eta Mikel Manzi mutrikuarrek haien aukera izango dute herriko jaietan. Finalaurrekoak barikuan [uztailak 19] 22:00etatik aurrera jokatuko dituzte. Alde batetik, Jokin Arbe eta Ion Ibarluzea bikote markina-xemeindarrak Xabi Barandika eta Gorka Sorozabalen aurka jokatuko du. Bestetik, Urreistik Julen Del Riorekin osatuko du bikote eta Manzik Thomas Urrutiarekin. Finala uztailaren 26an jokatuko dute irabazleek.
Master Series “gogorra” aurreikusten du Urreistik. Hori bai, “irabazteko intentzioarekin” aterako dela aurreratu du “gogo asko” dituelako. Lau bikoteak “maila altukoak” direla nabarmendu du Ibarluzeak eta edozeinek irabazi dezakeela esan du. Alde horretatik, mutrikuar bat behintzat finalean egongo da. “Alde batetik, pena finalaurrekoetan jokatuko dugulako elkarren aurka Manzik eta biok, baina, bestetik, horrela mutrikuar batek finala jokatzea ziurtatuta egongo da”.
Eñaut Urreistik onartu du herriko txapelketa “bereziena” dela, nahiz eta goi mailakoena ez izan, batez ere jai giroan direlako eta herritar asko joaten direlako. Hain zuzen ere, inork gutxik baino hobeto ezagutzen du Miruaitz frontoia. “Frontoi txikia da, eskapada apur bat duena frontisean, beraz, Del Riok bere eskumagaz min handia egin dezake. Horrela, gero nik aurrean errematatzeko aukerak izan ahal ditut”.
Ibarluzeak ez du uste gaurko finalaren emaitzak “gehiegi” eragingo duenik arlo psikologikotik
Ibarluzea markina-xemeindarra izanik, gaur Karmen Eguna izanik, eta arratsaldeko Grand Slameko finalaren atarian “urrun” ikusi du barikuko finalaurrekoa. Jokin Arbe herrikide eta lagunagaz osatuko du bikote eta aitortu du “ilusio berezia” egiten diola berarekin jokatzea. “Azken urteetan asko jokatu dugu batera, partidetan zein entrenamenduetan, oso ondo ezagutzen dugu elkar, ez bakarrik kantxa barruan, kanpoan ere lagun onak gara”. Hori bai, aurrean ostera ere Barandika izango du, baina ez du uste gaurko finalaren emaitzak “gehiegi” eragingo duenik arlo psikologikotik.
Azken batean partida asko jokatzen ari dira guztiak uda sasoian. Mutrikuarrarentzat uda sasoi oparoa izaten ari da, partida asko, batez ere Iparraldeko txapelketetako zirkuituan sartu zenetik. “Sasoiko nago eta konfiantzarekin. Egia da Iparraldekoak partida zailak izaten ari direla, maila oso altukoak, baina uste dut asko ikasteko balio izan digula”. Atzelariak sentsazio onak bakarrik ez, emaitzak ere alde ditu. “Konfiantza askorekin jokatzen ari naiz, seguru sentitzen naiz, eta batez ere asko gozatzen frontoian, hori ere niretzako garrantzitsua dela”.