Eskualdeko historian sakontzeko ibilbide historikoak, prest
Bizkaiko historia deskubritzeko eta garrantzi historiko handiko tokiak ezagutzeko aukera eskaintzen du Bizkaiko Foru Aldundiak prestatzen dituen Ibilbide Historikoak programak. Hamahirugarrenez egingo dituzte aurten.
Udako hilabeteetan, normalean bisitatu ezin diren aztarnategi arkeologikoak aurkitzeko eta ondare-baliabideetara hurbiltzeko aukera ere eskaintzen du Ibilbide Historikoak programak. Hain zuzen ere, ondorengo ibilbide hauek dira programak proposatzen dituenak: Ibilbide arkeologikoak Urdaibaiko aztarnategietan, burdinoletako bideak Lea eta Barbadun ibaietan eta Bizkaiko Zin-bidea. Horretaz gain, tren turistiko baten bidez, natura, ondarea eta historia uztartzen dituen pasealekuez gozatzeko aukera ere badago.
Ekainean eman zitzaion programari hasiera Burdinolen Ibilbideekin. Uztailean, berriz, Urdaibaiko ibilbide arkeologikoetarako bisitak hasi dira, eta irailean Bizkaiko Zin-bidearekin emango zaio bukaera programari. Izen emate eta erreserbak zabalik daude, 688 85 66 89 telefonoan edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan. Bisitei buruzko informazio gehiago jakiteko, www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean aurki daiteke.
Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz ere, jendeari udako hilabeteetan Bizkaiko ondarearen “altxor nagusiak eta haien ingurune paregabea” ezagutzeko aukera eman nahi dio Ibilbide Historikoak programaren bidez. Bisita gidatuek aholkularitza bereziak ere badituzte, gainera; alde batetik, Euskal Herria Museoaren, El Pobal Burdinolaren eta Arkeologia Museoarena, eta bestetik, Bizkaiko historiako indusketan, ikerketan eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalena.
Urdaibaiko ibilbide arkeologikoak, bereziki, Bizkaiko eta aldi berean Urdaibaiko Historiaren 5.000 urteko historia ezagutzeko aukera ematen du, batik bat, Neolitotik Erdi Arora arte. Horrez gain, Urdaibai Biosfera Erreserbako paisaia ederraz ere gozatu ahal da. Helburu nagusia natura-ingurunearen eta ondarearen zaintza eta jasangarritasuna bermatzea izanik, aldundiak Urdaibairen “historiako gertaera erabakigarriak” ezagutarazi nahi ditu. Horregatik, talde txikietan egiten dituzte bisitak, eta horietariko asko oinez egiten dira. Oinez egiten ez direnak berriz, trenez egingo dira, jende gehiagok parte hartzeko asmoz.
Bost dira programak gidatutako ibilbideak: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromataz herrixka, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).
Arrolako oppiuma Arratzuko Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia ezagutzeko bisita birtuala da (tableta erabiliz). Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Arrola mendian kokatuta, Burdin Aroko sekulako talaia eta defentsa-ingeniaritzaren erakusgarria da. Bisita osatzeko, Arrolagune interpretazio-zentroan (Arratzu) Arrolako oppidumeko etxebizitza bat erakusten da, garai hartako bizimodua azaltzeko.
Erromatar herrixkako ibilbideak, Foruko erromatar herrixkara egindako bisita birtualak, iraganera bidaia proposatzen du, Kristo ondorengo I. mendeko herrixkara. Beste behin, tablet baten bitartez, herrixka duela ia 2.000 urte nolakoa zen ikusi daiteke, eta horrela, historia eta kultur ondarea herritarrengana gehiago hurbiltzea lortzen da. Hain zuzen ere, Foruko erromatar herrixka Kristo ondorengo I. mendekoa da, eta Elexalde mendixkan dago, Oka ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzean, Urdaibaiko bihotzean. Herrixka ez ezik, Tourseko San Martin eliza ere bisitatzen da. Eliza horren zoru beiraztatuaren azpian, erromatarren foroaren parte ziren eraikin ikaragarrien eta antzinako nekropolien aztarna baliotsuak daude, besteak beste.
Tribisburuko metropoliaren ibilbidea, aipatu bezala, Bermeo inguruan egiten da, nekropolia Sollube mendian dagoelako. Erakusketa horretan, batez ere erromatarren garaiko hilobi eta hileta-errituak ikusi daitezke. Duela 2.000 urte bertan bizitakoek erabiltzen zituzten.
Ereñozar gazteluko ibilbidean Ereñozar mendiaren tontorraren nondik norakoak ezagutzen dira. Gaur egun Urdaibaiko estuarioaren zelataria da, eta hala izan da duela 1.000 urtetik hona, Tontorrean kokatutako ermita txikian kondaira eta historia batzen dira. Bertan, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zen gazteluaren eta geroagoko nekropoliaren aztarnak ikus daitezke. Nekropoli horretan, Ereñozar mendiaren oinetan zeuden herrixketako biztanleak lurperatzen ziren, XVI. mendean Ereñoko eliza eraiki baino lehen.
Bestalde, Katillotxuko estazio megalitikoaren ibilbidea Bizkaiko historiaurreko hileta-ohiturak eta -errituak ezagutzeko ezinbesteko bisita da. Ibilbidea oinez egiten da, Katillotxu mendiko paisaia ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak gertutik ikusten diren bitartean.
Bisita bereziak. Beste urte batez, ohiko bisiten eskaintza horrez gain, bisita bereziak ere eskaintzen dituzte uztailean eta abuztuan. Zapatu honetan [uztailak 20], adibidez, Katillotxuko estazio megalitikoaren ibilbidea Juan Carlos Lopez Quintana arkeologo eta indusketa zuzendariarekin batera egingo dute. Domeka honetan eta hilaren 28an, gainera, Arrolako Oppiumera joango dira oinez, Arratzutik 09:00tan aterata. Azken hitzordu horretan, Juan Jose Cepedaren gidaritzapean bisitatuko dute Oppiduma.
Abuztuan zehar, besteak beste, Arrolako Oppiumerako bisitarekin batera, bertoko toponimia eta euskarari buruzko aztarnategirako bisita eskainiko dute Labayru Fundazioaren eta Adolfo Arejitaren eskutik (abuztuak 3), eta Amador Prietorekin Tribisburuko metropolira bisita botanikoa ere egingo dute abuztuaren 16an.