Okamika eta Uribe txapeldun, Ajangizko horma bakarreko txapelketan
Azken orduko bajak tarteko, hamar pilotarik bost bikoteko desafioa lehiatu zuten Mendietako frontoian, eta Okamika gizaburuagarrak eta Uribe leioarrak osatutako bikoteak eroan zuten txapela.
Aurten bederatzigarren urtez antolatu dute Ajangizen horma bakarreko pilota txapelketa. Azken orduko bajak tarteko, hamar pilotarik bost bikoteko desafioa lehiatu zuten Mendietako frontoian, eta Okamika gizaburuagarrak eta Uribe leioarrak osatutako bikoteak eroan zuten txapela.
Zozketa bidez erabaki zituzten bikoteak, eta arduradunek adierazi dutenez, irabazleena eurena izan zen bikoterik faboritoena. Aurreikuspenak bete egin zituzten, baina kostata, ze kanporaketa lehiatzea egokitu zitzaien, lehenengo.
Hain zuzen ere, lehenengo partidu hori Beitia eta Alonsoren aurka lehiatu zuten, horiek garaituz. Txapelketako finalaurrekoetan, berriz, Albisu eta Muruagak Izagirre eta Atutxaren kontra lehiatu zuten, eta Izagirre eta Atutxa nagusitu ziren. Bigarren finalaurrekoan, aldiz, Okamika eta Uribek Arrizabalaga eta Azkarraga izan zituzten aurrez aurre, eta txapeldunek garaitu zituzten Lea-Ibarra Motrollo taldeko kideak.
Hala, finalean nor baino nor gehiago aritu ziren Okamika eta Uribe Atutxa eta Izagirreren aurka. 19-22 irabazita gailendu ziren txapeldunak, lan bikaina eginda. Hala ere, finalera “nekatuta” ailegatu zirela diote, hiru partidu jarraian lehiatu behar izan zituztelako.
Finala “parekatua” izan zen, eta lehia “polita” erakutsi zuten bikoteek. “Azkenera arte parekatuta joan zen partida, baina azken txanpan hiru tanto segidan egin zituzten irabazleek, eta horri esker aldea zabaltzea eta irabaztea lortu zuten”, azaldu dute arduradunek. Izagirre eta Atutxa ez zirela “bikoterik gogorrena” adierazi dute antoltzaileek, baina euren “lan ona” nabarmendu dute, finalean lehiakor aritu zirelako: “Ondo moldatu ziren eta aurpegia eman zuten”.
Okamika eta Uribe finalean “nekatuta” aritu ziren arren, partida bat gehiago jokatzeak frontoia hobeto ezagutzeko eta frontoiko ezaugarrietara moldatzeko balio izan ziela onartu dute; batez ere Uriberi balio izan zion horrek, inoiz ez zuelako aurretiaz Ajangizko frontoi horretan jokatu. “Esan zuen lehenengo partidua erraz irabazi zutenez, lehia hori ondo etorri zitzailea finalaurrekoak eta finala jokatzeko, lehia gogorrak izan zirelako”, esan dute antolatzaileek.
Pilotariak “gogotsu” aritu ziren, eta “pozik” amaitu zuten lehia: “Giro aparta sortu zen herrian. Gainera, ikusleak iparraldetik ere bertaratu ziren, eta batzuk animatu ziren kantxara jolastera”. Horrez gain, txerriki janak gustu ona jarri ziola egunari gehitu dute. Hala, balorazio on horrek txapelketagaz aurrera segitzeko gogoa eman die antolatzaileei.