Gaztelugatxeko kala garbitzeko hitzordua jarri dute
Boluntariotza jardunaldiagaz bat egin nahi dutenek uztailaren 18a [eguena] izango dute izena emateko azken eguna.
Bermeoko Udalak, Lurgaia Fundazioaren eta Herri Babesaren laguntzagaz, Gaztelugatxeko kala plastikozko hondakinez garbitzeko boluntariotza jardunaldia antolatu du, itsas inguruneari eragiten dion “arazo larriaren” inguruan sentsibilizatzeko eta zabaltzeko. Zapatuan [uztailak 20] jarri dute hitzordua, 09:00etan. Izan ere, parte hartzaileak Eneperi jatetxearen ondoan dagoen goiko aparkalekuan elkartuko dira, garbiketa eremura elkarrekin joateko.
Gaztelugatxe biotopo babestua den arren, bere sarbide zailak itsasoak itsasertzera eramandako plastikoak metatzea dakar, “leku enblematiko” hori zikinduz. Horregatik, eremu hori garbitzeko jardunaldia antolatu dute. Era berean, gogoratu dute garbituko dutena harri handiko hondartza dela eta, gainera, irrist egiten duela. Hori dela eta, antolatzaileek oinetako egokiak — mendiko botak edo eskarpinak, esaterako — eramateko deia egin dute. Era berean, eguzkitik ondo babestearen beharra gogorarazi dute, eguzkitako betaurrekoak eta krema eramateko eskatuz. Lanak bukatu ostean hamaiketakoa egingo duten arren, garbiketa egin bitartean bakoitzak bere ura eta jatekoa eraman beharko ditu.
Boluntariotza jardunaldiagaz bat egin nahi duenak eguena [uztailak 18] izango du horretarako azken eguna, eta info@lurgaia.eus helbide elektronikora idatziz, 94-657 61 10 edo 606 14 18 37 telefono zenbakietara deituta edo Lurgaia Fundazioaren web orrialdearen bitartez egin ahal izango dute.