EHUko Historia fakultateko ikasleak 'Ortube' arrantza ontzia berreskuratzeko lanetan aritu dira
Ontzia berreskuratzeko lanetan aritu dira 19-20 urteko bederatzi ikasle, beraien unibertsitateko kanpoko praktika akademikoak burutzeko baitan.
Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako hitzarmenaren barruan, Historia fakultateko hirugarren mailara igarotzear dauden bederatzi ikasle aritu dira Bermeoko Ortube arrantza ontziaren berreskurapen lanetan. Ikasleek beraien prestakuntza akademikoan jasotako irakaskuntzak praktikara aplikatzea eta lan profesionalera begirako beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzea izan dira lan hori bideratu duten xede nagusiak.
Joan den domekan hasi [uztailak 7] eta gaur [uztailak 15] eman diote amaiera lan horri. Bermeoko Udalarena den Almikako aterpetxean egon dira ikasleak, eta “oso pozik” agertu dira, izan ere, “teoriaz haratago doazen praktikak” egiteko aukera izan dute, besteak beste. Bost egunez, 08:00etatik 15:00ak bitartean aritu izan dira lanean. Gainera, industria ingeniaria eta 2017. urtetik Ortube ontziaren berreskurapeneko buru den Juan Andres Diez Ulzurrun eta EHUko ikertzaile Doktoreduna den Joseba Agirreazkuenagarekin elkarlanean jardun dute. Hala nola, lantaldean sakondu ere egin dute. Izan ere, adierazi dutenez, historialariek taldean ikertzen ikasi behar dute.
Ondasun historikoa den heinean, egurrezko ontzien berezitasunetan eta motorren arkeologia industrialetan sakondu dute ikasleak, horrela, Ortube itsasontziaren egitura bertatik bertara ezagutzeko aukera izanik. Gainera, berreskurapenaren prozesuan erabilitako metodologia eta ontziak dituen Echevarria lantegiko motorrak ezagutzeaz gain, Ortuberen inguruan erlazionatu izan diren pertsona eta langile guztien etnografiaz gehiago jakiteko aukera ere izan dute ikasleek.
Eskuz egindako lanez aparte, gaian adituak direnen hainbaten hitzaldiak ere entzun dituzte astean zehar, eta era berean, Bermeo eta bere inguruak bisitatzeko tartea ere izan dute; Mater ontzia Bermeoko portuan izan dela aprobetxatu zuten, eta Arrantzaleen Museoa eta Ekoetxea Urdaibai ere bisitatu zituzten. Ikasleek Diezen “prestutasuna” nabarmendu dute, laguntza eskertzeko. Berau ere “pozik” agertu da, eta ikasleen inplikazioa ikusirik “harro” sentitu da.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eta Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak ikasleek egindako lana bertatik bertara ezagutzeko Ortube itsasontzia bisitatu zuten aurreko astean. Baita ere, Diezekin gazteen esperientziaz hitz egiteko aukera izan zuten, eta egindako lanagatik eskerrak eman zizkieten. Hain zuzen ere, udal arduradunak “oso pozik” geratu dira hitzarmenarekin, eta batez ere, Ortube arrantza ontzia birgaitzeko proiektuaren onurak nabarmendu nahi izan dituzte.