Tradizioari hutsik egin barik datoz Karmen jaiak Busturialdera
Arronategi eta Mañu auzoak batu egin dira lau eguneko jaiak ospatzeko, bigarrenez. Itsasoan aritutakoak gogoratuko dituzte Zendokizen eta Elantxoben.
Jairik jai dabiltza Busturialdeko herritarrak asteotan. Hala, asteburuan batzuek sankristobalak ospatuko badituzte ere, Karmen jaietan murgilduta ibiliko dira beste batzuk. Bermeoko Arronategin eta Mañun gaur hasiko dituzte Karmen jaiak, eta martitzenean eguna goi-goitik ospatuko dute bai Bermeon, bai Elantxoben. Arteagarrek, berriz, hurrengo asteburura arte itxaron beharko dute Karmen eguna ospatzeko.
Iaz hasitako bideari jarraipena eman eta aurtengoan ere Arronategi eta Mañu auzoak batu egin dira Karmengo Amaren jaiak ospatzeko. Historikoki karmenak beti izan direla Mañuko jaiak adierazi du Izarra Elortegi Arronategiko auzo alkatea, baina Mañuko eliza Mañukoen zein Arronategiko bizilagunen topagunea ere badela azaldu du: “Izatez Arronategi auzoa ere Mañuko elizari dagokio, parrokiz. Denon artean, auzo biak batuta, indarrak batzeko erabakia hartu genuen iaz eta aurten ere horrela segitzea erabaki dugu”. Indarrak batzeko eta antolakuntzan jende gehiago egoteko batu direla dio Elortegik, izatez denak biltzen direlako eliza inguruan. Hori berretsi du Josu Bittor Aiestaran Mañuko auzo alkateak: “Indarrak batzea da helburua. Eliza biena da eta elizaren inguruan egiten direnez gauza guztiak, beti egon da lagunen arteko erlazioa gure artean”.
Egutegiari begira hasi ohi dituztela jaiak diote, Karmen Eguna asteko zein egun den zehazteko. Eguna bera martitzenean bada ere, gaur hasiko dituzte ospakizunak, eta eguaztenera arteko lau eguneko egitarau zabala prestatu dute, auzoko zein herriko ume, gazte eta helduek ondo pasatzeko.
Ohi modura, jaiak txupinagaz eta mus txapelketagaz hasiko dituzte, eta hitzordu gastronomikoek ere ez dute hutsik egingo: paella eta tortilla txapelketetan elkartuko dira bizilagunak. Hirugarren aldiz egingo dituzte paellak, eta “erantzun ona” izan ohi dutela diote, nahiz eta askotan eguraldiaren araberakoa izaten den erantzun hori. “Lehen sukalkia egiten zen, baina zailagoa zen hori prestatzea, denbora gehiago eskatzen zuelako; eta, jende gaztearentzako errazagoa da paella egitea”, azaldu du Aiestaranek. Iaz zortzi paella aurkeztu zituzten, eta aurten ere horrenbeste nahi dituzte. Hori bai, gogoratu dute aurkeztutako paellak okelaz egindakoak izan beharko direla.
Parte hartzaileek paellak prestatzen dituzten bitartean, KIETB erraldoi txikien erakustaldia egongo da plazan, eta umeentzako puzgarriak ere jarriko dituzte arratsaldean. Tortillak prestatzen hasi aurretik, Joxepa Kale kalekoak ere bertaratuko dira, eta musikaz girotuko dute egonaldia.
Horiek kontutan hartuta, jende gehien egun horretan biltzea aurreikusi dute. Hala ere, Karmen eguna ere egun handia izaten da auzoan. “Jendea mezara bertaratzen da, eta gero umeentzako jolasak egoten dira auzoan. Arratsaldean, berriz, herri kirolek izaten dute protagonismoa. Eta aurten ere horrela izango da”, dio Elortegik. Hain zuzen ere, herri kirol erakustaldia Sustabizekoek eskainiko dute: trontzan, ingudean, harri jasotzean eta txinga eroatean ariko dira. Aizkolaririk ez dutenez elkartean, Bihurri eta bere semea bertaratuko direla Mañura jakinarazi du Aiestaranek. Karmen Bigarrenean, ohi bezala, makailao janagaz eta zaldi gazteen erakustaldiagaz amaituko dituzte jaiak.
Herritarrei ekintza guztietara bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, denetarik eta adin guztientzako ekintzak egongo direlako.
Ohiturei eutsita.
Elantxobetarrentzako ere egun berezia izaten da Karmen Eguna, arrantzari lotutako herria baita. Aurten, Karmen Egunean bertan egingo dituzte ospakizunak, eta ohiturei segika, meza ostean Karmengo Amaren omenezko prozesioa egingo dute Tinglaupetik Kurtzeko moilaraino. Han loreak uretara botako dituzte, batik bat itsasona hildakoak gogoan izateko. Sardina erreak jateko tartea ere hartuko dute.
Estropadak ere ez dira faltako aurten, horiekin hasiko baitute eguna. Eta, jai guztietan modura, musika izango dute egonaldia girotzeko, izan ere, Ardoa Barrura fanfarreakoak bertaratuko dira eguerdian, eta Aiko dantza taldeagaz egingo dute Dantza Poteoa arratsaldean.
Gautegiz Arteagako Zendokizen ere tradizioz ospatzen dute eguna Karmengo baselizaren inguruan. Historikoki, arteagarrak itsasgizonak izan dira, eta egun horretan familiakoen babesa eskatzera joan ohi ziren baselizara. Hala, aurten ere, tradizio horren bueltan elkartuko dira hilaren 21ean, eta Artie dantza taldearen dantzaldiaz gozatuko dute.
EGITARAUA.
ARRONATEGI ETA MAÑU AUZOAK (BERMEO)
Gaur
19:00. Txupinazoa.
19:00. Mus txapelketaren izen ematea.
20:00. Mus txapelketa.
Bihar
11:00. III. Paella Txapelketarako izena ematea.
12:30. Bermeoko Erraldoi Txikia.
13:30. Paellen aurkezpena.
16:00. Umeentzako Gaztelu puzgarriak, bi orduz.
18:30. III. Paella Txapelketako sari banaketa.
19:00. VI. Tortilla Txapelketarako izena ematea.
19:00. Josepa Kale Kale.
21:00. VI. Tortilla Txapelketako aurkezpena.
22:00. VI. Tortilla Txapelketako sariak.
Martitzena, uztailak 16, Karmen Eguna
11:30. Meza nagusia.
13:00. Umeen jolasak.
18:00. Umeentzako gaztelu puzgarriak.
18:00. Meza.
20:00. Herri kirolak Sustabizen eta Bihurriren eskutik.
Eguaztena, uztailak 17, Karmen Bigarrena
20:00. Makailao jana eta trikitilariak.
21:00. Zaldi proba erakustaldia.
ELANTXOBE
Martitzena, uztailak 16, Karmen Eguna
11:00. Umeen estropadak.
12:00. Meza santua eta sardina jana.
13:00. Ardoa Barrura fanfarrea.
18:00. Arratzuko Piratak taldekoen eskutik puzgarriak, Tinglauan.
19:30. Aiko Dantza Taldeagaz Dantza Poteoa.
ZENDOKIZ AUZOA (GAUTEGIZ ARTEAGA)
Domeka, uztailak 21
11:00. Meza.
Ostean. Artia Dantza Taldearen erakustaldia eta trikitilariak.