Elantxoben eta Gaztelugatxen kudeatzaile turistiko bana jarri dute
Bisitariek modu "erraz eta era intuitiboan" ezagutu ahalko dituzte bertoko turismo baliabideei buruzko datuak horien bidez. Gaztelugatxeko turismo kudeatzailea udan bakarrik zabaltzen duten turismo informazioko puntuaren ondoan kokatu dute, eta, Elantxobekoa, berriz, Bidekalean dago, busaren plataforma birakariaren ondoan.
Bi kudeatzaile turistiko berri jarri dituzte Urdaibain; bata Elantxoben, bestea Gaztelugatxen. Horiei Gernika-Lumokoa gehituta, bisitariek hiru kudeatzaile turistiko erabiltzeko aukera dute Urdaibain.
Hala, ukipen pantailen bidez, bisitariek modu “erraz eta era intuitiboan” ezagutu ahalko dituzte bertoko turismo baliabideei buruzko datuak. Inguruari buruzko informazio zehatza ere jasoko dezakete, baita zerbitzuei buruzko argibideak ere, hala nola ostatuei, jatetxeei edota garraiobideei buruzkoa. Horrez gain, euren inguruan dauden jarduerei buruzko informazioa ere eskainiko diete kudeatzaile horiek: bisita gidatuak, museoak, mendi ibilaldiak, uretako jarduerak, kultur ekintzak, gastronomikoak… Eta, zelan ez, balio natural, historiko eta kulturalagatik interesgarrienak diren tokiei buruzko informazioa ere eskainiko diete.
Hiru pantaile interaktibo horiek Urdaibairi buruzko turismo informazio guztia lau hizkuntzatan eskainiko dute, eta erabilerari buruzko kontrol estatistikoa egiteko aukera ere eskainiko dute. Gainera, eduki berriak automatikoki eguneratu daitezkeela ziurtatu dute, eta informazioa hainbat formatutan deskargatzeko aukera eskaintzen dutela ere bai, QR kodeen bidez.
1.200 kontsultatik gora.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak gogoratu dunez, Gernikako Batzarretxearen inguruan kokatutako turismo kudeatzaileak 1.200 kontsulta baino gehiago izan zituela iazko uztailean eta abuztuan.
“Bi pantaila berri hauekin, beste urrats bat ematen dugu informazio turistikoa eskaintzeko dugun azpiegitura guztia digitalizatzeko. Gaztelugatxe da urte osoan zehar turista gehien biltzen den guneetako bat, eta kasuistika horrez baliatu gura izan dugu bisitari fluxu hori eskualdeko beste interesgune batzuetara bideratzeko”, adierazi du Aitziber Ansotegi elkarteko gerenteak. Elantxobeko pantailaren kasuan, berriz, estuarioaren eskuinaldean horrelako beste informazio gune bat izatea “beharrezkoa” ikusten zuten.
Gaztelugatxeko turismo kudeatzailea udan bakarrik zabaltzen duten turismo informazioko puntuaren ondoan kokatu dute, eta, Elantxobekoa, berriz, Bidekalean dago, busaren plataforma birakariaren ondoan.
Ansotegik dio hiru pantaila horien azken helburua bisitariei “tresna erakargarri eta erabilgarri” bat eskaintzea dela, euren neurrira egindako planak antolatzeko eta Urdaibaiz gozatzeko informazio guztia izan dezaten. Aldi berean, baina, bisitarien profilari buruzko datu garrantzitsuak biltzeko erabiliko dituzte, “bisitariak hobeto ezagutzeko eta turismo eskaintza euren interes eta beharrizanetara egokitzeko”