Surfa, berdintasunerako giltza
III. Emakume Surflarien Eguna ospatuko dute zapatuan [uztailak 13], Mundakan. Kirola, aisialdia eta gastronomia uztartuko dituzte egun osoko egitarauan.
Surfaren munduko emakumeei eta bereziki “gaztetxoenei” plaza emateko sortu zen Mundakan Emakume Surflarien Eguna, eta aurten egitasmoa hirugarren aldira iritsiko da asteburuan. Zapatuan [uztailak 13], egun osoko egitarauaz gozatu ahalko dute hala mundakarrek, nola bertaratzen diren herritarrek. Mundakako Surf Taldeko antolakuntzak surfa, skatea, yoga eta gastronomia ardatz dituen programazioa prestatu du aurtengo ekitaldirako, helburu argi eta garbiagaz: “Emakume surflari gazteenek eredu edo iparrorratz bat eduki dezaten egiten dugu egun berezi hori, surfaren mundura sartzea sarritan gaitz suertatzen baitzaie. Emakume Surflarien Egunak muga hori gainditzea du helmuga”. Azken urteetako jarraipenari jaramon eginda, argitu dute 40 lagun inguru bertaratzea aurreikusten dutela.
Eguna Talan hasiko dute. Goizez, umeei zuzendutako margotze eta esku lan tailerrak egingo dituzte. Jarraian, 12:00ak inguruan, haur nahiz nagusi yoga saioan elkartuko dira; saio hori alor horretan aditua den herritar batek emango duela aurreratu dute antolatzaileek. Ondoren iritsiko da eguneko estreinako uretaratzea: “Klubeko kideek laguntza emango diete gazteei, olatuak hartzerakoan”. Uretatik kaleratu ondoren, eguneko partaideak surf klubaren egoitzaren aurrealdean elkartuko dira, bazkaritarako. Aurten, egitasmoan izena emandakoek bakarrik edukiko dute bazkaritara geratzeko aukera, beste aldi batzuetan ez bezala. Hain zuzen, bakaritarako izena emateko, barikuan [uztailak 12] surf taldearen egoitzara jo beharko dela iragarri dute, eta txartelak 8 euro balioko dutela ere bai.
Indarrak berreskuratuta, berriro itsasoratuko dira surflariak, arratsaldeko surf saioa egiteko. Uretatik lehorrera eginda, frontoian skate saioa egingo dute: “Egunari beste kolore bat ematen dion ekimena da”. Tarte horretan, bestalde, “hainbat produktu” zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean. Eguna borobiltzeko, zuzeneko musika baliatu gura dute antolatzaileek: “Kontzerturen bat antolatu gura dugu, baina, gaur-gaurkoz, ez daukagu ezer lotuta”.
EGITARAUA
10:00. Umeentzako margotze eta esku lan tailerrak, Talan.
12:00. Yoga saioa, Talan.
12:30. Surfa egiteko tartea.
13:30. Talde bazkaria.
Bazkalostean. Surfa egiteko tartea.
17:30. Skate saioa, frontoian.
18:30. Zozketa.