Parte hartze jendetsuagaz itzuliko da V. Txipiroi Swim
Lau urteren ostean, Eako itsas zeharkaldia berreskuratu dute, eta igerilariek egundoko erantzuna eman diote aurretiazko izen emateari: ibilbide luzerako leku denak bete dituzte.
Uztailaren 27an, Txipiroi Swim bueltatuko da. Eako itsas zeharkaldia indarberrituta itzuliko da bere bosgarren ekitaldian, 2020an egin baitzuten azkenengoz. Bira Birra Kirol Klubeko partaideak “ilusioz eta gogotsu” ari dira azken prestakuntza lanak egiten, aurreikuspenik onenak baituzte. Hain zuzen ere, ibilbide bi edukiko dituzte, nagusiei eta umeei zuzenduak. Itsas zeharkaldi luzeak 3.000 metro inguruko luzera edukiko du, eta igerilariek Kaiarrira joan-etorri egin beharko dute. Ibilbide horretan, 100 parte hartzaileko izen ematea zehaztu zuten, eta jadanik beteta dago. Txipiroitxu Swim izeneko ibilbide laburra moila eremuan egingo dute, eta 300 metro ingurukoa izango da; aukera horretarako izena emateko aukera dute haurrek, eta 50 plaza egongo dira. Izen ematea www.sailkapenak.com web orrialdean egin behar da; hilaren 25a da aurretiaz izena emateko epemuga, 10 euroren truke.
Lau urteren ostean, igerilarien erantzun aparta “harriduraz” hartu dute antolatzaileek: “Zeharkaldiarekiko atxikidura dutela frogatu du jendeak, eta oso eskertuta gaude”. Egunean bertan tokiren bat libratuko balitz, aurreratu dute itxaron zerrenda bat dagoela eta, aukera balego, “zerrendan apuntatuta daudenak” sartuko liratekeela. Nagusien zeharkaldirako bezalaxe, egunean bertan Txipiroitxu Swimerako izen ematean tokirik balego, igerilariak aukeragaz leudeke: “Egoera emango balitz, irteera ordua baino ordu erdi lehenago apuntatu ahalko lirateke”. Hain zuzen, haurrak 11:00etan hasiko dira igerian; nagusiak, ostera, ordu erdi beranduago uretaratuko dira.
Kirola baino askoz gehiago.
Itsas zeharkaldiaren antolakuntza prozesuan “herriko hainbat eragilek” parte hartu dute: “Tabernek eta komertzioek egundoko prestutasuna erakutsi digute, eskertzekoa da”. Probak amaituta, gainera, parte hartzaileek tabernetan pintxo bana jateko txartelak jasoko dituzte, “probaren oroigarriez gain”: “Geure asmoa herrian egun osoko giro ederra sortzea da, kirol egitasmoaz harago”. Hori bai, ibilbide luzeko lehen hiru emakumezkoek nahiz gizonezkoek sariak jasoko dituzte. Zozketak ere egongo direla aurreratu dute.