Ezbeharra Tourrean: Pello Bilbaok lasterketa utzi du, birus batengatik
12. Etapan irteera hartu badu ere, bizikletatik jaitsi behar izan da gaur [uztailak 11]. Bahrain Victorious taldetik aurreratu dute COVID-19a eduki dezaketela zenbait kidek, oraindik ezer baieztatu ez arren.
Pello Bilbao Lopez de Armentia Frantziako Tourreko tropeletik kanpo dago. Bahrain Victorious etxeko gernika-lumotarrak lasterketa bertan behera utzi du gaur [uztailak 11], 12. etapa lehiatzen ari zela. Atzo [uztailak 10] 36 minutu galdu zituen Le Liorango helmugan, sailkapenean aurrera egiteko zuen aukera oro galduz; taldetik aurreratu zuten zenbait kide birusen batek jota zeudela.
Oraindik baieztatuta egon ez arren, COVID-19a Tourraren tropeleko zenbait talde jipoitzen egon daiteke. Batik bat, txirrindulari euskaldunei egokitu zaie birusaren ondorioak pairatzea: Cofidis etxeko Ion Izagirre ormaiztegiarra ezin izan zen 11. etapan abiatu, eta orain Bilbao da etxera joan dena.
Urtearen birmoldatzea.
Etapa garaipenen jokoan ibiltzeko eta sailkapen orokorrean ohorezko postua lortzeko helburuekin ekin zion Tourrari Bilbaok, Firenzen. Lehiatik kanpo geratuta, baina, denboraldiaren bigarren zatia birplanteatu beharko du. Izan ere, Espainiako Txirrindularitza Federazioak asteon eman du aditzera Olinpiar Jokoetan ariko diren ziklisten zerrenda, eta gernika-lumotarra kanpoan geratu da. Espainiako Itzulia eta Munduko Txapelketak izan ditzake, beraz, urte amaierako helmuga.