Ajangizko horma bakarreko frontoian nor baino nor gehiago ariko dira sei bikote
Hamabi pilotarik sei bikoteko desafioa lehiatuko dute bihar, 18:00etatik aurrera, Ajangizko Mendietako horma bakarreko frontoian. Oraingoan ere, eskualdeko zein inguruko pilotariak ariko dira txapelketan..
Aurten bederatzigarren urtez antolatu dute Ajangizen horma bakarreko pilota txapelketa. Hamabi pilotarik sei bikoteko desafioa lehiatuko dute bihar, 18:00etatik aurrera, Mendietako frontoian.
Kanporaketa bi, finalaurrekoak eta finala lehiatuko dituzte barikuan bertan, kanporaketak hamasei tantora, finalaurrekoak 18ra eta finala 22ra. Bikoteak momentuan bertan osatuko dituzte, zozketa bidez, eta horitako bi zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara; beste laurek aurreko kanporaketa lehiatu beharko dute.
Oraingoan ere, eskualdeko zein inguruko pilotariak ariko dira txapelketan, eta horien artean egongo dira lehen mailako afizionatuak edota profesionalak izandakoak ere bai. Arrizabalaga, Okamika, Uriondo, Izagirre, Muruaga, Albizu, Azkarraga, Beitia, Bikandi, Atutxa, Uribe eta Amiama dira nor baino nor gehiago ariko direnak. Lehenengo zortzirak Munitibarko Lea Ibarra-Motrollo taldekoak dira, eta Bikandi eta Atutxa iurretakoak. Leioatik gerturatuko dira, berriz Uribe eta Amiama.
Horien artean, Uriondo nabarmendu dute antolatzaileek, profesionala izandakoa delako Gizaburuagako pilotaria. Hala ere, Lea Ibarra-Motrollo pilotari taldeko zortzi pilotariak ere aitatu dituzte, Ajangizen aurretiaz ere horma bakarreko frontoian aritu direlako. “Munitibarko klubekoak aurreko urteetan ere aritu dira, eta eurak dira frontoia gehien ezagutzen dutenak. Beraz, faboritoak klubekoek osatutako bikoteak izan beharko litezke”, azaldu dute. Iurretako eta Leioako pilotariak lehenengoz ariko dira Ajangizen, baina frontoi zabaletan aurretik ere aritutakoak direla esan dute, “beste modalitate batzuetan”.
Baina frontoia ezagutzeak abantailak eskaini ditzake, eta irregulartasunak non aurki daitezkeen ondo dakite Arrizabalagak eta Uriondok, hiruna aldiz irabazi baitute txapelketa; laugarren txapela lehenago nork irabazi lehiatuko dute oraingoan. Lagunarteko lehiakortasun hori aspaldian frontoi horretan aritzen zirenek ere edukitzen zutela gogoratu dute antolatzaileek.
Horma bakarreko frontoian ariko dira, baina ez dituzte joko libreko arauak beteko. Joko librearen eta bi paretako frontoiko ohiko modalitateen arteko “hibrido” bat egingo dute: “Joko libre modura lehiatuko dtre, baina arauetan zenbait aldaketa eginda. Ez dituzte joko libreko lege guztiak erresetatuko, joko librean frontoiak zabalera gehiago izaten duelako. Frontoiko marren antzerakoak jarriko dituzte, baina horma bakarrean ariko dira”.
Partida “bereziak” izaten direla diote, Euskal Herrian gutxi daudelako horrelakoak; Iparraldean gehiago jokatzen da era horretan, eta “kuriosoa” izango dela diote: “Ikusleentzako desberdina den partidak ikusteko aukera izango da; horrelako partidak politak izaten dira”. Esan dutenez, Lekeition ere badako horma bakarreko lehia, Zapaterito deitutakoa, baina hori hilabeteko txapelketa izaten dela diote.
Desafioaren ostean, bikote irabazleak txapela jantziko du, eta bertaratzen direnek txerrikia jateko aukera izango dute. Gantzabal Elkarteak antolatu du txapelketa, Ajangizko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Hain zuzen ere, Ajangizkoa da aldundiak Bizkaian horma bakarreko frontoi legez katalogatuta daukan bakarrenetakoa.