Itsasoaren zaintzarako atunontzia Bermeon dago
Egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handia da 'Mater', Ontzi Museo Ekoaktiboan bihurtutakoa, eta atzo (uztailak 9) ailegatu zen Bermeora. Etzi goizera arte egongo da portuan, denetako ekintzak eskainiz.
Itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldian itsasoratuta dabil Mater ontzi-museoa, eta itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzeko eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzeko lau eguneko geldialdia egiten ari da Bermeoko portuan; barikura bitartean egongo da bertan. Egun horretan, aingura altxatu eta Ondarroara joateko norabidea hartuko du itsas museoak, gero Mutriku eta euskal kostaldeko hainbat portu ezagutzeko. Bitartean, denetariko ekintzak prestatu dituzte bermeotarrentzat.
Zero Zabor Uretan kanpainaren baitan lehorreratu da Bermeon Mater, kanpainaren seigarren aldian hausnarketa prozesu parte hartzaile bat sortzeko eta hondakinen problematikari irtenbidea bilatzeko asmoz. Ze, hondakin onena sortzen ez dena dela dio itsasontziaren leloak. Lerroburu hori aintzat hartuta, bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak eta itsasoa zein bizia zaintzeko aldarrikapenak egiten ari dira portutik portura.
Izan ere, datuen arabera, urtero 12 milioi tona zabor ailegatzen dira itsasora, eta horietatik ia %85 hondakin plastikoa dira, mikroplastiko ezagunak sortzen dituztenak. Hain zuzen ere, 2050erako arrainak baino plastiko gehiago egongo da itsasoan. Itsasoko plastikoek gehigarri kimikoak askatzen dituzte eta uretan disolbatutako beste kutsatzaile batzuk xurgatzen dituzte; eguzki izpiek eta itsasoaren mugimenduak plastikoa mikro eta nanoplastikoan zatitzen dute, baina ez da inoiz desagertzen. Hain zuzen ere, mikroplastikoek uraren zikloak sakabanatzen ditu, eremu guztiak kutsatuz: itsasoa, airea, ura, basoak, elikagaiak eta izaki bizidunak.
Eta kantauri itsasoa hondakin metaketa handiko zonaldea dela adierazi dute gaur Bermeon: ibaietatik zabor kantitate ugari jasotzen du eta itsas korronte eta haizeak bertan pilatzen ditu zaborrak. Distribuzioa eta kantitatea “oso aldakorra” da zonalde eta garaiaren arabera bertan, egun batzuetan oso zikina delako eta besteetan hondakin gutxi ikus daitezkeelako.
Gainera hondakinen %70 itsas hondoan pilatzen da, material ugariena plastikoa izanda eta arazoa ikusezina bihurtuta. Beste %30 ur zutabean eta gainazalean banatzen da, itsas korronteek osatutako “plastikozko uharteak” sortuz.Ā
Horiek horrela, Mater ontzia bisitatu dutenei euren zeregina “oso garrantzitsua” dela adierazi diete, hondakinen murrizketa sustatzen duten ohiturak aldaketzeko eskatuz. Izan ere, itsasoko zaborraren %80 lehorreko hondakinen egungo kudeaketatik dator, baita gizartearen kontzientziazio eta konpromiso faltagatik ere.Ā
Bisitariei ikusarazi diete itsasoa gizadiaren bizi eta “despentsa” dela, “zaborrontzi handi bat bihurtu baita gizakien hondakinengatik, hobetu beharreko birziklapenaren kudeaketagatik eta herritarren kontsumo ohitura arduragabeengatik”. Datuak ere eman dizkiete hori justifikatzeko: 10 milioi tona plastiko bidaltzen dira urtero itsasora, eta, ondorioz, kreditu txartel baten baliokidea da gizakiek astebetean mikroplastikoetan xurgatzen dutena. Ingurumen arazoa da, baina osasun publikoarena ere badela gehitu dute.Ā Ā
Hala, Mater ontzian prebentzioaren aldeko apustua egiten dute, ingurumen hezkuntzako jardueren bidez, eta gutxiago eta hobeto kontsumitzeko gomendioak eskaintzen dizkiete bertaratzen direnei, itsasoa zaintzea “ingurumena eta osasuna zaintzeko modu bat” ere badelako. Hala, biodibertsitatearen alde eta hondakinen kontra egiteko ohituretarako konpromisoak hartzera gonbidatzen dituzte bisitariak.Ā
Mater euskal portuetara iristeagaz batera, amaiera eman diete hilabete batzuk lehenago herri horietan hondakinen prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko tokiko eragileekin hasitako lanari. Sentsibilizazio hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenen bidez sinergiak sortu dituzte, tokian tokikotik arazoaren globalera eta konponbideetara jarduteko. Hala, udalak, komunikabideak, gizarte erakundeak eta tokiko dendak dira aurtengo protagonistak.Ā
Hain zuzen ere, parte hartze horren harira, komunitatean bi figura erraldoi sortu dituzte, ikusezina ikusarazteko helburuz: BIO (Bizitzaren Sarea), biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen duena eta dozenaka algaz zein itsas animaliaz egina dagoena; eta ZABOR (Itsas Hondakinen Munstroa), gizarte gisa existitzen diren kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza dena eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatuta dagoena. Erraldoi horiek Mater ontziaren tripulazioaren parte dira itsas zeharkaldiak iraun bitartean.
Izaskun Suberbiola kanpainaren arduradunak dio itsas hondakinen “inbasioa gelditu beharra” dagoela: “Gure hondakinak murrizten hasi behar dugu, eredu izateko eta ingurune osasuntsu, justu eta etorkizunekoa sortzeko”. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok ontzi museoaren aurkezpenean esandakoari kasu eginez, itsasoen kutsadura “lehen mailako arazo” bihurtu da, eta itsas biodibertsitateari ez ezik, “giza osasunari, gure gizarteari eta kostaldeko eremuetako ekonomiari ere eragiten” dio.Ā
Egitaraua.
Gaur.Ā
17:00-20:00. Bisitak Ontzi Museora.Ā
17:00-20:00. Dinamikak Portuan.Ā
Bihar.Ā
11:00-14:00. Bisitak Ontzi Museora
11:00-14:00. Dinamikak Portuan.
17:00. Sormen Birziklatze Tailerra.Ā
17:00-20:00. Dinamikak Portuan.
Aurrekariak
MATER
MATER baxurako euskal arrantza-ontzi tradizional bat da, Ontzi Museo Ekoaktibo bihurtua,
gizartea bere ingurumenaren kontserbazio aktiboan sentsibilizatu eta inplikatu nahi duena.
Upategi zaharrean hezkuntza-lana egiteko gela bat izateko egokitu ondoren, euskal boniteren
egitura tradizionalari eta funtsari eusten jarraitzen du, eta gure itsasertzean itsas kanpainak eta
dibulgazio-ibilaldiak egiteko aukera ematen du.
Gaur egun, MATER, Museo Ekoaktibo gisa, ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioa lantzen ditu
bere jardueren bidez. Lan hori egin ahal izateko, hainbat proiektu eta kanpaina egiten dira,
egungo ingurumen-arazoari hainbat ikuspegitik heltzeko.
ZERO ZABOR URETAN kanpainaren helburua hortaz, gaur egun jasaten ditugun
ingurumen-arazoak konponbideetan herritarrak inplikatzea da, itsas hondakinen arazoa
azpimarratuz.