Kooperatiben Mahaia Elkartearen Talentatu proiektuak ia 3.400 ikasle bildu ditu
Antolatzaileek ikasturtearen balorazio “oso positiboa” egin dute eta ekintzak "izugarrizko arrakasta" nabarmendu dute.
Talentatu proiektua Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) jarri zuen martxan 2018-2019 ikasturtean, Leartibai Fundazioagaz elkarlanean eta Lea-Artibai eta Busturialdeako ikastetxeen laguntzagaz. Ikasleen artean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatzea du helburu baita eskualdea ezagutarazi, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den erakutsi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile-profilak ezagutzera ematea.
Horretarako, 2023/2024 ikasturtean hainbat jarduera egin dituzte: irteerak, mahai inguruak, profesional eta ekintzaileen hitzaldiak, prestakuntza saioak, STEAM tailerrak edota Zientzia eta Teknologia Eguna. Horietan guztira 3.388 ikasle elkartu dituzte. “Lehen Hezkuntzako lehen ziklotik prestakuntza-zikloak egiten ari diren ikasleek parte hartzen duten ibilbide bat markatu da hurrengo urteetan enpresek beharko duten talentuaren sorkuntza bultzatuz”.
“Ezinbesteko egitasmoa dela uste dute elkarlanean etorkizuna landu ahal izateko”
Hain zuzen ere, ikasturteko azken egitasmoa Lea-Artibai eta Busturialdeko Zientzie eta Teknologia Eguna izan zen. Guztira ia 700 ikasle elkartu ziren Astran eta Atxondo kiroldegian. 2019an ospatu zuten lehen aldiz eta “ezinbesteko hitzordua” bilakatu dela nabarmendu dute. Ikastetxe parte-hartzaileek “oso positibotzat” jo dute aurtengoa ere eta aitortu dute ikasleek asko ikasi dutela eta gozatu dutela.
Denak ala denak pozik. Antolatzaile zein parte hartzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute. Azaldu dutenez, EHU-UPV-ren eskutik eskaini diren STEAM tailerrek “izugarrizko arrakasta” izan dute: “Bereziki interesgarriak iruditu zaizkie eta baliagarriak ikasleen ikasprozesurako”.
Enpresetara bisitak eta goiz bateko egonaldiak kooperatibetan ekintzak ere azpimarratu dituzte; izan ere, ikasle askori beraien etorkizuna bideratzeko “lagungarriak” iruditu zaizkie. Horri dagokionez, adierazi dute ekintzaileen eta langileen hitzaldiak ere osagarriak izan direla zalantzak eta kezkak argitzeko.
Hau da, Talentatu proiektua “oso aberasgarria” dela nabarmendu dute guztiek, ikasle, irakasle, enpresetako langile eta antolatzaileek. “Ezinbesteko egitasmoa dela uste dute elkarlanean etorkizuna landu ahal izateko”.