Kartel irabazlea bozkatzeko momentua
Epaimahaiak hiru finalistak aukeratu ditu, eta orain herritarrei dagokie jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzea: 'Collagea jaiak', 'Xixili eta kitxu!' edo 'Xixili ta konfeti'. Uztailaren 16ra arte bozkatu daiteke.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketak baditu bere finalistak. Hamahiru lan aurkeztu dituzte aurten, eta Jai Batzordeko kideek eta Bermeoko Udala osatzen duten alderdietako ordezkari banak osatu duten epaimahaiak hiru kartel onenak aukeratu ditu: Collagea jaiak, Xixili eta kitxu! eta Xixili ta konfeti.
Finalistak aukeratzeko orduan kalitate artistikoa, originaltasuna, Bermeoko jai giroa adieraztea eta lehiaketaren oinarrietako ezaugarriak jasotzea hartu ditu epaimahaiak kontutan, eta 13 parte hartzaileei egindako lana eskertu die. Hiru lanak aukeratuta, orain herritarrei dagokie, euren botoekin, kartel irabazlea hautatzea, eta uztailaren 16ra arte [martitzena] izango dute horretarako aukera.
Herritar bakoitzak “baten bakarrik” bozkatu ahal duela azaldu dute, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean ezarrita dagoen kutxan edo Internet bidez horretarako sortu duten galdetegi baten bitartez. Era berean, gogoratu dute kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dutela, eta Internet bidezkoek, berriz, %30ekoa. Kartelak Gizarte eta Kultura etxean eta Bermeoko Udalaren webgunean daude ikusgai.