Lautik lau Urdaibairentzat
Asteburu perfektua osatu du Urdaibaik, Zierbenan eta Donostian gailenduz eta lautik lau estropada irabaziz. Euren nagusitasuna berretsi dute asteburu honetan ere.
Eusko Label Liga hasiera perfektua izaten segitzen du Urdaibaik: beste bi bandera eskuratu eta lidergoa sendotu du talde bermeotarrak. Asteburu perfektua osatu du, Zierbenan eta Donostian gailenduz, eta ligarako hautagai nagusietako bat dela erakusten jarraitu du.
XLI. Petronor Bandera lehiatu zuten atzo (uztailak 7) Zierbenako uretan, eta 19:41,52 segundoko denboran helmugaratu zen Urdaibai, lautik lau bandera eskuratuz. Bermeoko taldekoek gogor borrokatu behar izan zuten garaipena atzokoan; izan ere, ondo hasi zuten lehia Urdaibaikoek, estropada erdian aurkariei zortzi segundoko aurrea hartuz. Hirugarren luzean Oriorenganako, Zierbenarenganako eta Hondarribiarenganako tarteak handitu zituen, baina Ama Guadalupekoak bikain erantzun zion laugarren luzean, tartea zazpi segungotan murriztuz eta hiru segundotara hurbilduz, olatu on bati esker. Hala ere, beste olatu on bat harrapatu zuen Urdaibaik eta zazpi segundoko aldea atera zion Hondarribiari (19:48,86). Hirugarrena etxeko trainerua izan zen, 19:52,56ko denboran gelditu baitzuen kronoa Zierbenak, eta laugarren izan zen Orio, bermeotarren traineruarekiko 15 segundoko diferentziagaz.
Ondarroako traineruak, berriz, bederatzigarren postuan amaitu zuen lehia, Urdaibaik baino 41,06 segundo gehiago behar izanda, eta 11.ak izan ziren lekeitiarrak, 20:32,56ko denboragaz, lehenengoek baino 51,04 segundo gehiago behar izanda.
Aurreko egunean, zapatuan (uztailak 6), XVI. Fabrika Bandera lehiatu zuten Donostian, eta urak eta metereologiak baldintzatutako estropada izan zen. Hirugarren txandan hirugarren kalea egokitu zitzaion Bou Bizkaiari, eguneko baldintzei aurre egiteko onenetarikoa, eta beste batzuetan estropadaren bigarren erdian hartzen duen abantaila hasieratik hartu zuen zapatuan. Lehen luzetik lortu zuten aldea Gorka Aranberrik gidatutako mutilek, eta 21:22,33ko denbora behar izan zuten lanak amaitzeko. Bigarren sailkatu zen Zierbenari 19 segundoko tartea atera zion, eta hirugarren izan zen Hondarribiari, berriz, 32 segundokoa. Laugarrenak izan ziren oriotarrak, 22:04,97ko denboragaz.
Lekittarrak Zierbenan lortutakoa baino emaitza hobea izan zuen Donostian, bosgarren denbora onena egin baitzuen: 22:11,62ko denbora egin zuten. Ondarrutarrak, aldiz, zortzigarren postua lortu zuten, 22:40,12ko denbora eginda.
Bi estropadak amaitu berritan, arraunlarien “lan ona” azpimarratu zuen Aranbarrik, eta euren momentu ona aprobetxatzen ari direla esan zuen: “Arraunlariek lan handia egiten dute; olatu ona daukagu, eta hori aprobetxatzen ari gara. Segi egin behar dugu, hau hasi besterik ez da egin eta”.
Asteburuko emaitzak kontutan hartuta, 48 puntu ditu Urdaibaik, Zierbenak baino zazpi gehiago (41 puntu ditu). Hirugarrena da Hondarribia (40 puntu), eta laugarrena Orio (36 puntu). Zazpigarren postuan daude Ondarroakoak (20 puntu), eta postu bat beherago, zortzigarrenean daude Lekeitiokoak, ondarroarren puntu berberekin.
Arraun Lagunak ere, menderaezin.
Gizonezkoetan Urdaibaik egin legez, laugarren garaipena segidan erdietsi zuen atzo Arraun Lagunakek. IV. Edinor Bandera eskuratu zuen atzo Zierbenan, Andera Astudillo lemazain zutela; patroiak herrikideen aurrean lortu zuen garaipena, 10:41,82 segundoko denboran helmugaratuta. Gainontzeko hiru traineruek elkarrengandik oso gertu gelditu zituzten kronoak: Tolosaldeak Arraun Lagunakek baino zazpi segundo geroago, Oriok zortzi, eta Donostiarrak bederatziko atzerapenagaz.
Etxean aritu ziren donostiarrak zapatuan, eta etxekoa ere lortu zuten, VIII. Fabrika Bandera etxean utziz. 12:53,38ko denbora lortuta izan ziren azkarrenak Arraun Lagunakekoak, baina asko hurbildu zitzaien Tolosaldea, eurek baino zazpi segundo geroago ailegatuz. Horien atzetik oriotarrak helmugaratu ziren, liderrarengandik hamar segundotara.
Horiek horrela, Euskotren ligako lehen postuan jarraitzen du Arraun Lagunakek, 32 puntugaz. Bigarrenak tolosarrak dira 27 puntugaz, eta hirugarrenak oriotarrak dira, 25 puntu bilduta.