Euriari aurpegia erakutsi guran
Eguraldi txarrak "bereziki gogortu" du II. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon lasterketa. Iñigo Gomezek XCM mailako Bizkaiko Txapelketa irabazi du, ibilbide luzean. Gainontzeko garaileak Damian Garcia eta Aliotz Txertudi busturiarra izan dira.
Txirrindulariek euriteei eta eguraldi petralari aurre egin behar izan zioten iragan zapatuan [uztailak 6], II. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon mendi bizikleta lasterketan. 300 lagun inguru elkartu ditu probaren bigarren ekitaldiak aurten, giro ederrean. Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeko antolatzaileek lasterketaren balorazioa “berez ona” dela adierazi dute, baina, era berean, “apur bat penatuta” agertu dira: “Eguraldiak asko kamustu zituen bai ibilbideak, bai irteera eta helmuga eremua; gainera, ziklistak askok proba bertan behera utzi behar izan zuten”. Egitarauari eutsi baldin bazioten ere, zozketak bertan behera utzi zituzten, eta helmuga ingruko food truck-ean nahiz Aspanovasen postuan “jende oso gutxi” ibili zen.
Ibilbide bi (Bike Luzea eta Bike Laburra) eta hiru proba egon ziren aukeran. Eremua lokaztuta eta gogortasun handiagaz esnatu zen: “Txirrindulariek gogotik sufritu zuten, ibilbideak teknikoago eta gogorrago bihurtu baitzituen eguraldiak”. 75 kilometro eta 2.650 metroko desnibeldun ibilbide luzearen barruan, lasterketa herrikoia eta XCM edo maratoi kategoriako Bizkaiko Txapelketa lehiatu zituzten; ibilbide laburra, 42 kilometro eta 1.600 metroko desnibelduna, bere horretan herrikoia izan zen. Iñigo Gomezek poltsikoratu zuen Bizkaiko Txapelketa, 03.58.05eko denbora egin, eta Julen Zubero esprintean menperatu ondoren; segundo bakarrera helmugaratu zen hirugarren sailkatua, Iñaki Villalain. Txapelketan parte hartu zuen emakume bakarra, Cristina Rico, 05.46.33ko denbora eginda iritsi zen. Izaera herrikoidun proban, ostera, Damian Garcia izan zen bizkorrena (04.15.54), Jose Angel Sainzen (04.22.52) eta Luis Cobosen (04.26.33) aurretik. Ibilbide laburrari dagokionez, Aliotz Txertudi busturiarrak burutu zuen bizkorren, 02.53.17ko denboragaz; bere atzetik sailkatu ziren Josu Velez (02.58.05) eta Endika Basualdo (03.03.58).
Hiru ibilbideetako parte hartzaileen “maila handia” nabarmendu dute antolatzaileek, baita hurrengo urterako helburua zehaztu ere: “Aurten, ez gara hamar emakumezkoen langara iritsi; Bizkaiko lehian, hain zuzen, parte hartzaile bakarra eduki dugu. Beraz, zentzu horretan lan handia egin behar dugu, emakumezkoen txirrindularitza bultzatzeko eta parte hartzera anima daitezen”. Hirugarren ekitaldia “oso urrun” dagoen arren, eguraldi onagaz proba “oso bestelakoa” litzatekeela azpimarratu gura izan dute, eta aurreratu datorren urtean “errepikatzeko, arantzatxoa ateratzeko eta maila apur bat igotzeko” prest daudela. Kudeaketaz galdetuta, ibilgailuen eta, batez ere, autobusen trafikoagaz lotutako lanak “findu” egin beharko dituzte: “Autobusek bira eman behar izan zuten irteera eta helmuga eremutik oso hurre, eta horrek arriskua handitu zuen. Zentzu horretan, udalagaz eta aldundiagaz elkarlan estuagoa egin beharko dugu hurrengo ekitaldirako”.
Minbizidun haur eta nerabeen gurasoen elkartea, Aspanovas, diruz lagundu gura izan dute antolatzaileek aurtengoan. Hain zuzen, izen emateetatik ateratako 1.000 euroko laguntza jaso du elkarte horrek: “Egundoko esker ona erakutsi digute, eta oso pozarren gaude kausa horri laguntza emateko geure aletxoa ipini ahal izateaz. Urtero-urtero, elkarte edo eragile desberdin bat diruz lagundu gura genuke”.