Etxebizitza turistikoentzako baimenak, urtebetez etenda
Mundakako Udalak erabaki du urtebeteko epean ez duela etxebizitza turistiko berriak erregistratzeko baimenik emango. Gainera, HAPOn beharrezko aldaketa prozesua abiatuko dute, lizentziak eteteko.
Mundakako Udalak, udaleko azkenengo ezohiko bilkuran adostutakoari jarraituz, erabaki du urtebeteko epean ez duela emango etxebizitza turistikoak egiteko baimenik. Iragan eguenean [uztailak 4] sartu zen indarrean neurri hori, eta hurrengo urteko uztailera bitartean egongo da gutxienez indarrean. EH Bildu eta Herritar Alternatiba alderdi politikoek osaturiko taldeak HAPOn (Hirigintza Antolamedurako Plan Orokorrean) aldaketak egitea onartu du, eta horri esker lortu du erabilera turistikoko etxebizitzei nahiz apartamentu turistikoei lizentzia berri gehiagorik ez ematea. Aipatutako kolore politiko biekin batera, udalean oposizioan dagoen EAJ-PNV taldeak ere erregularizazio horren aldeko botua eman du, baina jeltzaleek nabarmendu dute aipatutako neurriak “gura baino beranduago” ailegatu direla.
Gainera, aipatutako aldaketa hor idazteko, arkitekturako kanpo enpresa bat kontratatu du udalak. Etxebizitzen erregulazioaren kudeaketan herriko eragileek eta mundakarrek eurek “aktiboki” parte hartuko dutela aurreratu dute, “enpresa horretako erredakzio taldeagaz batera”. Lehenagotik dauden etxebizitza turistikoen eta herriko alokairuaren egoerari ere aipamena egin dio udal taldeak. Adierazi dutenaren arabera, beregain dituen eskumene barruan, “aplikatu beharreko araudia egoki betetzen dela” egiaztatuko du udalak: “Bai xehetasun espefizioen eremuan, bai eragin fiskalenean”.
Ez hori bakarrik: erredaktatze bidean dagoen dokumentu horren kopiak bidaliko dizkio Mundakako Udalak inguruko zenbait udalerriri, hain zuzen, Bermeori, Sukarrietari, Busturiari eta Ibarrangeluri. Halaber, udalak gai hori bertatik bertara jorratuko duen lantalde bat osatzea du helburu; talde horretan ordezkaritza edukiko dute udalean dauden hiru alderdiek.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako etxebizitza turistikoen gehiengoa Donostian eta Bilbon kokatuta daude; hain zuzen ere, hiriburu bi horiek etxebizitzen ia erdia hartzen dute. Edozelan ere, Euskal Herriko kostaldean etxebizitza turistikoen kopuru esanguratsua daukaten biztanle gutxiagoko udalerriak ere badaude, eta Mundaka horietako bat da. Izan ere, herri hori ez da 2.000 biztanleko populaziora iristen, eta 80 eta 90 etxebizitza turistiko artean daude bertan.