Nazioarteko ondare harri izendatu dute 'Ereño Gorria' kareharria
Gautegiz Arteagan edota Ereñon ustiatu den 'Ereño Gorria' izeneko bertoko kareharri gorria Nazioarteko Ondare Harri izendatu du Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak. Harri gorri hori kontserbatzea eta horri balioa ematea "funtsezkoa" dela azpimarratu dute gaur Gautegiz Arteagako Andrabide harrobian.
Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak Nazioarteko Ondare Harri izendatu du Ereño Gorria izeneko bertoko kareharri gorria, besteren artean Gautegiz Arteagan edota Ereñon ustiatu dena. Kolore gorri bizia daukan harria da, hori da bere ezaugarri nagusietako bat, eta nazioarteko Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak Ondarearen Harri gisa izendatutako 50 harrietako batean bihurtu da. Gaur, aitortzaren berri eman dute Gautegiz Arteagako Andrabide harrobian.
Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak harri hau aitortu du K.o. I. mendetik arkitekturan edo eskulturan izandako erabilera dela eta. Euskal Herriko Unibertsitateko lan taldeak ikertu du urte luzez harri gorri hori, eta lan handia egin du aitortza lor dezan.
Laura Damas EHUko Geologia saileko ikerlariak eta kareharria Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunari aurkezteko ekimenaren sustatzaileak azaldu duenez, harri gorriak Nazioarteko Ondarearen harri gisa jasotako aitortza horrek tokiko harriari balioa ematen dio: “Askotan, lanak bereizi barik egiten dira eta paisaiaren eta hiriko elementuen nortasuna galtzen da, globalizazioaren eta moda iragankorren mesedetan. Ondorioz, aitortza honek gure ondare kulturala aberastu daben harri apaingarriaren ezaugarri geologikoei balioa ematen die”. Bestalde, harri natural horren erabilera historikoak milurtekoetan zehar zibilizazio askok izandako bilakaera hobeto ulertzen laguntzen duela onartu du ikerlariak; izan ere, harriz eraikitako monumentuak eta harrobi historikoak identifikatzea da batzordearen mandatuetako bat.
Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak eman dio aintzatespena harri gorriari, baina hori jasotzeko baldintza jakin eta zehatz batzuk jaso behar izaten ditu harriak; esaterako, kultura ondarean daukan erabileraren aintzinatasunari eta erabileraren hedadura geogragikoari buruzko datuak jaso behar dira, baita horri buruzko ikerketa zientifikoa eginda izan ere. Izan ere, nahitaezkoa da harri horiei buruz gutxienez artikulu bat argitaratu izana aldizkari zientifiko indexatuetan, eta Ereño Gorriak, orain arte, halako hiru artikulu dauzka.
Kolore gorri biziak egiten du berezi harria. Izan ere, kareharrien multzoa oro har grisa den arren, eskualdean tonu gorriagatik nabarmentzen da, eta Gautegiz Arteagan dago harrobi handiena: Harrobi Gorria edo Andrabideko Harrobia. Harrobi hori Bizkaiko Ondare Historiko izendatu zuten eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Espainiako Interes Geologikoko Guneetako bat da.
Ikerlariak azpimarratu du ondare geologikoaren ikuspuntutik, harri gorri hori kontserbatzea eta horri balioa ematea “funtsezkoa” dela: “Gure historiaren eta gure ingurukoaren arteko lotura gisa balio dezake. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Euskadiko kulturagaz daukan harremana”.
Arantza Aranburu: “Harri gorriak gordetzen duen historia geologikoa ondare historikoaz haratago doa”
Arantza Aranburu EHUko ikerlari eta irakasleak arroka horren ondare baloreak “argiak” izan direla berretsi du: “Erromatar garaitik ezagutzen da bere ustiapena eta Bizkai inguretako eraikin, baserri eta Bilboko eraikin nagusietan fijatuz gero, ez zaigu ustekabean pasatuko harri gorri honek izan duen erabilera”. Baina ohartarazi du nazioarteko errekonozimendu hau geologiako asoziazio batek ematen duela, eta, beraz, harroka gorriak badaukala garrantzia geologikoa ere bai. “Harroka honen historia ez da erromatar garaian hasten, harroka honen historiak ehun milioi urte baino gehiago dauzka. Garai hartan, Urdaibai sakonera gutxiko itsaso epel bat zen, eta itsaso hartan bizi ziren izakiek eta itsaso hartan gertatzen ari ziren prozesuek gauzatu zuten gaur hemen arroka gorria egotea. Beraz, arroka honek gordetzen duen historia geologikoa ondare historikoaz haratago doa. Eta oso esanguratsua da. Horri esker dago estimatuta gune hau geologiako interes gune berezi gisa, bai EAEn bai Espainia mailako katalogazioetan”, azaldu du.
Harrokaren historia hori, baina, ikerlarien lanari esker egin dela ezagun nabarmendu du. Eta, gehitu du, 20 urte baino gehiago daramatzatela harroka hori “modu batera edo bestera” aztertzen: “Esan nahi dut, historia hor egonagatik ere, norbaitek landu behar duela. Eman eta zabaldu behar da, mundu zabalera gizarteratu behar dira gure balioak. Ikerlariek egindako lanaren ondorioz iritsi zaio harri gorriari errekonozimendua“.
Ikerlariek ez dute ahaztu nahi izan harriak euskaldunengan duen eragina, eta kareharria herri kiroletako hainbat modalitatean erabiltzen dela eta erabili izan dela gogoratu du Damasek: “Eta hori islada bat baino ez da euskal herritarrok harriarekin edo arrokarekin dugun lotura adierazteko. Uste dugu harri naturalaren erabilera historikoak zibilizazio ezberdinen eboluzioa ulertzen laguntzen duela. Gure kasuan, erromatar garaitik gaur artekoa argi daukagu, baina lehenago ere egongo zen. Nazioarteko aintzatespen honek, beraz, gure kultur ondarea aberastu duen eta Bizkaiko hiri paisaiari berezko izaera (gorri ukitua) eman dion harrokaren ezaugarri geologikoak balioesten ditu”.
“Heritage Stone”.
Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna da mundu mailako zientzia geologikoen diziplina ugariak bateratzen dituen erakunde nagusia. 1961ean sortu zen 121 kiderekin, eta milioi bat zientzilari baino gehiago ordezkatzen dituen mundu osoko erakunde zientifiko handienetako bat da. Eta gaurko aurkezpenean egon da Asier Hilario erakunde zientifikoaren Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendaria.
Laura Damas: “Nazioarteko aintzatespen honek, beraz, gure kultur ondarea aberastu duen arrokaren ezaugarri geologikoak balioesten ditu”
Ziurtatu du IUGSren eginkizun nagusia dela nazioarteko ikerketa proiektuak koordinatzea, mundu mailan zientzia geologikoen hazkundean erabakigarriak diren estandarrak ezartzea eta garrantzi berezikotzat jotzen diren leku eta elementu geologikoei aitortza egitea. “Hain zuzen ere, azken arlo horretan kokatu behar dugu Ereño Gorria IUGS Heritage Stone izendatu izana”, adierazi du Hilariok.
Aintzatespenak Euskal Herriaren ondare balioa nazioarte mailan zabaltzea dakarrela dio Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak. Izan ere, kareharri gorri hau Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ondare arkitektonikoaren zati handi batean dago: Gautegiz Arteagako Gazteluan edo Andra Mari elizan, Bilboko Arriaga Antzokian, Areatzako iturrian edo Ziortzako Monasterioan. Bana harri hau urrunago ere aurki daiteke, Asturias, Madril, Las Palmas, Avilan edo Vaticanoan, esaterako. “Horrek agerian uzten du nazioartean izandako garrantzia historikoa. Gaur jasotzen duen errekonozimenduagaz bere balioa geologikoa berresten da”, esan du alkateak.
Hilariok, berriz, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak Ondarearen Harri gisa izendatutako 50 harrietako batzuk aipatu ditu, tartean Indiako Taj Mahal eraikitzeko erabilitako Macrana marmola edota Michelangelok bere eskulturak egiteko erabilitako Carrarako marmola. “Zibilizazio ezberdin askori ekarpen garrantzitsua egin dieten harriak dira”, gehitu du. Izan ere, eraikitzeko erabiltzen diren harriek zerikusi nabarmena dute geologiagaz, baina baita tokian tokiko kulturagaz, tradizioagaz edo historiagaz ere.
Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campuseko erredaktoreak, aldiz, harri gorriari buruzko ikerketak EHUk garapen sozial, ekonomiko eta kulturalarekiko duen konpromiso soziala erakusten duela azpimarratu du.
Orain, balio historiko, kultural, natural eta geologiko garrantzitsuko ondare hori babestea, balioestea eta kontserbatzea dela Gautegiz Arteagako Udalaren zeregina esan du Saituak: “Ondare horrek, gainera, beste behin ere, munduaren mapan kokatu gaitu. Laster, espazio hori bere dimentsio guztietan gozatu ahal izatea espero dugu, eta hori bai, beti ere begirunea eta jasangarritasuna oinarrian dituen turismo kulturalaren baitan”.
Harri gorriak 100 milioi urte baino gehiagoko historia dauka. Garai hartan, Urdaibai itsaso tropikal ez oso sakonen parte zen, eta molusku bibalbioek kolonizatuta zegoen. Molusku haien maskorrak fosilduta ikus daitezke gaur egun harrian.
K.o. I. mendetik XX: mendearen amaierara arte, harria apaingarri gisa erabili izan zen. Erromatarrak izan ziren harriari balioa eman zioten lehenengoak: Bilboko Arkeoloi museoan, esaterako, Foruko aztarnategi erromatarrean topatutako aldare harri eta hilobi oroigarri bana daude. Neurri handi batean, gainera, Bilboko hiri paisaian nagusi da harri horren erabilera. Baina Bizkaiko eraikuntzetan ez ezik, beste toki batzuetan ere aurki daiteke, izan ere, penintsula osoan eta beste herrialde batzuetan daude jasota harri honen erabilerarekin lotutako ebidentziak. Toki enblematikoenetako bat da Vatikanoko San Pedro basilika.