Mendiari zor zaion errespetua, manifestu batean ondo gotortuta
Etiketa Berdeak Euskal Herriko hainbat mendi talde, klub nahiz lasterketaren babesa jaso du. Mendiaren planteamendu etiko, jasangarri eta errespetuzkoa du zutabe ekimenak, neurri praktikoetatik abiatuta.
Mendia eta haregaz erlazionatutako kirol nahiz aisialdi alorrak beti egon izan dira zuzenki erlazionaturik naturarenganako errespetuagaz eta hura garbi mantentzeko konpromisoagaz. Auzi horrek, tamalez, asko du utopiatik, gaur egun: azken hamarkadetako joerek bistaratzen dute uste baino gehiago direla mendiagaz lotutako egitasmoetan plastikoen gehiegizko erabileretara jotzen dutenak, errespetuzko jarreren alde aktiboki egiten ez dutenak edota mendizaletasunaren oinarrizko balioen aldeko apustu argia egiten ez dutenak.
Horri guztiorri aterabidea ipintzeko ernaldu da Etiketa Berdea deritzona. Lasterketa Etikoen Aldeko Manifestua dela azalduta, Etiketa Berdeak mendizaletasunaren inguruko jarrera eta neurri positibo guztiak barnebiltzen ditu, «auzolana abiapuntu hartuta». Auzolan horren barruan, hain zuzen, parte hartu dute Euskal Herri osoko mendi klub edo taldeek, baita lasterketen antolatzaileek; tartean daude Gernika-Lumoko Mendijaia antolatzen duen Arrolape Mendi Kluba eta Ibarruriko Mendi Martxa eta Lasterketaren arduradun Saltsamendi Kultur Elkartea. Beraiekin batera, beste 40 partaide inguru ere badaude, Euskal Herriko osokoak nahiz urrunagokoak, Benasquekoak eta Aran ibarrekoak, kasurako.
“Denbora luzez mamitutako proiektua» dela azaldu dute sustatzaileek: «Mendizaletasuna beste norazko baterantza gidatzea da helburua. Azken hamarkadan, konpetizioaren neurrigabeko balioek aurrea hartu diete lehen oinarrizkoa ziruditen printzipioei; printzipiook bultzatzera, indartzera eta sendotzera emana dago Etiketa Berdea“.
Proposamenak dekalogo batean jasotzen du bere balio sorta. Dekalogo horretan zehaztutako puntuekin bat egin behar dute parte hartzaileek, antolatzen dituzten proba, lasterketa, mendi martxa edo ekimenak antolatzerakoan. Hori dena, noski, inongo irabazi asmorik gabeko militantzia abiapuntu hartuta: “Eragileek trukean ezer jaso barik lan egitea da kontua, hau da, ondoren etorriko direnei mundu hobea utzi asmoz”.
Hirugarren eta azken ardatzak zerikusi handia du korrikalariek eduki beharreko jarrerekin, antolatzaileen neurriez gain. Egun oraindik binarioak izanda ere, izen emate eta sailkapenetako genero aniztasun eta inklusiorantz eman beharreko urratsak argitzen ditu. Partaide bakoitzak, aldamenekoa arriskuan ikusiz gero, bere ardurapean lituzkeen eginbeharrak ere azaltzen zaizkio parte hartuko duenari.
Dekalogoari buruzkoak.
Dekalogoa osatzen duten adarretako bakoitzak langai jakin bat jorratzen du. Hori bai, gai horren barruan eman daitezkeen denetariko egoerak edota lasterketetan detektatu dituzten era guztietako agertoki negatiboak ere plazaratzen dituzte, horiei konponbidea emateko neurriak zehaztuz. Beraz, puntu nagusi bakoitzak hainbat azpiatal dauzka. Atal nagusiek ondorengoak jorratzen dituzte, hurrenkeraz: natura jagotea eta inpaktu ekologikoa apaltzea, parte hartzaile guztiei trataera berbera ematea, eta, azkenik, lasterketa etikook elkarbizitza eredu osasuntsua eraikitzea.
Ingurumenagaz estuen lotutako atala estreinakoa da. Bertan zehaztuta dago antolatzaileek zein neurri hartu beharko lituzketen, lasterketa parke natural edo tankerako ingurune babestu batetik igaroko balitz. Batik bat, lortu beharreko hitzarmenak, egin beharreko jakinarazpenak eta ezarri beharko lituzketen parte hartze mugak azaltzen dira. Plastikoen erabilera murriztea ere atal horretako giltzarri da. Adibidez, ibilbidea markatzeko baliatuko dute materiala kartoi-paperezkoa edota plastiko biodegradagarrizkoa izango da, ohiko plastikoaren ordez.
Bigarren arau multzoari dagokionez, partaide denen arteko aukera eta tratamendu berdintasuna bultzatzea bilatzen du. Atal horretan azaltzen da korrikalariei “lasterketara joatearren” ez zaiela ordainsari finkorik emango edo eliteko kirolariek ez dutela pribilegiozko trataerarik jasoko. Tokian tokiko parte hartzea sustatzeko helburuz, herriko kirolariei gorde beharreko espazioaz, gonbidapenen auziaz eta dortsalen prezioen bideragarritasunaz ere mintzo da zati hori. Horiez gain, berdintasunaren iparrorratzak umeak ere seinalatzen ditu: haurren probetan lehiakortasun maila estu eta zurruna ekiditea bilatzen da, esate baterako, denei sari berbera emanez. “Parte hartzea ezin da inondik inora lehiak azpiratua izan”, diote.
Harro egoteko motiboak.
Etiketa Berdearen aterkipeko sustatzaile edo babesleen aldetik “konpromisoa eta erantzukizuna” nahitaezkoak dira. Hori bai, planteatutako neurri guztiak ez dituzte epe laburrean aplikatuko: “Egungo egoera aztertuta, puntuetako batzuk aholku legez proposatzen ditugu, baina beste batzuk derrigorrez bete beharrezkoak dira”. Hori horrela, konpromiso horregaz bat egiten duten ordezkariz osatutako batzordea dago. Bilgune horretako partaideen botoak funts handiagoa edo txikiagoa duela argitu dute, “inplikazio mailaren arabera”.
Etiketa Berdearen barruko kide diren Arrolape Mendi Klubaren ordezkariek azaldu dute «ohorea eta aldaketarako bide argia» dela etiketaren barruan egon ahal izatea. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko X. Mendijaia Etiketa Berdearen barruan egotea edo iazko Urdaibai Kopa ere zirkuitu barruan izatea “harro egoteko motiboa” direla azpimarratu dute, eta “geroz eta neurri gehiago aplikatzen saiatzeko borondatea” dutela berretsi.
Legediaren gainetik, aholkuei «jaramon berezia» egin behar zaiela nabarmendu dute arrolapetarrek: “Aspaldion hainbat mendizale entzutetsu sare sozialetan agertu dira, mendian eduki beharreko errespetuzko jarrerei buruz mintzoz. Izan ere, asko dira mendian, beste mendizaleren bat ikustean, agurtzen ez duten pertsonak. Hori bezalako keinu txikienetatik abiatu beharko litzateke eraldaketa”.