'Agurea, urpekaria eta itsasoa' kale antzerkia aurkeztuko dute
Ikasketa pertsonalean eta tolerantzian oinarritutako abentura dela esan dute, umorez josia.
Hortzmuga konpainiak Agurea, urpekaria eta itsasoa kale antzerkia aurkeztuko du eguaztenean [uztailak 10], 19:00etan, Lameran. Haur eta familientzako antzezlana da, eta ordubete irauten du.
Bigarren aukerei, itsasorako hondakin isurketei eta adingabeek sare sozialetan duten esposizio arriskutsuari buruzko istorioa da. «Itsasoak elkar ezagutzen ez duten bi pertsona elkartuko ditu, izenik gabeko leku batean. Zer esan ez dakitela, elkar laguntzen eta beren buruak erreskatatzen ikasiko dute. Ulises Agureak urteak daramatza itsasoan isuritako hondakin guztiak biltzen, ulertzen ez duen zibilizazio kontsumista eta suntsitzailetik urrun eta objektuei bigarren bizitza bat ematen. Felix Urpekaria, itsasoko erronka zentzugabeenak gauzatzeagatik ezaguna da sare sozialetan eta ez da mugikorraren pantailatik haratago ikusteko gai». Ikasketa pertsonalean eta tolerantzian oinarritutako abentura dela esan dute, umorez josia. Funtsean, «gizatiarragoak izateko» ikuskizuna da.
Hortzmuga erreferentziako konpainietako bat bezala finkatu da. «Barrenak mugiarazteko» antzerkia egin nahi dute, testuinguru soziala kritikatuz eta aztertuz, pentsaraziz, kontzientziak astinduz, jakingura piztuz eta jendea hunkituz; izan ere, «esperientzia eraldatzailea» izateko asmoa du.