Mundakarrek aldundiaren egoitzaraino eroan dute beren haserrea
Mundakako herritarrak Bilbon elkartu dira gaur [uztailak 1], Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailaren egoitzaren aurrealdean, udalerriko Bizkaibus zerbitzuaren lekualdaketa salatzeko eta autobusak Goiko Kalean geldialdia egiten jarraitzea eskatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur [uztailak 1] lekualdatu du Mundakako autobus zerbitzuaren geltoki nagusia; hain zuzen, Bermeo eta Bilbo lotzen dituen A-3515 ibilbidearen barruan kokatutako geralekua Goiko Kaletik herriaren goiko aldeko zeharbidera aldatu dute, eta anezka zerbitzu zirkularra ezarri, herritarrak bertara eroateko. Neurri horrek haserrea eta ardura sortu ditu herritarrengan, eta albisteak hautsak harrotu ditu Mundakan.
Neurri hori salatzeko, udal gobernu taldeko ordezkariak eta herritarrak Bilbora mobilizatu dira, eta elkarretaratzea egin dute aldundiaren Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailaren egoitzaren aurrean. Bertan, neurri hori atzera botatzea eta egiturazko konponbideak ematea eskatu diote aldundiari. Era berean, abian dute herrian lekualdaketaren kontrako sinadura bilketa. Aurrerantzean, neurri berriak hartzen jarraituko dutela argitu dute udaletik.