EH Bilduk "egiturazko neurriak" eskatu ditu Gernikako Ospitaleko Larrialdietan beharrezko lan taldea bermatzeko
EH Bilduk Gernikako Ospitaleko langileen aldarrikapenekin bat egin du, eta "egiturazko neurriak" eskatu dizkio Osasun sailari, "arazo horri behin betiko konponbide bat emateko asmoz".
Gernika-Lumoko Ospitaleko Larrialdi zerbitzuetan erizain eta erizain laguntzaileen falta “agerikoa” dela-eta, eta hori zerbitzuaren kalitatean eragiten ari delaren ustetan, EH Bilduk bertako langileen aldarrikapenekin bat egin du, eta “egiturazko neurriak” eskatu dizkio Osasun sailari, “arazo horri behin betiko konponbide bat emateko asmoz”.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “oinarrian” dagoen arazoa da konpondu beharrekoa: “Udari begira, langile faltaren arazoa hein batean arintzeko Osakidetzak behin-behineko hainbat neurri hartu baditu ere, horrek ez du oinarrian dagoen arazoa konponduko, uda pasa ostean Larrialdi zerbitzuetan lehengo egoerara itzuliko direlako, eta arazoak bere horretan jarraituko duelako”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak Alberto Martinez Osasun sailburu berriari eskatu dio azaltzeko zer nolako neurriak hartuko dituen Gernika-Lumoko Larrialdi zerbitzuen arazo hori konpontzeko, eta, ondorioz, urte osoan zehar modu estrukturalean behar adina profesional egongo direla bermatzeko, “ospitaleko gainerako zerbitzuak ahuldu barik”.