Zerua ilun, jaia argi
San Pedro egun euritsua ospatzen ari dira gaur [ekainak 29] Busturialdeko hainbat udalerritan, tartean, Mundakan. Herriko jaietako egun nagusiari dagokion ohiturazko prozesioa eta ohorezko aurreskua moldatu egin behar izan dituzte. Moldatu eta moldatuko ez dutena, baina, herritarren erantzun ederra eta ospakizunerako aldartea da.
Mundakarrak sanpedroetan, herriko jaietan, bete-betean murgilduta daude. Gaur [ekainak 29], jaietako jardunaldi nagusia ospatzen ari dira, San Pedro egunez. Eguna Jose Mari Egileor txistulari taldearen kalejiragaz ipini dute abian. Eguerdian, udalbatza herriko plazan elkartu da, elizarako bidea egiteko. Bertan, ohiturari jarraiki, arrantzaleen zaindariaren omenezko meza nagusia egin dute. Urteak joan, urteak etorri, meza ostean ohorezko aurreskua dantzatzen diote santuari, eta kalez kale ateratzen dute, prozesioan. Gaurko eguraldi petralak eta etengabeko euriteek, baina, eguerdiko egitaraua moldatzera derrigortu ditu antolatzaileak.
Hain zuzen ere, elizaren barrualdean egin behar izan dute aurreskua Egunsenti Dantza Taldeko partaideek; beraiekin egon dira, batetik, herriko txistulariak eta, bestetik, San Pedroren irudia aldarearen erdialdera atera duten Mundakako Arraun Taldeko kideak. Hunkidurarako aurreskuaz gozatu ostean, kanpoaldean bildu dira herritarrak, eta plazarainoko bidea txistu eta danbolin doinupean egin dute. Han itxaroten eduki dute, hain zuzen, jan-edana: sardina erreak banatu dizkiete herritar guztiei, aurretik dituzten jai egun guztiei aurre egiteko indarrak har ditzaten. Izan ere, arratsaldean karaoke ibiltaria arikoda Mundakako taberna batetik bestera eginez, eta pilotalekuan esku pilota partiduak jokatzea ere aurreikusita daukate. Gaualdian, Bide Batez erromeriaren emanaldiak plaza dantza betean jartzeko asmoa du.
Datozen egunetan eta uztailaren 7a bitarte, ospakizunak ez du inondik inora behera egingo mundakarrentzat, hainbat ekimen, jarduera nahiz egitasmoz osatutako jai egitarau oparoa atondu baitute. Besteren artean, Sustabiz Fundazioaren herri kirol erakustaldia, denetariko kontzertuak, umeentzako ekintzak, sukalki txapelketa, tortila lehiaketa, play-back saioa edota orotariko kalejirak edukiko dituzte.
Sanpedroetan, puntu morea eskuragarri edukiko dute herritarrek
Jai seguruen bila.
Udal arduradunek aurreratu dutenaren arabera, puntu morea sanpedroetan etengabe erabilgarri edukiko dute herritarrek. Kepa Deunaren kalean ipini dute, Turismo Bulegoaren aldamenean; gainera, 722 87 96 21 telefono zenbakia ere eskuragarri izango dute, edozein erasoaldi matxistaren kontrako asistentzia edukitze aldera. Hori dela eta, udaletik nabarmendu dute jaiotan ez dutela “edozein motatako erasorik” onartuko: “Jai libreak, berdintasunezkoak eta errespetuzkoak gura ditugu”.
Mundakan ez ezik, eskualdeko beste hainbat tokitan ere sanpedroak ospatzen ari dira, batik bat, Elantxoben, Lumon, Mendatako Marmiz zein Zarrabenta auzuneetan edota Muxikako Ibarrurin. Horiez gain, bermeotarrak ere ospakizunaz gozatzen ari dira asteburuan. Gaur, udal talde osoa Goiko Plazan bildu da, Alkate Soinua entzuteko. Jarraian, San Pedro kofradiako kideek gonbidatu ondoren, kalejira egin dute Santa Eufemia elizara. Euriak, Mundakan bezalaxe, bere eragina eduki du Bermeon ere: santuaren irudia ez dute urteroko prozesioan kaleratu, baina, dena dela, portuan eta sirena hotsaren pean bildu dira herritarrak, ontzien eta uraren bedeinkapena egiteko.