Herritarrentzako jai bereziak
San Pedro jaiak ospatuko dituzte Elantxoben, gaur [ekainak 28] hasi eta domekara [ekainak 30] bitartean. Sanpedroetan tradizio bihurtu diren ekimenek osatzen dute egitaraua.
Herri arrantzalea izan da, eta izaten jarraitzen du Elantxobek. Orain dela urte batzuk, herritar askoren lanbidea zen, eta, gaur egun, beste askoren afizio. Asteburuan, beraz, gogoz hartuko dituzte San Pedro jaiak, arrantzaleen zaindarien jaiak, kostaldeko herrian: sanpedroak. “Herritarrengan pentsatuz antolatzen ditugu jaiak. Urte guztia herrian pasatzen dutenenentzako egitarau erakargarria sortzen saiatzen gara”, azaldu du Argi Zameza kultur zinegotziak.
Egitarauan bere tokia ziurtatuta duen pala txapelketako final handiarekin murgilduko dira jaietan herritarrak. Oraingoan, baina, berezitasun batekin dator pala txapelketa, izan ere, aurton, lehenengoz jokatu dute banaka. Urtero bezala, frontoi inguruan “girotxoa sortzea” espero dute herritarrek.
Bihar [ekainak 29], San Pedro Egunean, egun osoko eskaintzagaz gozatuko dute. Hasteko, 11:00etan 36. Elantxobeko Traineru Estropada-Gernikaplac Saria lehiatuko dute KAE2 mailakoek, eta bertan izango da Busturialdeko trainerua. Elantxobeko kultur zinegotziak uste du giro polita izango dela eta garai batean baino traineru gutxiago egongo diren arren, jendea hurbiltzea espero dute herrikoek. Bestalde, meza ostean Ibarrangeluko dultzaina jotzaileekin hamaiketakoaz gozatzeko aukera eskainiko du udalak.
Tradizioak, presente.
Tradizioei eutsiz, herri kirolen hitzordua ere ez da faltako Elantxoben. Aurton, Sustabiz Fundazioaren eskutik eskainiko da urteroko herri kirol ikuskizuna. Zamezak aitortu duenez, “polita” da herriko arraun elkartea babesten duen fundazioak herriko jaietan bere tokia izatea.
Biharko eguna luze joango da Elantxoben. Izan ere, rock gauak hartuko du herria, 22:00etatik aurrera. Busturialdeko neskez osatutako Mikosis taldea oholtzaratuko da lehendabizi, eta The Uski´s ostean. Kontzertuak bukatuta, Mitxel Play egongo da musika jartzen.
Domekan [ekainak 30] ere egun osoan zehar egongo da jai giroa. 13:30ean triki poteoa hasiko da portuan, eta bitartean, herritar zein eskualdeko lagun asko marmitakoa prestatzen ibiliko dira. 15:00etan aurkeztu beharko dituzte kazolak, eta ostean, goizean zehar prestatutakoak dastatuko dituzte. Arratsaldean, umeentzako egurrezko jolasak antolatu dituzte, eta 20:00etan hasiko den Elektro Orkestrarekin agurtuko dituzte jaiak
Uztailaren 6an, berriz, Elantxobeko hamargarren mendi martxa ospatuko da, eta aukera bi izango dira. Luzea 22 kilometrokoa izango da, eta laburra, 11 kilometrokoa. www.kirolprobak.com webgunean izena eman behar da.
EGITARAUA
Gaur
- 20:00. Elantxobeko XII. Pala Txapelketaren final handia.
Bihar
- 11:00. 36. Elantxobeko Traineru Estropada-Gernikaplac Saria.
- 12:00. Meza Nagusia.
- Ostean. Ibarrangeluko ‘Gaiterukaz’ hamaiketakoa denontzat.
- 17:30. Herri kirol parte hartzaileak, Sustabiz fundazioaren eskutik.
- 20:00. Txarriki erri.
- 22:00. Rock gaua: Busturialdeko Mikosis eta The Uski´s taldeen kontzertua.
- Ostean. Mitxel Playk musika jarriko du
Etzi
- 12:00. Meza Nagusia.
- Ostean. Portugaleteko abesbatzaren konztertua, eliza barruan.
- 13:30. Triki poteoaren hasiera, portuan.
- 13:30. Marmitako txapelketan izena emateko epe hasiera.
- 15:00. Marmitako kazolen aurkezpena.
- 17:00. Umeentzako egurrezko jolasak.
- 20:00. Elektro orkestraren hasiera.
Uztailak 6, zapatua
- 08:30. Martxa luzearen irteera. 22 kilometroko mendi ibilidea.
- 10:00. Martxa laburraren irteera. 11 kilometroko mendi ibilidea.
- 15:30. Martxa luzeko eta laburreko parte hartzaileentzako metako kontrol itxiera.