Bizkaibus zerbitzuaren lekualdaketak haserrea sortu du Mundakan
Udal taldea eta herritarrak neurriak hartzen hasi dira, aldundiak A-3515 ibilbideko Bizkaibus geltokia astelehenetik aurrera [uztailak 1] Goiko Kaletik herriaren goiko aldera "inori kontsultatu barik" lekualdatu gura duela salatuta.
San Pedro jaietan bete-betean sartuta egon arren, Mundakako kaleetan, ospakizuna usainaz gain, ardura eta haserre sentsazioa ere badago. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak berriki aditzera eman du uztailaren 1etik aurrera udalerriko autobus zerbitzuan aldaketa sakonak indarrean ipiniko dituela. Hain zuzen, Bermeo eta Bilbo lotzen dituen A-3515 ibilbidearen barruan, Bizkaibus zerbitzuek Goiko Kalean geldialdia egiten dute; astelehenetik aurrera, baina, geldialdi hori eta, horrenbestez, garraioagaz erlazionatutako erdigune nagusia herriaren goiko eremura lekualdatu gura du aldundiak. Mundakako zeharbidea bihurtu nahi dute autobus zerbitzuarentzako geltoki nagusi.
Eraldaketa hori “alde bakarrekoa dela eta herritarrei nahiz udal gobernu lantaldeari kontsultatu barik” inposatu gura dutela salatu dute Mundakako udal ordezkariek. Atzo [ekainak 27], hain zuzen ere, herritarrak eta udaleko hiru talde politikoetako (EH Bildu, Herritar Alternatiba eta EAJ-PNV) kideak urgentziazko bileran elkartu ziren, egoera azaltzeko eta mundakarren proposamenak zein ikuspuntua jasotzeko.
“Lekualdatzea herritarren iritzia aintzat hartu barik ezarri nahi den neurria da”
Goiko Kalean hirigintza trabak eta autoen aparkatze desegokiagaz lotutako “trabak” daudela salatu ondoren iritsi da lekualdaketaren ezarpena. Herrian hautsak harrotu ditu. “Lekualdatzea erreakziorako tarte barik egingo dute, hurrengo astelehenean ekin gura baitute; gainera, herritarren iritzia aintzat hartu barik ezarri nahi den neurria da”, adierazi dute udaletik. Aldundiak herrian ibilbide zirkularrak egingo dituen anezka zerbitzua ipini gura du. Izan ere, herrigunetik goiko alderako pasabideak aldapa handia du, “ez dauka inondik inora segurtasun eta irisgarritasun bermerik“.
Geltokitzat ezarri gura duten eremua puntu beltza dela azpimarratu dute, eta mugikortasun murriztua duten herritarrak “zuzenean garraio publiko barik” utziko dituela
Ez hori bakarrik: udaletik argitu dute puntu beltza dela autobusaren geldialdiak kokatu gura dituzten zonalde hori. “Batetik, trafiko aldetik arriskutsua da, ibilgailuen abiadura zein ikusgarritasuna herrigunekoaren bestelakoak baitira; bestetik, erdialdetik urrun egoteak bestelako arrisku motak ere hauspotu egiten ditu; horiez gain, mugikortasun murriztua edota mugitzeko arazoak dituzten pertsonak zuzenean garraio publiko barik utziko lituzke”. Herritarrek, bestalde, beraien beldurra “alde bikoa” dela nabarmendu dute: “Berehalako arazoa ekarriko du neurri bidegabe horrek, baina epe luzera luzatuko den beldur ere bagara; bestela esanda, aldundiak lekualdaketa hori betikotzeko aukera dago, eta ez gaude batere ados”.
Udaleko hiru talde politikoek idatzi ofizial bat kaleratuko dute, eta herritarrei sinadura bilketan parte hartzeko deialdia luzatu diete; gainera, aurreratzean “neurri berriak” hartuko dituzte
Mobilizatzen hasita.
Arazoari aurre egiteko, herritarrek bat egin dute, baita udalean dauden hiru kolore politikoek ere. Atzoko hitzaldi informatiboan euren artean “zenbait desadostasun” daudela aipatuta ere, EH Bilduk, Herritar Alternatibak eta EAJ-PNVk idazki ofiziala kaleratuko dutela aurreratu zuten. Horrez gain, mundakarrak prest agertu ziren sinadura bilketa abiatzeko. Sinadura bilketa hori udalerriko taberna, lokal nahiz komertzioetan egin ahalko dela iragarri zuten. Herritar mobilizazioa, halaber, ez da hor geratuko: aurrerantzean mugitzen segituko direla eta “neurri berriak” hartuko dituztela azpimarratu zuten.