Guztiontzako Herriaren "gobernatzeko ezintasuna" gaitzesi du EAJk
Guztiontzako Herriak ekainaren 12an EAJri eta EH Bilduri leporatutako "blokeo saiakerak" salatu dituzte jeltzaleek. Negoziaketak udal gobernuak hasi behar dituela uste dute, eta Guztiontzako Herriaren "gobernatzeko ezintasuna" gaitzetsi dute.
Gernika-Lumoko udal gobernuak oposizioaren aldetik “etengabeko blokeo saiakerak” sufritzen dituela salatu zuten Guztiontzako Herriaren ordezkariek ekainaren 12ko prentsaurrekoan. Agerraldi haretan, EAJk eta EH Bilduk hainbat proiektu “blokeatu” dizkietela salatu zuten, eta Gernika-Lumoko EAJk “tamalgarritzat” jo du “salaketa” hori.
“Euren ezintasuna eta elkarrizketarako gaitasun eza adierazpen publiko faltsu eta harro batekin estaltzeko saiakera bat izan zen prentsaurreko hura. Erakunde demokratiko baten oinarrizko funtzionamenduaren ezagutza izango balute, jakingo lukete gobernuan dagoenari dagokiola elkarrizketarako eta negoziaziorako bideak zabaltzea akordioak lortzeko. Are gehiago, talde hori gutxiengo nabarmenean dagoenean”, gaitzetsi dute.
Gernika-Lumoko EAJk zehaztu duenez, 2023ko udal hauteskundeen ostean, akordio bat lortu zuten Guztiontzako Herriarekin, eta adostasun hori modu publiko eta nabarmenean hautsi zutela GHkoek salatu du EAJk. “Hortik aurrera, konfiantza politikoa eta personala guztiz apurtuta geratu zen, karguan jarraitzeko asmoarekin umekeriazko aitzakiak baliatuta norbere berba betetzen ez denean gertatzen den legez”, azaldu dute.
Guztiontzako Herriak “babesik ez” duenez, adostasunak lortu beharko dituela gehitu dute EAJkoek. Jeltzaleen ustez, baina, “gehiengo osoa balute bezala gobernatu gura dute, elkarrizketarik barik, ordagoekin eta euren arduragabekeriaren errua oposizioari leporatuz”.
Gobernu taldearen jarrera udal jarduna “ulertzeko modu horren ondorio” dela uste dute, eta euren arabera, horren adierazle dira “udal langileek euren lan giroa salatu izana” edo 2022tik udal aurrekonturik ez izatea.
Argitu dutenez, Gernika-Lumoko EAJk bere hauteskunde programaren eta “uneoro hartutako konpromisoen” arabera ekingo dio aurrerantzean ere. Ekimen politikoa udal gobernuari dagokiola sinesten dute, eta “bere erretorika populista alde batera utzi eta duen ordezkaritza maila oso mugatuak behartzen duen legez umiltasunez negoziatzera jesarri” behar direla uste dute.