Bizkaiko dunen jarraipena egingo du aldundiak
Dunen jarraipena eginez, horiek biodibertsitatearen babesleku klimatiko izateko dituzten aukerak aztertuko dituzte.
Bizkaiko kostaldeko duna habitaten jarraipena egiteko sare bat ezarriko du Bizkaiko Foru Aldundiak, epe luzera mantentzeko asmoz, lurraldeko duna habitaten egoera ezagutzeko eta kostaldeko zentinela zein babesleku klimatiko izateko dituzten aukerak aztertzeko asmoz. Jarraipen hori eginda, leku horietako espezien presentzia eta ugaritasuna monitorizatzeaz gain, duna inguruneen dinamika eta bilakaera ezagutu gura dituzte, bai ingurune naturalaren ikuspegitik, bai espazio horien erabilera publikoaren ikuspegitik.
Jarraipen horren barruan, landaredia kartografiatuko da, flora egituraren eta flora konposizioaren bilakaera eta klima aldaketak dunetan duen eragina aztertuko dituzte. Gero, lurraldean ikusten diren patroi eta fenomeno meteorologikoei buruzko datuen kontrastearekin monitorizatuko dituzte horiek, eta ingurumen arloko kontzientziazio ekintzak eta ingurumen hezkuntzako ekintzak garatu gura dituzte.
Aldi berean, itsasertzeko habitatak lehengoratzeko ekintza ildoen baitan, besteren artean Laga hondartzako dunetan egiten diren jarduerekin batera, aurten landare espezie inbaditzaileak kenduko dituzte Urdaibai ingurutik.
Izan ere, klima aldaketari dagokionez, naturaren, gizartearen eta erabilera publikoaren ikuspegi integrala garrantzitsua da zehazteko ea zein kudeaketa edo egokitzapen neurri ezarri ahal diren eremu horietan. Hala, helburu hori lortzeko, lau ildo proposatu dituzte: habitatetan dagoen floraren egituraren eta konposizioaren bilakaeraren eta klima aldaketak habitatean duen eraginaren azterketa; landarediaren kartografia lau urteren buruan eta ondorengo monitorizazioa, habitatek okupatutako azaleran gerta daitezkeen aldaketak erabileren eta ingurumenaren aldaketekin duten erlazioa ebaluatzea; hautatutako duna sistemen urteko monitorizazioa; eta, informazioa eta ingurumen hezkuntza emateko ekintzak sustatzea, duna habitaten natura ondarea, haren bilakaera eta presio antropikoen eta klima aldaketaren fenomenoaren ondorioz desagertzeko arriskua ezagutarazteko.
Ezarritako lan programa hori, aurreikusitakoaren arabera, aurten hasi eta 2027an amaituko beharko litzateke; 75.000 euroko aurrekontua dauka. Epe horretan, beste proiektuen artean —Barbadungo eta Astondoko—, Lagako dunen flora egituraren eta flora konposizioaren bilaera aztertuko da 2026an, eremu hori kartografiatuz. Duna horiek guztiak Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremuetan daude. Aurreikusitako programa horretan, azken urtean, hiru duna sistemen ebaluazio integrala gauzatuko dute, eta zabalkunderako eta ingurumen hezkuntzarako ekintzak garatuko dituzte. Eta, era berean, klima aldaketak Bizkaiko duna habitatetan duen eraginaren ondorioak zehaztuko dituzte.
Inbadintzaileak kentzeko lanak Urdaibain.
Programa horrez gain, aldundiak landare inbaditzaileak kenduko ditu aurten Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik, zehazki, Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak duten kontserbazio bereziko eremuetatik.
Ingurumena leheneratzeko jarduerok Mundakako itsasadarreko estuarioan eta paduretan barneratuko dira, eta jarduketak garatzeko, fasekako hedapena diseinatu dute, batez ere ingurune naturala eta habitat basatiak eraldatzen dituzten bi espezie inbaditzaile kentzeko: txilka eta panpa lezka. Bi horiek eremu “zabala” inbaditu dutenez, eta lanak eskuz zein ingurumenean eragin txikia duten teknika “bigunekin” egingo direnez, jarduketa sektoreka egingo da. Hala, aurten lau eremutan jardungo dute: Kanalako hareatzan, Axpeko hareatzan, San Kristobaleko hareatzan eta itsasadarrean osatutako kanalaren ingurunean (Arratzu, Forua, Gernika-Lumo, Kortezubi eta Murueta).
Hurrengo etapetan, paduretako beste sektore batzuetan egingo dute lan, eta egin diren beharren errepasoa egingo dute, landareen ahalmen begetatiboa agortu bitartean. Gogoratu dute, aurretik ere, hainbat espezie inbaditzaile kenduak dituztela Urdaibaitik. Laga hondartzatik, esaterako, asto belarra eta Afrikako bitxilorea kendu zituzten.