Guztiontzako Herriak ez dio LABen bilera eskaerari erantzun
Gernika-Lumoko udal langileek bizi dituzten egiturazko arazoak salatu ditu, beste behin, LAB sindikatuak. Ekainaren 11ko prentsaurrekoan bezala, udal gobernuaren kudeaketa gaitzetsi dute.
Gernika-Lumoko udal langileen egiturazko arazoak “areagotu” egin direla salatu zuten udal langileek hilabete hasieran–ekainaren 11an emandako prentsaurrekoan–. Momentuz, egoerak berdin jarraitzen du, eta LAB sindikatuak egoera salatu du, berriz ere.
Sindikatuaren arabera, “ez da bat ere erraza” barne mailan gertatzen ari diren gauzak azaltzea. Zehaztu dutenez, udaletxeko barne prozedurak eta funtzionamenduak “ez dira hamarkadetan berritu”, eta erabakiak hartzeko “modu pertsonalistak” egungo egoera politikan “egoera zuzena” duela argitu dute.
“Langileekiko ardura falta aspalditik datorren gaia da. Langileria arloko gaiak pilatuta daramatzate urte mordoa, eta hala ere egoerak okerrera egin du azkenengo urteetan. Alde bakarrez hartzen dira erabakiak eta negoziazio markoen geldiunea nabarmena da. laz grebara joan behar izan ginen geldialdi egoeraren aurrean eta, momentuko arazoa bideratu bazen ere, egiturazko arazoak bere horretan mantentzen dira”, azaldu dute.
“Jakin dugunez, alkatea kartelak kentzeko agintzen dabil udal langileei. Ekintza sindikalaren eta adierazpen askatasunaren kontrako jarrera hartu du”
Ekainaren 11ko prentsaurrekora horrenbeste langile hurbildu izana egoeraren “erakuslehio ezinhobea” dela nabarmendu dute sindikatutiuk. Jakinarazi dutenez, prentsaurrekoa bukatuta, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño bajatu zen hitz egitera, eta “negoziatzen jarraitzeko nahia” adierazi zuen Oizmendi telebistaren kamera aurrean.
Sindikatuak, baina, alkatearen hitzak gaitzetsi ditu. “Negoziatzen jarraitzeko noizbait negoziatu behar izan da. Noiz negoziatu du gurekin? Noiz bildu da langileekin dagoen egoera aztertu eta konponbideak bilatzeko? Ekainaren 14an bilera eskaera bat egin genien Jose Mari Gorroño, Iñaki Gorroño eta Nerea Revueltari, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
“Jakin dugunez, alkatea kartelak kentzeko agintzen dabil udal langileei. Ekintza sindikalaren eta adierazpen askatasunaren kontrako jarrera hartu du”, salatu dute sindikatutik.
LABetik udal langileek adierazitako hurrengo eskaerak berresten dituzte: 2019ko lanpostuen balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea; 2020ko txostenean adierazitako arazo estrukturalei irtenbidea emateko, epe eta neurri zehatzak dituen plan integral bat negoziatzea eta ezartzea; hutsik eta baja egoeran dauden postuak betetzea eta, era berean, pertsonal-saila premiaz indartzea; egonkortze prozesua garaiz eta era egokian bideratzeko behar diren baliabideak ziurtatzea; barne-sustapenak aktibatzea epe negoziatu eta argi batekin; giza baliabideen plan bat osatzea erretiroak planifikatu eta belaunaldi aldaketarako formulak negoziatzeko; eta udal lan talde osoaren azterketa psikosoziala burutzea.
Geldialdi honetatik ateratzeko bide berriak jorratzen hasiak dira LABekoak, eta horrela jarraitzeko prestutasuna adierazi dute. “Langileria politika berria orain” lelopean zabaldu dute egoeraren azalpena.